bannerbanner



Rajoy eta txanponaren bi aldeak

2011.11.28 (9:55 am)

Xabier Letona, Argiako zuzendaria
Xabier Letona, Argiako zuzendaria

Ez da samurra irudikatzea pasa berri diren hauteskundeen ondoren nola garatuko den Euskal Herriko bake prozesua, eta pentsa liteke, nagusiki, hauteskundeen aurretik indarrean zegoen bide-orri bati jarraituko diola. Orain arte, berau ezker abertzaleak aldebakarrekoz egindako bidea izan da eta bide horren gailurra izan zen ETAk borroka armatua behin-betiko utziko zuela iragarri zuen urriaren 20ko agiria. Beste aldean ere mugimenduak izan daitezen ordua da.

Aieteko Nazioarte Konferentziak argi zehazten zuen moduan, orain bi esparru garrantzitsuri heldu behar zaie: gatazkaren ondorioei eta arazo politikoei. Arazoen ondorioei dagokion eremu horri heldu beharko dio PPren gobernuak, eta lehenik eta behin presoen eremuan. Prozesu luzea eta korapilatsua izango da, baina berau diseinatzea da kontua eta gero indarrean jartzen hastea: preso gaixoak askatzea, Parot doktrina indargabetzea, presoak Euskal Herrira edo inguruetara hurbiltzea, odol deliturik gabekoak askatzea… eta azkenean odol delitu eta zigor luzeak dituztenak.

Hainbat eratan egin daiteke hori guztia, logikoena izango litzateke urrats bakoitza bake prozesua sendotze aldera egitea, baina ez dago horren bermerik. Biderik okerrena litzateke presoak eta iheslariak hemen zabaldu den prozesu politiko berrian eragiteko erabiltzea. Eta horra beldurra: orain arteko gatazkan erabili baditu, zergatik ez orain? Arriskuetako bat hori da, espero dezagun nazioarteko laguntzaile eta bitartekarien indarrak eta euskal gizarteko kontsentsu handi batek ez baimentzea horrelakorik.

Baina txanponak bi alde ditu. Bata, Mariano Rajoyk ETAren agiriaren osten erakutsitako zuhurtasuna, eta horrek ematen du baikortasunerako esperantzarik. Bestea, hauteskundeen ondoren Amaiur-ekin ez hitz egiteko hartutako erabakia. Zein alde gailenduko da? Edo alde biekin arituko da Rajoy?

Oposizioaren lana bederen alde izango bide du, ez dirudi PSOEk gain honekin odolik egingo duenik, eta logikoena PPrena lana sostengatzea litzateke. Espainiak, gainera, badu zertaz arduratu krisiarekin Euskal Herrian ere indarrak xahutzen ibiltzeko moduan. Baina arazo handien aurrean, gobernuek sarri erabiltzen dituzte kohesio osagaiak, eta horietakoa izan daiteke baita ere separatistei aurre egitearena.

Gatazkaren ondorioenak du lehentasuna, baina arazo politikoa ere hor da eta Euskal Herriko kultura politikoen arteko oinarrizko akordioa ere lortu beharko da epe ertainean. Hori ere gaurtik hasiko da lantzen, baina ezin ukatu bultzada berezia hartuko duela Eusko Legebiltzarra berritzen denean, bera baita egun errealitateari erantzuten ez dion erakunde bakarra.

Pentsa liteke instituzioek hartuko dutela beren gain normalizazio politikoa gauzatzearena, baina oso garrantzitsua litzateke normalizazio hori ez mugatzea horretara eta gizartearen zabalak parte hartu ahal izatea bestelako foro edo moldez. Hau ez da alderdien gaia bakarrik, euskal gizartearena baizik, eta bere sozializazioan nola sakondu emaitzak ere halakoak izango dira. Euskal gizarteak bloke gisa bultzatzen badu bake prozesua, Madrilek galga dezake, baina ez geratu.

