bannerbanner



Bakegintza: politika egiteko beste kultura bat

2011.02.17 (2:50 am)

Rebeka Ubera, Aralarreko Antolaketa Idazkaria

Zalantzarik gabe bakegintzan aritzeak, politika egiteko beste kultura bat eskatzen du, zoritxarrez gaur egun ere oraindik politikan jarduten dugunok barneratua ez daukagun politika egiteko kultura. Nahiz eta, ez den ukatu behar saiakerak egiten ditugula bestelako kultura hori barneratzen, eta praktikara eramaten, gure historiak ondo erakusten duen bezala.

Oraindik ez dugu ikasi bakegintza ez dela lehia politikoarekin nahasi behar. Lehia politikoa gauza bat dela eta bakegintza beste bat oso desberdina, eta tentu handiz aritu behar dela, bereziki bakegintzan urratsak egiten dihardugunean, atzera bueltan jarriko gaituen hanka sartzerik ez egiteko. Adibide praktikoak jartzeagatik: gauza bat da Gernikako Akordioa eta beste bat oso desberdina Euskal Herria Ezkerretik edo eta Lortu arte. Garbi dago, lehia politiko horretatik at, alderdi guztiok elkarrekin aritu behar dugula, baldin eta adostasunetara iritsi nahi badugu, bakegintzan aurrera pausuak emateko. Bide horretan protagonismoak albo batera utziz, eta baita protagonismoak konpartituz.

Halaber, politika egiteko beste kulturak ez du esan nahi ere adostasunaren izenean gure ideiak, printzipioak albo batera utzi behar ditugunik. Erantzukizunez jokatu behar da, baina benetako erantzukizunez eta ez maiz saltzen diguten, saldukeriaren adostasunaren erantzukizunez, printzipioak albo batera utziz eta herritarrak salduaz. Bide horretan ongi bereizi behar dira, norbanakoak eta kolektiboek ere egin beharreko bidea. Ondokoak norberaren bidean sartzea bortxatu gabe. Eskuzabaltasunez, baina tinko. Eztabaidari beldurrik izan gabe. Printzipioak eta edukiak behar bezala blindatuz.

Bide horretan, nik garbi daukat ibilbide orria eta erreferentea Gernikako Akordioa dela. Bertan jatorri eta ideologia desberdinetako kolektiboak gaude. Denok prest eztabaidatzeko, batzuetan gainera sutsuki. Baina denok gurea emateko prest bakegintzan eta normalkuntza politikoan aurrera pausuak emateko, eta Gernikako Akordioa defendatzeko, sozializatzeko eta gizartean txertatzeko. Azken finean, bidea herriarekin egin behar delako, herritarren eskutik. Beraiekin, baina erantzukizuna eragile politikook hartuz, hots “marroia” herritarrei pasa gabe, urteetan nahiko “marroi” pasa diegulako eta pasarazi diegulako, alderdiek izan duten jokabide eta interesak direla medio.

Beti hasten inora ez heltzeko

2010.03.25 (9:21 am)

Baleren Bakaikoa Azurmendi, EHUko irakaslea
Baleren Bakaikoa Azurmendi, EHUko irakaslea

Urteak daramatzagu bake prozesuaren inguruan mintzatzen eta bide horretatik urratsak eman nahian. Baina beti oztoporen batekin aurkitzen da ditxosozko prozesu hori eta dena hondamendian geratzen da. Eta jakina, euskal hiritarrok oraindik depresio batean ez bagara erori ere, desanimua hezurretaraino iritsita daukagu. Azkenean tratamendu psikiatriko kolektiboa beharko dugu, helmugara inoiz ez garela heldukoaren sentsazioa barneratzen ari baikara.

Porrot batetik bestera. Frakasotik berrastera leku berera heltzeko. Badirudi Sisiforen ikasle aurreratuak direla: harria mendi tontorrera igo eta heltzear dagoenean, erori, berriro igotzen hasteko. Sisifok, gutxienez, berarentzat egiten zuen, baina gure salbatzaileak guztion ongizatea nahi omen dute, nahiz eskaintzen diguten ongizate hori arbuiatzen dugun. Hala ere, tamalez hor diraute.

