bannerbanner



Elkarrizketa mahaiaren itzala

2011.04.27 (9:37 am)
Txoni de Souza
Dionisio Benito,
kriminologoa

Euskal gizartean azken denboraldi honetan, jendearen iraunkortasunari esker, bilakaera Euskal Herrian bizitzen ari garen bake prozesuaren bermatzaile garraintzitsuenetako bat da eraiki nahi den aberri eraikuntza lortu ahal izateko. Beraiek, “nortasun taldeek”, lan egitura  trebeak erabiliz kultura demokratikoa eta elkarrizketaren bitartez bizi dugun “gatazka” eraldatu dute bake iraunkorra lortzeko eta erabakitzeko eskubidea izateko.

ETAk su-etena aitortu zuenetik, nortasun taldeek behin eta berriro erakusten dute publikoki zein den benetazko borondatea eta noraino iritsi nahi duten gizarteak aldarrikatutako helburuak lortzeko. Garrantzitsua da onartzea gatazkan barne dauden egileek arazo bat dutela aitortzen dela eta, zentzu horretan, parlamentua osatzen duten beste agenteek, politikoek, elkarrizketaren borondatea eduki behar dute hitzaldi-mahai bat osatu eta dauden ahots guztiak entzun ahal izateko. Hitzaldi-mahai baten benetako oinarria abeniko-giroa lortzeko, indarkeria guztien amaiera garaitu ahal izatea eta “ahotsik gabekoen ahotsa” entzutea da. Kasu honetan, Ezker Abertzaleak legeztatua izan behar du, zalantzarik gabe, behingoz gure gizartean hitz egiteko eskubidea izateko.

Gaur egun esan genezake “adiskidetzearen” aurreko pausoan gaudela eta, horregatik, beharrezkoa da indar guztien elkartasuna izatea hau guztia lortzeko. Nabari da azken bi urte hauetan ETAren aldetik gogorkeriarik gabe gabiltzala. Kriminalitate datuen estatistikak horrela adierazten du. Horrexegatik, aitzakiarik gabe, zentzu handiko aro batean gaude derrigorrez aurrerakada pausoak emateko. Harresi hori oztopo bezala bidetik kentzeko eta “adiskidetzearen” mementora iristeko, hainbat gauza argi utzi beharko genituzke: biktima guztien oroimena eta eragindako kalteak konpontzea, “menderatuak” eta “garaileak” ez dira egon behar sufrimendu gehiagorik ez berpizteko. Tamalez, lehen mailako eta bigarren mailako biktimak egotea gogaikarria da gure gizartean gizakiaren ahulezia ohartarazten digutelako beti, eta jakinda urte hauetan guztietan nola gertatu izan diren egitate traumatiko guztiak, era batean edo bestean, adierazten digute zein den benetako gordintasuna. Biktimak guztiak ezagutu, aitortu eta gogoan hartu behar dira. Beste aldetik, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen (HNT) gainbegiratu lana apartekoa eta funtsezkoa izango litzateke  “gatazka” konpondu eta lagundu ahal izateko.

Ez da zuzena esatea “garaileak” eta “menderatuak” egon behar direla bake prozesu honetan. Orain arte, azkeneko 50 urte hauetan, tamalez, era batean edo bestean, “menderatuak” egon dira beti, hain zuzen ere, gaur egun gurekin ez daudenak. Eta “garaileak” izan beharko ginateke gaur egun oraindik bizirik eta aske gaudenok.

Nortasun taldeek gizartearen ahotsa bultzatu nahi dute, benetako botoa, politikoek horrela ulertzeko eta herri bat garela ez ahazteko.

Konfidantzarekin, iragana zein den ikusteko eta etorkizuna erabakitzeko elkarrizketa-mahai batean eseritzeko artigasuna behar dugu bai ala bai daukagun bake prozesu hau betiko ez itzalteko.

Zein da zure iritzia ETAren su-etenaz?

