Tribuak eta beste
2010.02.18 (8:29 am)
Akatsik egiten ez duenik ez dago; ez gizakirik, ez herririk. Kontua da, akatsetatik ikasteko ahaleginik egiten dugun, akatsetatik ikasteko borondaterik erakusten dugun…
Gure herri txiki honetan, lehenengo pertsona plurala eraikitzeko modu bitxia jaso dugu. “Gu” talde itxiak sortu ditugu. Batzuek “kuadrillak” deitzen dituzte eta, antolatuxeagoak direnean, “tribuak”.
Tribukoa izatea ez da txantxa, ez pentsa! Gutxienez, tribuak bezala pentsatzen duzula agertu behar duzu; tribuak agintzen dizuna egin; tribuak esaten duena onartu; eta tribuko gainontzeko kideekin anaitu.
Tribuak, bestalde, segurtasuna ematen dizu, handitasuna, babesa, eta orain edo geroxeago “irabazle” izango zaren (garen) itxaropena.
Irabaztea da kontua. Bakarka. Gutxika. Txikika. Baina irabaztea!
Eta talde itxi txiki asko sortu ditugu. Tribu batean ezberdin pentsatzen zuenen bat agertu den bakoitzean, tributik atera eta beste tribu bat sortu du. Honetarako, logalerik gabeko herria baikara.
Talde ezberdinak egotea ez da txarra. Alderantziz: ona da. Aberasgarria. Baina tribu bateko “gu” horretatik ateratzen dena, bere tribu ohikoekin hitz eginez ulertzera heldu ez delako bada, hor, entzuten ez dakien horma bat eraikitzen da. Eta horrelaxe eraiki ditugu, elkar entzuten ez dakiten tribuak, denak irabazle izan nahian, etsai pila bat zerrendatuz.
Diktadura garaian, ulergarria izan zitekeena, hau da, “gu” txiki eta indartsuak sortzea, etsai handiaren aurrean BAT egingo gintuzkeena, historiak ulertzera eta harro sentitzeraino eraman gaituen zerbait da. Baina demokrazian nola liteke? Demokrazian “gu” plurala da. Tribu txikiak lehenengo pertsona plural handiaren baitan daude. Eta etsaia historiak utzitako orbana baizik ez litzateke izan behar.
Bidaiatzen dugunean eta gure herritik milaka kilometrora gaudenean, hangoak edo hemengoak garela esaten dugunean, herri BAT aipatzen dugu. Tribuen gainetik dauden ezaugarriak goratzen ditugu.
Herriaren alde lan egiten dugunean ere, ikusmira hau erabili beharko genuke, beraz. Zorionez, ezberdinak gara guztiok. Baita tribukideok ere. Eta ez gaitezen engainatu! Kontua ez da gainontzeko tribuak garaitzea edo baztertzea. Kontua ez da herri honen salbatzaile papera sinistea. Hau da, “bakarrik” gelditzea. Gainontzekoekin konpondu eta haztea baizik. Zeren eta ez dago demokraziarik “bakarrik” bizi denik. Eta bakarrik bizi ez denak (familiak osatu ditugunok ondotxo dakigu hori), besteari entzunez bizi behar du, bere buruari baino “areago”. Herri honek ez du salbatzailerik behar.
Akatsetatik ikasten duen herriari “ikasten dakien herria” deitzen zaio. Entzuten eta aurrera egiten dakien herria. Finean, konplexurik gabeko herria.