Legeztapena

2011.02.01 (9:53 pm)

Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea
Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea

Hurrengo aste eta hilabeteak erabakigarriak izango dira. Legez kanpo dagoen ezker abertzaleak bere estatutu berriak aurkeztuko ditu. Alderdien legea zintzo asko beteko dute. Legeztatuko al dute? That’s the question. Horren arabera Euskal Herriko panorama politikoa dezente alda daiteke. Estatutu horien edukia jakin baino lehen, Perez Rubalcaba, Ramon Jauregi eta Conde Pumpido, besteak beste, garbi mintzatu dira: “Edo ETA behin betiko desagertzen da edo ETArekin duten harreman oro hautsi behar dute. Bestela, jai daukate”. Jomuga garbia dute hitzok: epaileen lana baldintzatzea, agenda euren terminoaren arabera mugatzea. Estatu-arrazoiak arrazoiaren indarraren gainetik. Estatuaren arrazoia menderatzeko ez da aski arrazoia izatea, ordea. Arrazoi izatea bezain garrantzitsua da arrazoi horiek behar bezala defenditzen jakitea, modu koherentean, logika erabiliz, jendaurrean eta konplexurik gabe, han eta hemen.

Alderdi berria legeztatzeko egongo diren eragozpenak handiak izango dira, baina lege horren kontra dauden guztiak gai izango balira oinarrizko estrategia bat adosteko eta aurrera eramateko, helburu hori gauzagarria dela iruditzen zait.

Hamarnaka arrazoi egon litezke Batasunak ordezkatzen duen sektore politikoaren legeztapena defenditzeko. Nire ustez, edozein demokratak onartzeko modukoak dira ondorengo hiru. Bat: demokrazian aukera-berdintasuna bermatzea guztiz oinarrizko printzipioa da. Bi: egoera berri honetan mintzakide ofizialak behar dira (nola sina litezke akordioak legez kanporatutako ordezkariekin?) eta hiru: gaur egun dagoen argazki instituzionala ez dator bat gizartearekin.

Legez kanporatutako ezker abertzaleak soilik baliabide demokratikoen alde egin duen apustua eta bortxakeria forma ororen errefusapenaz sinatu duen adierazpena “ez dira aski” alderdien legea defenditzen dutenentzat. PSOE eta PPk ETAren gaitzespen esplizitua nahi dute. Nik ez dakit zer esango duten alderdi politiko berriaren estatutuek horren inguruan. Ideiarik ere ez daukat. Agian sorpresak egongo dira. Baina, hiru galdera xume dauzkat: noiz gaitzetsi du PPk frankismoa esplizituki? Noiz azaldu du alderdi berak gutxieneko begirunea matxinada faxista hark erail edo errepresaliatu zituen ehun milaka biktimaren senideekiko? Noiz arte zuritu behar du PSOEk Gonzalez jaunak GALen auzian izan zuen erantzukizuna?

30 urteko ibilbidea
Bitxia da gero gauzak nola aldatu diren azken 30 urteotan. 80ko hamarkadan HBk ordezkari dezente zituen instituzioetan, baina ez ziren ohikotasunez joaten erakunde horiek “nazionalak ez zirelako”. Orduan, gainerako alderdiek hauxe zieten: “zatozte hona eta defenditu zuen printzipioak”. 90ko hamarkadan parte-hartzea areagotu egin zen guztiz normaldu ez bazen ere. Bizkitartean, gatazka politikoa usteltzen eta euskal gizartea aspertzen ari zen. 2003an “zatozte hona” zioten berberek “zoazte hemendik” esaten hasi ziren. Alderdien legea etorri zen eta horrekin batera 2004az geroztik ezagutzen dugun egoera anormala hau. ETAk lehenago utzi behar zuela bere jarduera? Guztiz konforme. Oraingo su-etena hau berandu datorrela. Ados. Baina gauza jakina da: baleuko eta balitz elkarren ondoen dabiz.