2011.01.14 (2:26 pm)
Lokarri, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sarea

Nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkorraren ETAren iragarpenaren ondotik, gertaera horretaz gizarteak dituen iritziak ezagutu nahi ditu Lokarrik. Horregatik, Bake-prozesuaren Behatoki Sozialaren galdetegi labur hau prestatu dugu su-etenaren adierazpenari buruz.

Beste behin ere, zuen jarrerak eta ekarpenak bildu nahi ditugu jakinik ETAren agiriak gizarteak denbora luzez aldarrikaturiko indarkeria-eza eta bake eskaerari erantzuten diola neurri handi batean. Galdetegia erantzuteko epea urtarrilaren 20an, ostegunean, bukatuko da.

Brian Currin, hedabideetan

2010.11.15 (5:10 pm)

Munduko hainbat bake-prozesutan erreztaile lanetan jardundako Brian Currin abokatuak Harremanetarako Nazioarteko Taldearen eginkizun eta funtzioa zeintzuk diren aurkezteko berriki Bilbon egin duen bisitaldian, zenbait elkarrizketa eman zituen hainbat hedabideren eskaerari erantzunez. Jarraian,  elkarrizketa horietako batzuk eskaintzen ditugu:

Beste aro baten hasieran

2010.09.06 (2:41 pm)

Rebeka Ubera, Aralarreko Antolaketa Idazkaria

Irailaren 5ean, berri garrantzitsu bat izan dugu gure artean, nire uste apalean, behintzat, oso garrantzitsua, eta pozez hartu beharrekoa. Nahiz eta egia izan ez dela izan espero genuena, eta herritarrengan ez duela ilusio gehiegirik sortu. Hau da, agente garrantzitsuenek, hots, herritarrek, itxaropen handia zutelako. Eta aitortu behar dugu alderdi politikook zer esan handia izan dugula, beste eragile batzuekin batera, desilusio hori eraikitzen. Hala ere, pentsatzen dut alderdi politiko eta politikariengan dagoen desprestigioa gehiegizkoa dela, eta politikan ere orotariko pertsonak aurkitzen ditugula: langileak, alferrak, interes orokorren alde dihardutenak edo eta interes partikularren menpe dihardutenak. Baina, tira, atzoko berriak garai berrien atarian jartzen gaitu, eta helmuga izan beharrean abiapuntua izan behar du. Akuilua suposatu behar du guztiontzat, itxaropena oinarri izanik, orain arte egindako bakegintzaren eta normalkuntzaren alde gauzatutako lanari jarraipena emateko, oraindik eta gogo gehiagorekin. Eta ez bakarrik alderdi politikook, baita eragile desberdinak ere: elkarte, sindikatu, mugimendu, herritar xumeak. Denon artean, denontzako. Lagundu egin behar dugu bakegintza bidean urratsak ematen, azken helburua lortu arte. Eskuzabaltasunez jokatu behar dugu.
Orain bada garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko, hizkuntza dialektikak alde batera uzteko eta ekintzen bidez erakusteko zeintzuk diren gure benetako helburuak. Zer egin handia daukagu aurretik. Erronka polita bezain gogorra. Baina garbi izan behar dugu gatazka politikoa ez zela hasi ETArekin eta ez dela ETAren amaierarekin bukatuko. Desberdindu behar ditugu gatazka armatua, nolabait esatearren, eta gatazka politikoa. Garbi dago gatazka politikoak jarraituko duela. Nahiz eta, oraindik ere, gatazka armatuaren bukaeraren hasieran besterik ez gauden. Beraz, urratsez urrats, poliki, zuhurtziaz, gauzak ondo eginez, baina tinkotasunez.

Eta bide horretan ezin gara ahaztu pertsonez, alde bateko zein besteko pertsonez, praktikara eramaten ditugun urratsek pertsonak izan behar dituztelako ardatz. Giza eskubideak.

