Ipar Irlandako eta Euskal Herriko egoerak oso ezberdinak dira, baina…
2011.12.16 (11:32 am)
Bizkar-zorroa gogoz eta ilusioz beteta abiatu ginen Belfastera abenduaren lehendabizikoan eta, 4 eguneko hausnarketa eta elkarbizitza sakona bizi ondoren, bizkar-zorroa gure artean elkarrekin lan egiteko, etorkizunari begira iragana lantzeko eta gizartearen partaide aktibo izateko konpromiso sendoz beteta itzuli ginen Euskal Herrira.
“Berradiskidetzearen zubiak eraikiz” proiektuari esker gazte jendea joan ginen, euskal gizartearen berradiskidetzean gazteen partaidetza bultzatzeari zuzendutako egitasmoa baita. Euskal gizarteko sentsibilitate politiko eta erakunde ezberdinetako (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Alternatiba, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, EAJ, Euskadiko Gazte Sozialistak eta Iratzarri) ordezkariak eta Lokarrikoak elkarrekin izan ginen Irlandako bake prozesuaren inguruko esperientzia ezberdinak bertatik bertara ezagutzen. Memoria, biktimak, justizia, elkarrizketa politikoa eta beste hainbat gai interesgarriren ikuspuntua islatu ziguten irlandarrek haien hainbat erakunde eta instituziorekin egindako topaketetan. Azken urteotan garatu duten bizikidetzaren hobekuntza eta berradiskidetze sozialaren prozesuaren ereduaz asko irakatsi ziguten.
Hura guztia ezagututa, Ipar Irlandako eta Euskal Herriko egoerak oso ezberdinak direla ohartu gara, baina halaber, ikusi dugu oso garrantzitsua izan dela orain gutxi arte elkarren etsaitzat hartzen ziren pertsonak gela berean esertzeko gai direla egiaztatzea, hitz egin eta beren esperientziak konpartitzeko. Haiek gai izan badira, gu ere hala izango gara. Eta ahalegin horretan lagungarri izan daitezkeen hiru ikasgai handi ekarri ditugu eskuartean:
- Konpromisoaren garrantzia. Ipar Irlandan ez dute beren erantzukizuna saihestu eta bake prozesuan elkarrekin aurrera egiteko konpromisoa onartu dute. Konpromiso hau erabakigarria izan da zailtasunak gainditzeko. Ordezkari politikoek lidergoa beren gain hartu behar izan dute hainbeste urtetako indarkeria gainditu nahi zuen gizartearen eskakizun argiaren emaitza bezala. Konpromiso hau gure gizartean ere garrantzitsua da. Etorkizunari elkarrekin aurre egiten lagunduko digun motorra izan behar da.
- Iraganari aurre egiteko beharra. Ostiral Santuko Akordioetatik hamahiru urte geroago, iraganari aurre egiteko beharra indarrez azaleratu da. Orain badakite iragana adorez lantzea oinarrizkoa dela etorkizunean berriz ere ez errepikatzeko. Horregatik, orain ere guk geuk borondate bera erakutsi behar dugu. Euskal gizartearen oraina eta geroa eraikitzea erronka handia da, baina ez dugu iraganari bizkarra emanez egin behar.
- Gizarte osoa inplikatzearen erronka. Adostasun politikoak, gehiengo demokratikoarekiko errespetua eta sensibilidade politiko ezberdinen parte hartzea giltzarriak izan dira Ipar Irlandan etorkizunari aurre egiteko, baina bake prozesu bat gauza askoz zabalagoa da, gizarte osoa barne hartu behar duena, eta jakina, baita gaztedia ere bere forma guztietan (mugimendu sozialak, elkartegintza, kale-mailako ekimenak…).
Jaso ditugun hiru ikasgai horiez gainera, bidaiaren inguruko argibide gehiago eman genituen prentsaurreko batean. Horiek ezagutu nahi badituzu, Lokarriren webgunean dituzu irakurgai.
“Bestearen jarrera hobeto ulertzen lagundu digu bidaiak”
Irlandatik itzulitakoan, Belfastera joandako gazteen hiru ordezkari EITBko “Mezularia” irratsaioan izan ginen han ikasi eta ikusitakoaz mintzatzen. Andoni Rojok (Gazte independentistak), Koldo Gutierrezek (Gaztedi Sozialista) eta nik neuk, Lokarriren izenean, deskribatu genituen bizitako esperientziaren nondik norakoak, azpimarratuz bestearen jarrera hobeto ulertzen lagundu digula bidaiak.