2011n gaude. Egoera objektiboki desberdina da. Printzipio demokratikoetan sinesten duten eragileek oinarrizko prozedura batzuk adostu, euren interes partikular eta legitimoak alde batera utzi eta ondorengoa aldarrikatzeko gai izan beharko lukete: “Honaino iritsi gara; gehiagorik, ez”. Ozen, sinetsita, erabakimenez. Era horretan agenda politikoa ez lukete bakarrik Rubalcaba, Raxoi, Patxi Lopez, Basagoiti, Jauregi eta enparauek mugatuko.

Duela gutxi Manuel Azañaren heriotzaren 70. urtemuga izan da. Bera izan zen Espainiak demokratikoki hautatu zuen Errepublikako azken presidentea. Mingarria eta esanguratsua oso da ikustea nolatan Espainiako ezkerrak baztertu duen haren irudi eta ekarpen intelektuala. Izquierda Republicana alderditik Espainiako presidente izan baino lehen, Manuel Azaña kartzelan egon zen. Orduko eskuindarren jazarpen ideologikoa jasan zuen. Alcala de Henareskoa zen bera, baina Bizkaitik hautatu zuten diputatu 1933an. Hizlari trebea oso zen. Eskuinak ez zion inoiz barkatu jendea mugiarazteko zuen ahalmen berezia. Gogoeta interesgarri franko utzi zituen. Politikaria baino lehen pentsalaria eta idazlea izan zen. 1930ean, Madrilgo Ateneoko presidente zelarik, estatu laikoaren aldeko defentsa sutsua egin zuen. Hitzaldia harribitxi honekin biribildu zuen: “lagunok: askatasunak ez gaitu gizakiok zoriontsuago egiten; ez, soil-soilik gizaki egiten gaitu, gizaki”.

Legeztapena orain lortzea betebehar demokratikoa da, printzipio kontua. Eskubide guztiak guztientzat. Askatasunaz ari gara, gizaki egiten gaituen horretaz, hain zuzen.

Jende orok nahi al du bakea? “Nor eta nola”ren arabera

2010.07.07 (12:52 pm)

Nynaeve, La Rueda del Tiempo

Francoren bakea adibide dugu. Ezin ukatu bakea urte luzez iraun zuenik. Jakina, disidentzia oro garbituz. Hauxe besterik ez, Mayor Orejak nahi duena, adibidez. NickNeuk La Rueda del tiempon jaso zituen duela gutxiko adierazpenak. Hor argi azaltzen du gatazkaren konponbiderako atea zabalik izatearen arriskurik handiena, zera da; “onik” burutuz gero ETAk politikan jardun ahal lukeela, Espainari letorkiokeen ondorioekin, Espainaren izana bera, arriskuan.

Orduan, Jaun honek ixiltzen duena, baina esaten duenari erreparatuz, gauden moduan ETA aktibitate ahularen bat jasan dezakegu, baldin eta Espainaren batasun sakratua ez bada kolokan jartzen. Noski, daukagun Zuzenbide Estatuaren berme guztiak “indarrean”. Hau da, Estatuaren biolentzia.

Azken finean bere jarrera berez dator. Ezker Abertzalea ETA bera dela esateaz gain, pentsatu ere egiten du dudarik gabe, nik uste. Suposatzen dut “Ezker Abertaleaz ari dela mintzo, ezen, elkarrizketa horretan “La izquierda vasca” aipatzen baitu etengabe. Tira! Aralar eta Ezker Batua ez litezke “izquierda” edota ez “baskoak”.

PSOEtik ateratzen dena are okerragoa da. Ziur bainago PSEren gehiengo batek ez duela sinesten Ezker Abertzalea, eta ETA, gauza bera denik, nahiz eta silogismoak ematen duen jokoaren arabera batzuetan bereizen dituzten, eta batzuetan ez.

