“Izarren Argia” filmak garai ilun baten berrikuspena proposatzen du modu narratiboan. Iluntasun hori argitzeko, bizitako okerrak berriz ez errepikatzeko historiaren pasarte hori ezagutzera eman behar dela uste dugu.
Historia apur bat:
“Izarren Argia”ko kontakizuna 1938tik 1944ra Saturrarango emakumezkoen kartzelan kokatzen da. Preso egondako emakumeen egoera eta berauei erregimenak kendutako, lapurtutako haurren gaia jorratzen du. Filme historikoa izateaz gain, filme errebeindikatiboa ere bada emakumeak historian izan duen protagonismoa errekuperatzen baitu. Jende askok uste du emakumeek ez zutela gerretan parte hartzen, baina oker daude, askok parte hartu zuten eta beste asko gehiago atxilotuak izan ziren, genero izaera soilagatik, hau da, erregimen frankistarekin bat ez zetozen norbaiten emazte, ama, aizpa, alaba edo lagun izateagatik.
Bestalde, lapurtutako haurren gaiaz hitz egiten dugunean denoi datorkigu burura Argentinako, El Salvadorko eta abarretako kasuak. Baina ez dago hain urruti joan beharrik, haurren lapurreta hemen ere gertatu zen, Saturraranen adibidez.
Estatu mailan 30.000 haurtik gora bananduak izan omen ziren eta hala ere oso gutxi dakigu horretaz. Horregatik da horren garrantzitsua film hau. Saturraranetik 4000 emakume inguru pasa ziren. 177 heriotza ezagutzen dira, horietatik 59 edo gehiago haurrak ziren.
Filma:
“Izarren argia” filma urriaren 22an estreinatuko da. Bertan espetxeratutako emakume baten istorioa azaltzen da, Victoriarena, baina euretako edozeinena izan zitekeen. Victoriaren oroitzapenen eta borrokaren bidez jakingo dugu zelan bizi ziren kartzela hartan eta zelakoa zen hango eguneroko jarduna. Izan ere, emakume haiek gerraren alderik latzena jasan behar izan zuten: baldintza penagarrietan biziraunez itxarotea beste aukerarik ez zutenena.
Horregatik, “Izarren argia” emakume haiei guztiei egindako omenaldia da. Estatu osoko emakumeak izan ziren. Espetxeratu, eta aukeratu ez zuten leku batean bizitzera derrigortu zituzten, maite zituztenengandik urrun. Eta gainera haurrak besoetatik nola kentzen zizkieten sufritu behar izan zuten. Aukerarik gabeko emakumeak, ahotsik gabekoak, baina itxaropenez bete-beteak.
Mugimendu soziala:
Goian aipatutako horiek guztiak dira film hau sortu izanaren arrazoiak, emakume eta haur haiei justizia egiteko, lotsagabekeriak historiaren pasarteok estali ez ditzan, baina batez ere, sasoirik gogor eta ilunenetan ere itxaropenerako tartea badagoela erakusteko.
Baina hori dena berehalakoan lortzea ez da erraza. Horregatik filmaz aparte proiektu honetako dokumentazio prozesuan batutako materialak zabaldu eta liburu bat argitaratu dugu “No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olidarnos” izenburua duena. Saturrraranen preso egondako emakume baten esaldia da hori. 10-12 urteko haurrei zuzendutako unitate didaktiko bat ere sortu dugu eta Oroimen Historikoko elkarteekin batera Oroimenaren Izarren Autobusa deiturikoa jarri dugu martxan. Autobus honek herri ezberdinetatik egingo du bere ibilbidea eta herri horietan bertako Oroimen Historikoko taldeekin batera antolatutako ekitaldietan parte hartuko du. Egitasmo honek hainbat izen, hainbat historia ahazturaren erraietatik atera eta eguneratu, azalerazi nahi ditu. Filmarekin eta liburarekin batera Oroimen Historikoari egiten diogun gure ekarpen xumea da.