Herri honetan, dagoeneko sufrimendu gehiegi egon delako eta oraindik ere dagoelako, alde guztietan. Hor ditugu presoak, biktimak, kaltetuak…

Ondorioz, eman daitezkeen urratsak edota emango diren urratsak kromo trukaketatik kanpo geratu behar dira, alderdi interesetatik, gobernu interesetatik kanpo geratu behar dira, bestela ezartzen joango garen lur-zorua ez delako sendoa izango. Ezin ditugu lehengo akatsak errepikatu, honek guztiak itzulezina izan behar duelako. Herritarrak inplikatzea lortzeko, herritarrekin bidea egiteko, ilusioa pizteko.

Errealitatera bueltatuz, eta hankak lurrean jarriaz… Hau guzti hau oso ondo dago, baina ekintza konkretuetara pasaz, eta orain zer? Hasteko, urrats hauek aipatuko nituzke, bederen:

1.-Legalizazioa ez litzateke izan behar trukerako txanpona. Ez dagoelako pertsona ilegalik, ez dagoelako kolektibo ilegalik. Giza eskubideetan eta printzipioetan oinarritutakoa delako. Oinarri demokratikoetako minimoa delako legalizazioa. Beraz, ildo horretan, Batasuna legala izan beharko litzateke.

2.-Eman beharreko beste pausu bat ETAren aldebakarreko eta behin betiko su-etena da, ordainik gabekoa.

3.-Euskal preso politikoak, lehen fase batean, euskal kartzeletara ekarri, helburua amnistia izanik.

Beraz, izan gaitezen ausartak, begira dezagun atzera lehengo akatsetatik ikasteko eta, begirada etorkizunean jarrita, har dezagun denok ilusioz beteriko motxila eta has gaitezen ibiltzen pausoz pauso ondoan ditugunei eta hain hurbil ez ditugunei ere eskua luzatuz.

Bruselako Adierazpenaren hogei sinatzaileak

2010.04.21 (12:57 pm)

Guztiek parte hartu dute gatazkak konpontzeko prozesuetan, eta orain gauza bera  egiteko ahaleginean, elkartu egin dira euskal gizarteari sostengua emanez Bruselako Adierazpenaren bidez. Baina, nortzuk dira bakerantz aurrera egiteko aukera garrantzitsua zabaldu duten 20 sinatzaile horiek?

Nelson Mandela Fundazioa

Desmond Tutu. Bakearen Nobel sariduna, 1984. Hegoafrika.

Frederik W. De Klerk. Bakearen Nobel sariduna. Presidente-ohi hegoafrikarra.

Mary Robinson. Irlandako presidente-ohia.

John Hume. Bakearen Nobel sariduna. Irlandako Ostiral Santuko Akordioetan parte hartu zuen.

Albert Reynolds. Irlandako lehen ministro-ohia.

Jonathan Powell. Tony Blair lehen ministro-ohiaren Gabineteko burua.

Nuala O’Loan. Herriaren lehen defendatzailea polizia gaietan Ipar Irlandan.

Raymond Kendall. Interpol-eko idazkari nagusi-ohia.

Betty Williams. Bakearen Nobel sariduna Irlandako gatazka gainditzeko bere lanarengatik.

Denis Haughey. John Hume-n laguntzailea.

Aldo Civico. Nazioarteko Gatazkak konpontzeko Zentroaren zuzendaria, Columbiako Unibertsitatean.

Sheryl Brown. AEBetako Bakerako Institutua, Washington DC.

Andrea Bartoli. Gatazken Konponketarako Institutua, George Mason Unibertsitatea, Washington DC.

Alan Smith. Unesco Katedra Bakerako Hezkuntzan, Ulster Unibertsitatea.

Christopher Mitchell. Gatazken ikerketa. Gatazken Azterketa eta Konponketarako Institutua.

John P. Linstroth. International Peace Research Institute, Oslo.

Hurst Hannum. Nazioarteko Zuzenbide irakaslea. Tufts University.

Jhon Etchemendy. Administradore akademiko  nagusia Stanford Unibertsitatean.

William Kelly. Archive of Humanist Art.