bannerbanner



“Ordutik ez diogu hitz egiten elkarri…”

2011.06.02 (12:47 pm)

Maialen Lizarralde
Maialen Lizarralde, Lokarri

“En escenarios de conflictos profundos, las palabras y las promesas no constituyen una medida adecuada de que se ha producido un cambio genuino. Las acciones, actitudes, respuestas y conductas de la población sí que lo son” (Lederach, 2007: 99)

Lokarrik bake prozesuaren Tokiko Behatokientzako topaketa parte-hartzaileak proposatzen ditu geure herrietako bizikidetzari buruz hausnartzeko.

Gatazkari buruz hitz egiten dugunean, modu abstraktuan egiten dugu askotan, politikoek, instituzioek edo talde sozialek egiten dutenaren edo egin beharko luketenaren inguruan iritzia emanez. Gatazka politiko orok eragiten du ordea gizarte-ehunean eta zu edo ni bezalako pertsonen eguneroko harremanetan: badira zenbait kaletatik igarotzea ekiditen dutenak, edo norbaitekin hitz egiteari uzten diotenak hark gertakari politiko baten aurrean izan duen jarrerarengatik, edo iritzia ematera ausartzen ez direnak tentsioa sortzeko beldurrez. Desadostasun ideologikoen edo bortizkeria gertaeren aurrean barneratu eta normalizatzen ditugun eguneroko jarrerak dira.

Lokarritik zera proposatzen dugu: lupa eskuetan, gutako bakoitzak gertakari politikoren batek (atentatuak, atxiloketak, torturak, kale borroka, ilegalizazioak, ETAren su-etenak…) gure eguneroko harremanak eragin dituen egoera zehatzen bat identifikatu dezakegula behatzea. Gogora ekartzea da xedea, geure buruei gertakari hauek herriko egunerokotasuna (okindegian, tabernetan…), familia, lana edo lagunartea nola baldintzatu duten galdetuz.

Jarrera egokiak diren ala ez epaitzeko asmorik gabe, gatazka politiko batek gizarte-ehunean, eta beraz, bizikidetzan nola eragiten duen jarri nahi da agerian, memoria ezberdinak entzunez eta, hala, hobetzeko zer egin dezakegun hausnartuz. J.P. Lederach-ek dioen bezala, “konplexutasunaren erraztasuna” antzematean datza, gatazka egoeretan emozio eta sentimenduak barne hartzen ditzuten prozesu pertsonalak identifikatzen dituena, askotan eremu honetako adituek alderatzen dituztenak.

Jasotako hausnarketekin eta galdetegiaren erantzunekin, Lokarrik 2011ko udaberriari dagokion bake prozesuaren Behatoki Sozialaren Txostena egingo du.

Parte hartzeko gogoz al zaude zure hausnarketa konpartitzeko? Ongi etorria izango zara antolatuta dauden edozein bileretan.

Bilera bat antolatu nahi al duzu? Kasu honetan, Lokarrik dena erraztuko dizu: dinamika, beharrezkoa den materiala, dinamizazioa behar izan ezkero… Lagun-talde bat bildu (gutxienez 4-5 pertsona), data eta tokia zehaztu eta nafarroa@lokarri.org helbidera idaztea besterik ez duzu.

Bietan gaitz

2010.02.15 (10:11 pm)

Mikel Bujanda, kazetaria

Hitz egiteak merezi ote duen zalantzaka somatu dut baten bat. Jakina merezi duela. Gerta liteke itxia dagoen ateren batean zirrikitua zabaltzen hasteko lagungarri izatea.

Dena esana dagoela dirudienean, berriro abiapundura jo behar da, hastapenetara. Harira joan eta hamaika bider esana dagoena behin berriro argiro esan.

Tortura arbuiagarria da. Espainian estrukturala da tortura. Epaileek eta kazetariek babestua dago. Batzuk justifikatu ere egiten dute, horrekin kalte handiagoak ebitatu daitezkelakoan.

Lotsagarria da. Gaitzetsi egin behar da tortura. Baldintzatzailerik gabe.

Torturaren salaketa egitea ETAri indarra ematea iruditzen zaizu zuri. Ez luke horrela izan behar. Baina hala izateko posibilitatea balego ere, horrek ez lizuke salatu beharretik esimitituko. Biktimen sufrimenduarekin egiazki bat egiteko sentiberatasuna duenak ez dezake inoren tortura onartu, are gutxiago desiatu. Erraz daukazu: mintza zaitez torturaren aurka eta esan ezazu esplizitoki zure salaketa hori ez lukeela inork ETAren indarkeriaren justifikazio gisa erabili behar.