Momenduaren arabera nola jokatu erabaki bitartean, benetan axola dutena finkatzen dute, gero eta ordezkari gehiago izan, gizartearen zati bat ordekatu gabe utziz.

Jokabide honek, Demokraziaren kontra egiteaz gain, (berriro diot elkarte postfrankista batetik ulegarria, baina ulergaitza PSOE bezalako elkarte batetik), biolentziaren bukaera sendoa eta adostua ez ekarri ,  justu kontrakoa baizik eragiten duen joko honen arduragabekeriak zer pentsa ematen du. Ez ote dute horiek ere “bere” bakea nahi eta ez Bakea?

Honen harira, ezin burutik kendu Coalición Canariak botatako adierazpenak, lege murritzaile hainbatgarren “hobekutza”ri sostengua eman eta gero:

Política antiterroristari buruz, beti egin behar dugu Gobernuaren alde, oker izanda ere.

Ba , inolaz ere ez, Gobernua oker badago, gure ixilpenak (Are gehiago gure sosenguak) bidegabekeria haunditu baino ez du egiten, eta gu, bidegabekeriaren konplizeak.

Behin eta berriz saiatuta ere, bakerik ez (Demokarazia gehiago behar da eta ez demokrazia murrizketa gehiago), “bere” bakearen bila badabiltza, bide itsu eta itxian gabilza denok. Laster edo berandu itzuliko gara toki berera.

Euskarak ez duela gatazkarekin zerikusirik

2010.03.09 (10:04 am)
Mattin Amundarain, eredugilea
Mattin Amundarain, eredugilea

Euskarak ez duela arazorik. Nor berari erosoen zaion hizkuntzan hitz egin behar dela. Nire ingurunean jaso ditudan jarrera hauek eraman naute honako gogoeta hauek egitera. Banan-banan honako esaldiei erantzutea nahiko nuke.

- Euskarak ez duela gatazkarekin zerikusirik?

Sanzek eta bere lagunek, PP, PSOE eta beste batzuek zergatik dutela uste duzue horrelako interesa euskarari oztopoak jartzeko? Ez al gara kontratu azken aldi hnonetan zein gai bereganatu nahi izan dituen PPk? Hizkuntza hezkuntza, hedabideak… Hizkuntzarekin zerikusia duten guztiak. Euskara indartzeagatik edo suntsitzeagatik? Hauek guk euskaldunok baino balio handiagoa ematen diote euskarari; bait baitakite Euskal Herriari nortasuna, naziotasuna ematen dion bereizgarri nagusia euskara dela. Pentsa honek gatazkarekin zerikusirik duen ala ez; euskara suntsituz gero ez dago Euskal Herririk; orduan kitto euskal arazoa.

Guk, aldiz, euskaldunok, ez diogu duen baliorik ematen euskarari; halako “edukazioa” jaso dugulako edo nonbait. Erdaldunen aurrean euskaraz egitea ez da “edukaziozkoa”; makurtzen irakatsi zaigu, eta guk, inolako zalantzarik gabe, bete-betean onartu dugu makurketa hau. Hau da gure miseria, geu konbentzituta menpeko izan behar dugula!

- Euskarak ez duela arazorik?

Euskal Herriko zein tokitan bizi daiteke euskaraz? Ba al da tokiren bat erdaraz bizi ez daitekeenik? Gutxienez bi hizkuntza horiek, Euskal Herri osoan, maila berara iritsi arte euskara gatazkan dago nire ustez.

- Nor berari erosoen zaion hizkuntzan hitz egin behar dela?

Jarrera honekin lehenean gaude; ia euskaldun guztioi erosoago zaigu erdaldunen aurrean erderaz egitea. Nire ustez, euskaldunok alegindu behar dugu beti euskaraz egiten; komeni da erdaldunak konturatzea haiengatik egiten dugula erdaraz.

Ona izango litzateke, alde edo aurka, gaiaz kezka dutenen artean iritzi trukaketa batzuk egitea.