Aurrera bolie bakea lortu arte!
2010.05.07 (2:10 pm)

- Maialen Lizarralde, Lokarri

Arrasateko esamolde honekin bukatu zuen Xabier Letona kazetariak bere hausnarketa joan zen asteazkena maiatzak 5 Donostiako Ernest Lluch aretoan Lokarrik antolatutako mahai-inguruan. Bertan, Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak, Xabier Letona Argiako zuzendariak eta Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak bakerako aukerak sendotzeko hausnarketak konparitu zizkieten hitzaldira bertaratu ziren 40 bat pertsonei.
Paul Riosek, azken hilabeteotako gertakariak gogoratu ondoren, Ezker Abertzalea ematen ari den pausoen garrantzia nabarmendu zuen. “Arduragabekeria da Ezker Abertzalearen pausoetan ezer berririk ez dagoela esatea”, baieztatu zuen. Aukerak bai, beraz, baina baita zailtasunak ere: ETAren asmoak, zehaztasun gabezia, konfiantza falta… Horregatik gizartearen babesa ezinbestekotzat jo zuen aukerek indarra hartu dezaten oztopoen gainetik.
Xabier Letonarentzat, bakerako aukerak sendotzeko modu asko daude, baina funtsezkoa, bakarra: Ezker Abertzalearen prozesua bultzatzea eta gizarteratzea daukan ahalmen ikaragarriarengatik borroka armatua behingoz atzean uzteko. Bakea eraikitzeko “laukotea” jada badugula esan zuen: Anoeta, Mitchell printzipioak, unilateralitatea eta subiranotasuna. Bestalde, Gobernua eta PSE-ren estrategia “egurra eta azenario” bezala definitu zuen, hau da, zigorra eta ordainsaria. Izenburutzat jarritako esaera itxaropentsuaren bukatu zuen.
Martxelo Otamendik, bukatzeko, gizartearen bultzadaren garrantzia berretsi zuen: “aspaldi ez bezala, jendea ilusionatuta dago”. Ezker Abertzalearen pausoen garrantziarekin bat etorri zen, baina beste eragileen mugimenduetan ere jarri zuen arreta, “ez dago debaldeko erreakziorik” esanez. Era berean, su-eten posible baten aurrean, hainbat galdera bota zituen: Ze su-eten klase izango da? Ze metodologiarekin? Nori zuzenduta, Gobernuari ala abertzaleei?
Solasaldia borobiltzeko, hainbat galdera eta hausnarketa azaldu ziren entzuleen artean: Egiaren Komisio posible bat, Bateraguneren atxiloketen zergatia edo borroka-ereduak nola aldatu, adibidez.
Bakerako aukerak nola sendotu, beraz? Horrats hainbat gogoeta.






