bannerbanner



Iragarritako kronikaren arrakalak

2011.09.26 (10:59 am)

Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea
Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea

Uste baino zailago. ETAren amaierak aurrez pentsa zitekeena baino konplikatuagoa dirudi. Bateragune auziaren epaiak harri eta zur utzi ditu ia analista guztiak. Inor gutxik espero zuen; are gutxiago, horren gogorra eta oinarri juridikorik gabea. Zer gertatu da? Zergatik?

Bitxia da. Amaiera eta hasiera eskutik helduta datoz. ETAren balizko amaierak beste bataila batzuen hasiera ekarri du: kontaketa eta irudiaren batailak, esaterako. Gatazka nahiz gerra guztietan gertatu da: lubakietan aritutakoek bonben oihartzuna baretzen denean euren kontaketa inposatu nahi dute, historiako liburuetan euren egia bakarra izatea, alegia. Egiaren monopolioa.

Agamenon eta txerrizaina

“Gertaerak sakratuak dira, iritziak libre” dio kazetaritzako urrezko arauetako batek. “Egia beti egia da, Agamenonek esan zein haren txerrizainak” ere esan ohi da. Ideia baten zilegitasuna indartzeko erabiltzen da esaldia. Anjel Lertxundik, berriz, honakoa gehitu du: “Ederra dirudi. Baina Agamenon, errege greziarra izateaz gainera, izen baten jabe da; txerrizaina anonimoa da eta ospe gutxiko lana du ogibide. Ez, gure egunotan garrantzi handiagoa du egia nork esan duen jakiteak, egiak berak baino”. Antzeko zerbait gertatzen ari da orain. Espainiako estatuak kronista bakarra nahi du; ez bi edo hogeita bi; bakarra. Estatua bera, alegia. Garaile eta garaituen arteko kronika idatzi nahi dute, zuri-beltzak soilik agertuko dituen kontaketa. Zeregin horretan oztopo bat topatu dute: Maiatzaren 22ko hauteskundeen emaitza. Berton, Bildu koalizioak izandako boto kopuruak lausotu du, baina, iragarritako kronika horren idazketa. Zapuztu zaie aurretik idatzitako kontaketa. Garaile eta garaituen arteko mugak ez daude horren garbi. Izan ere, garaipen militarra eta garaipen politikoa ez datoz beti bat. Iragarritako kronikak arrakalak ditu. Honatx hiru adibide.

Lehena: Bateragune auzia. Preso egonda ere, Arnaldo Otegik Bateragune auzian emandako irudia oso askea izan zen: inoiz baino libreago mintzatu zen, inoiz baino argiago. 315.000 botoen zilegitasuna zuen atzean. Ezker abertzale historikoak erakutsi zuen egindako apustu politikoa fruituak ematen ari dela. Konbentzimendu osoz, kementsu, gorrotorik gabe mintzatu zen. Batek baino gehiagok hurrengo lehendakaria ikusi zuen jesarrita Audientzia Nazionaleko eserlekuan. Kronista bakarra inposatzeko asmoa duen estatuak ezin zuen halako laidorik jasan.

Bigarren adibidea. Egoeraren azterketa. Arnaldo Otegi eta Patxi Lopez dialektikoki aurrez aurre jarri dira egoeraren azterketa egitean. Preso dagoen buruzagiaren aburuz, “egun bizi dugun aldaketa politikoaren jatorrian ezker abertzalearen estrategia berria dago”. Lehendakariak, berriz, dio egoera honen abiaburua “estatuaren irmotasuna” izan dela. Haatik, azterketa objektibo batek esan beharko luke, agian, euskal gizarteak bide armatuari bizkarra eman izanak ekarri duela, besteak beste, ezker abertzale historikoaren aldaketa eta jokabide horrek aldatu dituela bai mapa politikoa, baita beste alderdi politikoen estrategia ere. Baina, hemen ere, estatuak kronista bakarra nahi du.

Hirugarren adibidea: Eusko Jaurlaritzaren zio politikoko biktimen dekretua. Protagonista: Idoia Mendia bozeramailea. Izena bera ere bitxia da: “estatuaren eta talde paramilitarren biktimen auzia” deitu beharrean, dekretuari bestelako izen nahasia topatu zaio estatuaren erantzukizuna ezkutatzeko. Baina, gatozen harira. Mendiaren esanak: “Inork ez dezala pentsa ETAren biktimak eta estatuaren biktimak maila berean daudenik. Ez dago parekatzerik. ETA da biolentzia ororen jatorria. Historia ezin da berridatzi”. Kronista bakarraren tentazioak, inoiz baino ageriago, berriz ere. Galdera apala: Zergatik egon behar dute mailak biktimen artean? Non eta noiztik aurrera jarri behar da biktimen kontagailua abian? 1978an, 1968an, 1936an? XIX. mendeko gerra karlistetan?

Bozgorailuak eta mailuak

Kronista bakarra ezin da egon. Ez da egongo. Ez litzateke ona izango. Zer gertatu da? Galdera horren peskizan bai izan behar dugu zorrotz eta zehatzak; zeharo zehatzak. Posiblea da. Beste kontu bat da zergatietan bat etortzea. Horretan ezinezkoa izango da ados jartzea; baina zer gertatu den argitzen badugu, zailago izango da etorkizunean ere oinarrizko eskubideen aurkako urraketak berriro errepikatzea.

Kronista batzuek bozgorailu eta baliabide hobeak izango dituzte, baina horrexek ez die egiaren bermea emango; bozgorailuak mailuak baliran erabili arren.