Bestalde, harrigarria da belaunaldi berria ETAren zuzendaritzara iristen denean, aurreko zuzendaritzak burutu zuen guztia hankaz gora jartzen dutelako, esanez bezala,” zuek gaizki egin duzuena guk konponduko dugu”. Baina hankak lurrean jarri ahala eta errealitateak beste itxura bat hartu ahala, aurreko jarrera oldarkorra aldatu egiten dute eta porrot berri baterako ateak irekita geratzen dira. Badirudi “ad infinitum” jarraitu behar dugula. Amaierarik gabe. Beraz, belaunaldien arazo larria dago eta agintaritza sendo eta iraunkorra izatera heltzen ez den bitartean, horrela jarraituko du. Eta hau guztia estatuak badaki, jakin ere,eta nahi duen adina profitatzen da.

Guztiau ez da berria. Izan ere, ETAko militarrek horrelako joera izan dute bere historian zehar eta politikoei burua makurrarazi die, ahulezian egon diren garaietan salbu. Eta gaur egun, badirudi, ahul daudela eta hortik ezker abertzaleko politikariak askatasun aroan baleuden bezala jokatzen ari diren. Baina erakunde militarrak indarrak biltzea erdiesten badu, berriro, sugeak burua altxatuko du. Tamalez.

Frankismoaren garai ilunetik etakide askok heroien irudiarekin herriratu ziren eta hainbat militanteen izenekin bataiatu ziren herri eta hirietako plaza eta kale ugari. Francoren aurka eta Euskal Herriaren alde borrokatu zutenaren ikur ziren hainbat eta hainbat herritarrentzat. Baina guztiau haizeak eraman du eta garai haietan heroiak zirenak gaur, gehienentzat, bilau bilakatu dira, atzerabiderik gabe gainera. Sinbolokoa bada ere, hau da jasotzen ari diren ordaina. Nahiz konparaketak ez diren oso osasuntsuak izaten, hala ere, esan dezakegu antzeko zerbait gertatu zitzaiela karlistei eta jakin, badakigu, azkenean estatu autoritario eta zentralistari jokoa egiten amaitu zutela.

Hau guztia ETAren estrategia okerraren ondorioa besterik ez da. Izan ere, estatuari aurre egiteko beronen arma berak inoiz ezin daitezke erabil. Estatuen ahulezia ez da militargintzatik azalduko, demokrazia-defizitaren aldetik baizik. Defizit hau bere gordintasunean ikusi behar dugu hiritarrok, bai euskaldunok, baita espainiarrek ere. Gero joango gara Europako beste herrialdetara, baina lehenbizi etxeko lanak ondo egin behar ditugu. Hala ere, orain arte bezala, Europako erakundeetatik gutxi itxaron dezakegu, beste helburu batzuetarako sortu zelako.

Beraz, egoera anker honetatik irteteko ETAk bere estrategia aldatu beharra dauka. Baina boxeolari bat erdi jota dagoenean aholkuak ematea ez da oso erraza eta ETA, zalantzarik gabe, egoera horretan dago. Are gehiago Frantziako estatuak bere aurka gauzatuko dituen neurri berrien ondorioz. Erakunde militarra ez dute erabat garaituko, baina bai ordea ia osoki kontrolatu eta egoera horretaz jabearaztea izan behar luke ezker abertzalearen lehen eginkizuna, bestela jai baitauka.

Euskarak ez duela gatazkarekin zerikusirik

2010.03.09 (10:04 am)
Mattin Amundarain, eredugilea
Mattin Amundarain, eredugilea

Euskarak ez duela arazorik. Nor berari erosoen zaion hizkuntzan hitz egin behar dela. Nire ingurunean jaso ditudan jarrera hauek eraman naute honako gogoeta hauek egitera. Banan-banan honako esaldiei erantzutea nahiko nuke.

- Euskarak ez duela gatazkarekin zerikusirik?

Sanzek eta bere lagunek, PP, PSOE eta beste batzuek zergatik dutela uste duzue horrelako interesa euskarari oztopoak jartzeko? Ez al gara kontratu azken aldi hnonetan zein gai bereganatu nahi izan dituen PPk? Hizkuntza hezkuntza, hedabideak… Hizkuntzarekin zerikusia duten guztiak. Euskara indartzeagatik edo suntsitzeagatik? Hauek guk euskaldunok baino balio handiagoa ematen diote euskarari; bait baitakite Euskal Herriari nortasuna, naziotasuna ematen dion bereizgarri nagusia euskara dela. Pentsa honek gatazkarekin zerikusirik duen ala ez; euskara suntsituz gero ez dago Euskal Herririk; orduan kitto euskal arazoa.