Zuk aldiz, tortura salatzen duzu; hurbileko esperientza lazgarri batzuren ezagutzaile zara. Tortura pairatu duen horrekin solidario zara. Bihotzetik gaitzesten duzu, zinez eta zintzo. Zure salaketa horrekin ETAri laguntzen omen diozu. Ez luke horrela izan behar. Horrela bada, zure salaketak sinesgarritasuna du eskas. Tortura salatzen baituzu, ez ordea ETAren bortizkeria. Indartsuago eta sinesgarriago da torturaren salaketa, horrekin batera indarkeria moeta oro zinez salatuz gero.

Besteak torturak ez salatzea ez da baliozko arrazoi zuk ETArena ez salatzeko.

Torturen errealitateak ez luke balio behar ETAren indarkeria justifikatzeko.

Tortura salatu beharra dago, besteak beste, torturaren esistentziak, hala izan behar ez balu ere, praktikan ETAri indarra ematen diolako.

Elementala da, erraza da. Mintza gaitezen Seguritate indarrek baliatzen duten torturaren aurka. Mintza zinez ETAren indarkeriaren aurka. Mintza pertsona guztien eskubide guztien alde.

Egizu bietan bat, komentzimenduz eta komenientziaz. Emaiozu koherentzia eta balioa zure salaketari, indarkeria guztiak salatuz.

Zu zara nire zapaltzailea!

2010.02.12 (8:38 am)

Maialen Lizarralde,  partaidetza arduraduna Lokarrin

Oihanaren mutil-laguna atxilotuta dago mugimendu politiko baten militante izateagatik, inkomunikatuta, abokatu eta medikurik gabe. Jabi bizkartzainarekin bizi da, mehatxatuta eta beldurrez. Auzokideak dira. Eta gurutzatzen direnean mespretxu begirada botatzen diote elkarri. Jabik ezin du jasan Oihanaren bikotearen argazkiak kalean ikustea, ez du ulertu nahi, ez da justua eta kitto. Oihana isildua eta iraindua sentitzen da, badaki Jabirentzat legezkoa dela bere bikotearen egoera, eta min ematen dio, amorrua. Biak zapalduak… eta elkarren zapaltzaileak?

Zapaldu/zapaltzaile ereduak Paulo Freire pedagogo brasildarrari zor dizkiogu, hezkuntza askatzaile bat sortu zuena zapalduek binomio hau gaindi dezaten. Bere garaian, noski, oso argi zegoen: landatarra/jauntxoa, ikaslea/polizia, langilea/ugazaba… Baina hemen eta orain? Pedagogia hau antzerkira eraman zuen Augusto Boalek erantzun zion galdera honi: hemen (Europan esan genezake), zapaltzailea barruan dugu. “Buru barruko polizia” izena jarri zion. Gizenak gaudela esaten digu, inorekin ez fidatzeko, min emango digutela, beldurra sartzen digu, berekoikeriaz jokatu behar dela esaten digu irentsi ez gaitzaten…

Jabiren zapaltzailea Oihana al da, eta alderantziz? Edo belarrietan tapoiak jartzen dizkigun barruko polizia hori da? Bihotza hozten diguna, itsutzen gaituena? Hitz bitan, nor da benetako etsaia?

Arazoak ez dira pertsonak, barruan ditugun zapaltzaile horiek baizik. “Zu zara nire arazoa!” arrazoibidea gainditu behar dugu, eta “zapaltzen zaituen hori da nire arazoa” esaten hasi. Are gehiago, “zapaltzen zaituen hori gaindituko dugu elkarrekin, ni ere zapaltzen nauelako” adierazi beharko genuke. Utopikoa? Utopikoa horrela jarraitzea litzateke, mina eta amorrua etengabe elikatuz, irteerarik gabeko bide ilun honetan noraezean ibiliz, estropezuka.

Lehendakariak, torturatzaileak, militanteak, okindegikoak, kazetariak, Oihanak, Jabik… denok dugu gure zapaltzailea barruan sustraituta. Eta eginarazten digunaren erantzule gara “buru barruko polizia” hori deuseztatzen ez dugun heinean. Aska gaitezen, behingoz, bestea etsai bezala ikusarazten dizkigun kateetatik.