bannerbanner



Alderdien mahaian negoziatuko ez den bakea

2010.12.17 (9:55 am)

Imanol Epelde, blogaria
Imanol Epelde, blogaria

Jendarte gero eta makinizatuagoan bizi gara. Makinak ohoratzen ditugu giza balioen gainetik. “Hi haiz hi makina!” esaka ibiltzen gara elkarri, “makina” zerbait gaindiezina, hobe ezina bailitzan. Azkarretan azkarrenak dira edozein motatako aparailu horiek, baina gauza hotz eta tontoagoak ere nekez aurki daitezke. Kontua da makinak eta teknologiak bezala, zientzia eta zientifikotasuna ere jainkoesten ditugula. Hori, berez ez litzateke txarra izango, humanitatearen ikuspegitik begiratu eta ulertuko bagenu dena. Are gehiago aro digitala izenarekin bataiatu dugun garai berri baten aurrean.

Aldatu dira gure arteko harremanak, aldatu dira komunikazio ereduak, kanbiatu da ulertzeko eta jakintza ulertzeko modua (Google bihurtu dugunetik munduari begiratzeko behatxulo), ezberdina da irakurtzeko era ere, pantailetatik ari garenez gero… Beste garai baten aurrean gaude. Eta giza balioak inoiz baino beharrezkoagoak diren honetan, egoera diglosikoan eta azpiratuan daude humanitateak. Eta horien artean letrak. Kasik zientzia izaera ukatzeraino.

Eskoletan argi ikusten da hori. Eskoletan eta unibertsitatean noski, Bolognia planak ekarri dituen aldaketak adibide. Gero eta leku handiagoa eta eztabaidaezinagoa dute zenbakiek, matematikek, eta hutsalagoa hitzek, musika eta arteek, etikari buruzko gogoetek… Hizkuntzak ere irakasten dira. Nola aterako dira bada mundura ingelesa jakin gabe? Baina hizkuntza horiek erreminta hutsak bailiran ikasarazten dira. Literatura berriz, garaiko autoreak eta obrak buruz irakasteko darabiltzagu eta ez giza jokabideari buruzko hausnarketak planteatzeko eta eztabaidatzeko. Nobela batek bizitzaz edozein ikasgaik baino gehiago irakatsi dezakeenean.

Funtsean, enpresetara ondo egokituko diren piezak fabrikatzen ditugu ikastetxeetan eta horrela, astelehenetik ostiralera ordutegia zintzo betearazita, isiltasun zuria mantentzera behartzen ditugu. Esandakoa kunplitzen dakiten pertsona efizienteak sortuta, interpretatzeko eta kritikatzeko gaitasuna mugatuta, arazo sozial eta politikoak tabu bihurtu ditugu hezkuntzan.

Informazioaren jendartea ere deitzen zaio jendarte honi. Informazio ugari eskuratzeko modua dugu bai, baina horrek ez du esan nahi ezagutza eta jakintza handiagoa lortu ditugunik. Nola lortuko dugu bada hori, informazioa interpretatzeko gaitasuna gero eta antzutuagoa badugu? Egia da Euskadin Rock & Rollak ez duela dirurik ematen, ez eta giza jakintzek ere, zer esanik ez etikak. Baina humanismoari egiten dion ekarpena ezinbestekoa da. Mundua merkatuaren terminotan planteatzen dugun aldiro, gure erro bakarrari esaten diogu ezetz: gizatasunari. Geure existentzia ukatzeraino.

Balio etikoak hobetu eta indartzeko mekanismo bihurtu behar ditugu zientzia eta teknologia, bakearen alde egiteko, balio etikoak indartzea ezinbestekoa delako. Eta horretarako gizatasunean inbertitu behar da, giza baloreen burtsan. Nola jakitea da zaila. Baina bake osoa nahi bada, alderdien arteko mahaietan arazoaren ertz bati heltzea ez da aski, sakonagoak dira hemen arazoak, oinarrizkoagoak. Eta oinarriari heltzen ez zaion artean, ibiliko gara norabide argirik gabeko politikagintzan eta herrigintzan.