Guk, aldiz, euskaldunok, ez diogu duen baliorik ematen euskarari; halako “edukazioa” jaso dugulako edo nonbait. Erdaldunen aurrean euskaraz egitea ez da “edukaziozkoa”; makurtzen irakatsi zaigu, eta guk, inolako zalantzarik gabe, bete-betean onartu dugu makurketa hau. Hau da gure miseria, geu konbentzituta menpeko izan behar dugula!

- Euskarak ez duela arazorik?

Euskal Herriko zein tokitan bizi daiteke euskaraz? Ba al da tokiren bat erdaraz bizi ez daitekeenik? Gutxienez bi hizkuntza horiek, Euskal Herri osoan, maila berara iritsi arte euskara gatazkan dago nire ustez.

- Nor berari erosoen zaion hizkuntzan hitz egin behar dela?

Jarrera honekin lehenean gaude; ia euskaldun guztioi erosoago zaigu erdaldunen aurrean erderaz egitea. Nire ustez, euskaldunok alegindu behar dugu beti euskaraz egiten; komeni da erdaldunak konturatzea haiengatik egiten dugula erdaraz.

Ona izango litzateke, alde edo aurka, gaiaz kezka dutenen artean iritzi trukaketa batzuk egitea.

Eliza, bakegile

2010.03.02 (10:34 am)

Alvaro Marcos, Ezker Gogoa
Alvaro Marcos, Ezker Gogoa

Aldaketa garaiak dira gure herrian. Ekonomia, gizartea, politika bera… dena dugu aldagai. Krisialdi latzaren adierazle, hondoa jotzen ari garen seinale. Erresistentziak, proposamenak, ildo berriak, betiko errezetak… denetarik agertzen zaigu, nor baino nor lehia bizian. Une interesgarria, ezbairik gabe, behingoz norabide zuzenean abiatzeko.

Eliza ere aztoratuta dabil. Barne eta kanpoko eragileek bultzatuta, hainbat gai, oinarri eta lehentasunak ezbaian daude, jarrera ezberdinen arteko borroka isil edo zaratatsuan. Ez dira ez makalak kristau komunitateak aurrean dituen arazo eta erronkak. Bere zutabe eta oinarri batzuk kolokan jartzen dituztenak.

Testuinguru honetan, Euskal Herrian Elizak landu eta zaindu beharreko gai nagusietariko bat, bakearena alegia, jarrera eta interes ezberdinen jomugan kokatuta dago, aspaldian. Mugimenduak eta adierazpenak jasotzen dira, nolabaiteko “garaipena” lortzeko, norberaren jarrerak orokortzearen aldeko borrokan. Egia esan, nire ustez, urteetan zehar hazitako ondarea eta ikuspegia arriskuan egon daiteke, interes garbiak dituzten presio-talde batzuen eraginagatik.

Horregatik, eskergarria da oso Joan Maria Uriarte gotzain-ohiaren gogoetak noizbehinka entzutea eta barneratzea. Adibidez, duela hilabete batzuk, Forum Europa-Tribuna Euskadin “Gure Eliza bakearen zerbitzura” izenburuko hitzaldia eman zuen, Bilbon. Bertan, berriro ere, elkarrizketaren beharra, etikaren premia eta guztien giza eskubideen defentsa aldarrikatu zituen.

Funtsean, sentsibilitate politiko guztien arteko eta gatazkan diren aldeen arteko elkarrizketa azpimarratu zuen. Horixe da gatazka guztiak gainditzeko benetako bidea. Horregatik, bere ustez, Elizak aldarrikatu eta bultzatu behar du bide hori, etengabe. Horrez gain, baieztapen bat bota zuen: etikarik gabeko politikak ezin du inongo herririk ez eraiki ez baketu. Etikarik gabe, politikak gizatasuna galtzen du, ustelkerian eroriz.

Bizi dugun bake eza horrek eragiten duen sufrimenduaren mapari errepasoa ere eman zion; han dago guztiz arbuiagarria den ETAren indarkeria, begirunea, laguntasuna eta kalte ordaina merezi dituzten biktimak, edo hurbiltasuna jaso behar duten presoekiko familiarrak, besteak beste. Finean, giza eskubideak guztientzako ukaezinak direla esaten du, baita deliturik handienak egin dituztenentzat ere.

Lehen adierazitako aldaketa garai honetan, hitz eta planteamendu hauetan dagoen gizatasuna eta benetakotasuna azpimarratzea egokia dela pentsatzen dut. Pertsonak eta karismak pasatuko direlako, baina funtsean dauden ideiak eta konpromisuak mantentzea denon lana delako. Behintzat, Eliza bakearen zerbitzura nahi dugun guztiontzat. Eliza bakegilea gura dugunontzat.