Biktimak, eskola eta zezenaren adarrak

2010.02.26 (11:25 am)

Txema Ramírez de la Piscina, EHUko irakaslea

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak indarkeriaren biktimen lekukotasunak eskolara eraman nahi ditu datorren ikasturtean. Helburu hori lortzeko asmoz, Isabel Celaa sailburua “Hiritarren Heziketa” irakasgaiaren erreforma prestatzen ari da. Momentuz, ez dakigu nola egingo den, ezta zein baliabide pedagogiko erabiliko diren egitasmo hori gauzatzeko ere. Ezaguna dugu, ordea, Lopezen Gobernuak biktimen inguruan eraiki duen diskurtsoa. Pentsatzekoa da irakasgai berriak ildo beretik joko duela.

Zer egingo du Lopezen Gobernuak: guardia zibilak eramango ditu ikastoletara? AVT, Manos Limpias eta Ermuko Foroko kideak maisu-maistra bihurtuko dira? Tortura jasan dituzten pertsonak ere joango al dira euren testigantzaren berri ematera? Zein helburu pedagogikoarekin? Itxura denez, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako ikasleei irakatsiko zaie materia berria (14 urte inguruko neska-mutilak).

Patxi Lopezen Gobernuak biktimen aintzatespena bihurtu du bere diskurtsoaren ardatz. Helburu hori lortze aldera, Jaurlaritza sekulako ahaleginak egiten ari da: han eta hemen biderkatu egin dira ekitaldi instituzionalak, ekimen publikoak, omenaldiak, adierazpenak, lege-aldaketak eta diru-laguntza publikoak. Ikuspuntu demokratiko soil batetik, ekimen horietako asko oso eztabaidagarriak dira. Adibidez: zergatik izan behar dute indarkeriaren biktimek mesedezko tratua lehiaketa publikoetan? Nork erabakitzen du nor den indarkeriaren biktima? Noiztik aurrera?

Gai honen inguruan, azken hilabeteotan, Jaurlaritzak ekimen dezente antolatu arren, gizartean ez du aparteko oihartzunik lortu; ez behintzat bat bateko erantzuna, seguru asko herritar gehienok ahalegin horiek oso aldebakarrekoak eta goitik bideratuak ikusi ditugulako.

Biktimak eskolara? Bai, baina ez era honetan. Gaia oso delikatua eta hunkibera da. Biktimak bakarrik? Gaiaren konplexutasunak planteamendu globala eskatzen du. Bizikidetzaz ari gara. Berori izan beharko litzateke ardatz: bizikidetza. Hitz egin dezagun errespetuz eta duintasunez bizikidetzaz, gatazkak konpontzeko bide etikoez, sufrimenduaz, doluaz, hutsuneaz, maitasunaz, gorrotoaz, giza eskubideez. Lekukotasun eraikitzaileak behar dira herri honetan; eta guztietan. Konponbideak eskaintzen dituzten testigantzak behar dira, bihotzetik bihotzera mintzo diren ahots samurrak; ez erraietatik mintzo diren buruzagi instituzionalak.

Euskal Herriko eskoletan oso hezitzaile profesionalak daude, eskarmentu handikoak. Bizikidetzari buruzko hainbat ikastaro eta esperientzi interesgarriak landu izan dira gure artean. Hezkuntza munduan, Elkarrik eta Baketik fundazioak, besteak beste, hainbat ekimen, foro, jardunaldi eta kongresu antolatu dituzte gai horren inguruan. Adostasun zabalez jardun dute, karrankarik atera gabe, zarata larregirik gabe, hezitzaileen konplizitatearekin eta parte-hartzearekin, inposaketarik gabe, elkarrizketa tresna eta xede hartuta. Hori da bidea. Sakondu egin behar da. Ez daukat zalantzarik. Lopezek beretzat nahiko luke gizarte erakunde horiek, hezkuntza munduan, jaso duten erantzun eta babesa.

Zer gerta daitekeen? Hezkuntza sailak bere ikuspuntua inposatzen badu hoztasuna jasoko du geletan. Hezitzaileak ez dira inplikatuko eta aukera interesgarri bat alperrik galduko da; beste bat. Jaurlaritzak beste tentazio makurragoa izan lezake: gai hau xantaia bezala erabili itunpeko ikastetxeekin; hots, diru-laguntza jaso ahal izateko ikastetxeak ikasgai berria derrigorrez irakatsi behar. Bestela, sosik ez.

Gure maisu-maistrak profesional zailduak dira. Hainbat sailburu desberdin ezagutu dituzte. Bakoitzak bere bulkada propioa ekarri nahi izan du. Celaa ez da salbuespena izango. Sailburuak joan doaz. Maisu-maistrak hor geratzen dira. Oraingoan ere asmatuko dute formularen bat politikarien erabakiak toreatzeko. Badakizue: zezenaren adarrak, urrutian edarrak.

Bistan da: Lopezek irudia maite du, baina irudiak ez du bera maite. Irakasle sozialista batek kudeatzen duen Euskobarometroak ere bizkarra eman dio. Besarkadak, bostekoak, telebistako fokuak… ohiko jardunbide bilakatu du. Antzezpena gain-antzezpena bihurtzen denean aktorearen gabeziak agerian geratzen dira. Gainbeheraren hasiera da.

Bizkitartean, lehendakariak berean darrai: besarkadak eta bostekoak kanpoan ditu salgai baina etxekoenak ez ditu hartu nahi.