Bake prozesua FORO2010-Compostelan

2010.12.04 (9:12 am)

Abendu honetan Santiago de Compostelak Bakearen Kulturaren inguruko nazioarteko ekitaldi, topaketa eta ekintza mamitsuen marea bizia jasoko du: Foro2010, hain zuzen.

Kongresu, bilera eta hainbat ekintza artistikoren tartean, Hezkuntzaren inguruko Foro Mundiala egingo da “Hezkuntza, Ikerketa eta Bakearen Kultura” izanda ardatz, abenduaren 10etik 13ra.

Lokarrik ez zuen nahi galdu ekimen, ikuspegi eta iritzi ezberdinak konpartitzeko aukera hau, beraz, euritakoa besapean, Lokarriko ordezkaritza bat Galiziara abiatuko da. Denetik ikasteko helburuarekin joateaz gain, ekintza bat ere prestatu dugu. Zehazki, abenduaren 12an (10:00etatik 13:00etara Santiagoko Unibertsitateko Komunikazio Zientzien Fakultatean) mintegi-tailer bat egingo dugu “Euskal Herrian bakearen kultura eraikiz, esperientzia praktikoak” izenburupean. Bertan, gure egoeraren analisia konpartituko dugu, Lokarriren lana azalduko dugu eta elkarrizketa eraikitzailearen esperientzia bat praktikan jarriko dugu dinamika baten bidez.

Hala ere, Lokarri ez da izango euskal auzia Galiziara eramango duen erakunde bakarra. Adierazi EH-k mahai-ingurua egingo du Pedro Ibarra eta Kepa Landaren partaidetzarekin Euskal Herrian giza eskubide eta askatasun demokratikoen defentsaren inguruan hitz egiteko. Era berean, Bakeolak, bakerako hezkuntza formal eta ez-formaleko bere esperientzia konpartituko du dozena erdi bat ekintzekin. Gernika Gogoratuzek artea eta bakea edo subjektibitatearen eraikuntzaren inguruko ekintzak proposatzen ditu eta giza eskubide eta bake hezkuntzaren Elkarteen Foroak mahai-ingurua eskainiko du “Bakerako hezi Euskal Herrian” izenburupean Paul Rios, Txema Urkijo, Maite Pagazaortundua eta Gesto por la Paz-en partaidetzarekin

Bakearen kulturaz blai eginda geratzeko eskaintza aberats honetan zaila izango da aukeraketa egitea. Parte hartuko dugun topaketen inguruan jakinaren gainean mantenduko zaituztegu blog honen bidez.

Kontsulta ezazu egitarau osoa / Partaidetza ez-presentziala / Foro2010 facebook-en / Foro2010 Bloga

Biktimak, eskola eta zezenaren adarrak

2010.02.26 (11:25 am)

Txema Ramírez de la Piscina, EHUko irakaslea

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak indarkeriaren biktimen lekukotasunak eskolara eraman nahi ditu datorren ikasturtean. Helburu hori lortzeko asmoz, Isabel Celaa sailburua “Hiritarren Heziketa” irakasgaiaren erreforma prestatzen ari da. Momentuz, ez dakigu nola egingo den, ezta zein baliabide pedagogiko erabiliko diren egitasmo hori gauzatzeko ere. Ezaguna dugu, ordea, Lopezen Gobernuak biktimen inguruan eraiki duen diskurtsoa. Pentsatzekoa da irakasgai berriak ildo beretik joko duela.

Zer egingo du Lopezen Gobernuak: guardia zibilak eramango ditu ikastoletara? AVT, Manos Limpias eta Ermuko Foroko kideak maisu-maistra bihurtuko dira? Tortura jasan dituzten pertsonak ere joango al dira euren testigantzaren berri ematera? Zein helburu pedagogikoarekin? Itxura denez, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako ikasleei irakatsiko zaie materia berria (14 urte inguruko neska-mutilak).

