bannerbanner



Brian Currin: “Mesedez, ez ezazue galdu itxaropena”

2010.05.31 (10:48 am)
Maialen Lizarralde
Maialen Lizarralde, Lokarri

Joan zen maiatzaren 19an Brian Currin abokatu hegoafrikarrak Lokarrik eta Fundació per la Pau-k antolatutako hitzaldia eskaini zuen Bartzelonan. Bertan, 90 bat lagunen arretapean, Euskal Herrian bakea lortzeko aukeren inguruan aritu zen hainbat gatazketan eskarmentu handiko abokatu hau.

Ezker Abertzalearen barne-eztabaidan egin duen lana gogorarazi ondoren, ilegalizazioak ekarri zituen oztopoak nabarmendu zituen: “ezin da bake prozesu arrakastatsurik egon ilegalizazioak dakartzan ondorioekin”. Ezker Abertzaleak egindako pausoen garrantzia berretsi zuen. ‘Zutik Euskal Herria, Iruñeko Adierazpena edo Bruselako Adierazpenak irekitako bideak 3 gauza lortzera eraman du Ezker Abertzalea: 1) babes soziala lortzea, 2) beste alderdiekin konfiantza garatzea eta 3) indarkeria-ezarekin aldebakarreko konpromiso atzeraezina.

ETA su-eten inplizitu batean egon daitekeela esan zuen Currinek: “asko harrituko ninduke orain atentatu bat egingo balute”. Ezker Abertzalea ETA konbentzitzen ari dela esan zuen indarkeria uzteko.

Currinen ustez, unea iritsi da Madrilek pausoak eman ditzan: Ezker Abertzaleko buruak askatu bide berri honetan lan egin dezaten, presoak hurbildu, Batasuna legeztatu… Zapateroren “ibilbide interesgarriaz” aritu zen eta “bakearen presidente” bezala ikustea gustatuko litzaiokeela azaldu zuen: “berak ez badu egiten, hurrengo presidenteak egingo du”.

Galdera eta hausnarketen unean hainbat ideia atera ziren zinez plurala zen publikotik, non ETAren biktimak, Ezker Abertzaleko edo PSOEko kideak bildu ziren: sinesgarritasun gabezia, epeen malgutasun beharra, presoen garrantzia prozesuan parte har dezaten, prozesuaren izaera irekiaren garrantzia, biktimen mina eta haserrea…

Hala borobildu zuen Brian Currinek hitzaldia: “Mesedez, ez ezazue itxaropena galdu. Eskerrik asko eta zorte on.”