Patxi Lopezen Gobernuak biktimen aintzatespena bihurtu du bere diskurtsoaren ardatz. Helburu hori lortze aldera, Jaurlaritza sekulako ahaleginak egiten ari da: han eta hemen biderkatu egin dira ekitaldi instituzionalak, ekimen publikoak, omenaldiak, adierazpenak, lege-aldaketak eta diru-laguntza publikoak. Ikuspuntu demokratiko soil batetik, ekimen horietako asko oso eztabaidagarriak dira. Adibidez: zergatik izan behar dute indarkeriaren biktimek mesedezko tratua lehiaketa publikoetan? Nork erabakitzen du nor den indarkeriaren biktima? Noiztik aurrera?

Gai honen inguruan, azken hilabeteotan, Jaurlaritzak ekimen dezente antolatu arren, gizartean ez du aparteko oihartzunik lortu; ez behintzat bat bateko erantzuna, seguru asko herritar gehienok ahalegin horiek oso aldebakarrekoak eta goitik bideratuak ikusi ditugulako.

Biktimak eskolara? Bai, baina ez era honetan. Gaia oso delikatua eta hunkibera da. Biktimak bakarrik? Gaiaren konplexutasunak planteamendu globala eskatzen du. Bizikidetzaz ari gara. Berori izan beharko litzateke ardatz: bizikidetza. Hitz egin dezagun errespetuz eta duintasunez bizikidetzaz, gatazkak konpontzeko bide etikoez, sufrimenduaz, doluaz, hutsuneaz, maitasunaz, gorrotoaz, giza eskubideez. Lekukotasun eraikitzaileak behar dira herri honetan; eta guztietan. Konponbideak eskaintzen dituzten testigantzak behar dira, bihotzetik bihotzera mintzo diren ahots samurrak; ez erraietatik mintzo diren buruzagi instituzionalak.

Euskal Herriko eskoletan oso hezitzaile profesionalak daude, eskarmentu handikoak. Bizikidetzari buruzko hainbat ikastaro eta esperientzi interesgarriak landu izan dira gure artean. Hezkuntza munduan, Elkarrik eta Baketik fundazioak, besteak beste, hainbat ekimen, foro, jardunaldi eta kongresu antolatu dituzte gai horren inguruan. Adostasun zabalez jardun dute, karrankarik atera gabe, zarata larregirik gabe, hezitzaileen konplizitatearekin eta parte-hartzearekin, inposaketarik gabe, elkarrizketa tresna eta xede hartuta. Hori da bidea. Sakondu egin behar da. Ez daukat zalantzarik. Lopezek beretzat nahiko luke gizarte erakunde horiek, hezkuntza munduan, jaso duten erantzun eta babesa.

Zer gerta daitekeen? Hezkuntza sailak bere ikuspuntua inposatzen badu hoztasuna jasoko du geletan. Hezitzaileak ez dira inplikatuko eta aukera interesgarri bat alperrik galduko da; beste bat. Jaurlaritzak beste tentazio makurragoa izan lezake: gai hau xantaia bezala erabili itunpeko ikastetxeekin; hots, diru-laguntza jaso ahal izateko ikastetxeak ikasgai berria derrigorrez irakatsi behar. Bestela, sosik ez.

Gure maisu-maistrak profesional zailduak dira. Hainbat sailburu desberdin ezagutu dituzte. Bakoitzak bere bulkada propioa ekarri nahi izan du. Celaa ez da salbuespena izango. Sailburuak joan doaz. Maisu-maistrak hor geratzen dira. Oraingoan ere asmatuko dute formularen bat politikarien erabakiak toreatzeko. Badakizue: zezenaren adarrak, urrutian edarrak.

Bistan da: Lopezek irudia maite du, baina irudiak ez du bera maite. Irakasle sozialista batek kudeatzen duen Euskobarometroak ere bizkarra eman dio. Besarkadak, bostekoak, telebistako fokuak… ohiko jardunbide bilakatu du. Antzezpena gain-antzezpena bihurtzen denean aktorearen gabeziak agerian geratzen dira. Gainbeheraren hasiera da.

Bizkitartean, lehendakariak berean darrai: besarkadak eta bostekoak kanpoan ditu salgai baina etxekoenak ez ditu hartu nahi.