bannerbanner



Beti hasten inora ez heltzeko

2010.03.25 (9:21 am)

Baleren Bakaikoa Azurmendi, EHUko irakaslea
Baleren Bakaikoa Azurmendi, EHUko irakaslea

Urteak daramatzagu bake prozesuaren inguruan mintzatzen eta bide horretatik urratsak eman nahian. Baina beti oztoporen batekin aurkitzen da ditxosozko prozesu hori eta dena hondamendian geratzen da. Eta jakina, euskal hiritarrok oraindik depresio batean ez bagara erori ere, desanimua hezurretaraino iritsita daukagu. Azkenean tratamendu psikiatriko kolektiboa beharko dugu, helmugara inoiz ez garela heldukoaren sentsazioa barneratzen ari baikara.

Porrot batetik bestera. Frakasotik berrastera leku berera heltzeko. Badirudi Sisiforen ikasle aurreratuak direla: harria mendi tontorrera igo eta heltzear dagoenean, erori, berriro igotzen hasteko. Sisifok, gutxienez, berarentzat egiten zuen, baina gure salbatzaileak guztion ongizatea nahi omen dute, nahiz eskaintzen diguten ongizate hori arbuiatzen dugun. Hala ere, tamalez hor diraute.

Bestalde, harrigarria da belaunaldi berria ETAren zuzendaritzara iristen denean, aurreko zuzendaritzak burutu zuen guztia hankaz gora jartzen dutelako, esanez bezala,” zuek gaizki egin duzuena guk konponduko dugu”. Baina hankak lurrean jarri ahala eta errealitateak beste itxura bat hartu ahala, aurreko jarrera oldarkorra aldatu egiten dute eta porrot berri baterako ateak irekita geratzen dira. Badirudi “ad infinitum” jarraitu behar dugula. Amaierarik gabe. Beraz, belaunaldien arazo larria dago eta agintaritza sendo eta iraunkorra izatera heltzen ez den bitartean, horrela jarraituko du. Eta hau guztia estatuak badaki, jakin ere,eta nahi duen adina profitatzen da.

Guztiau ez da berria. Izan ere, ETAko militarrek horrelako joera izan dute bere historian zehar eta politikoei burua makurrarazi die, ahulezian egon diren garaietan salbu. Eta gaur egun, badirudi, ahul daudela eta hortik ezker abertzaleko politikariak askatasun aroan baleuden bezala jokatzen ari diren. Baina erakunde militarrak indarrak biltzea erdiesten badu, berriro, sugeak burua altxatuko du. Tamalez.

Frankismoaren garai ilunetik etakide askok heroien irudiarekin herriratu ziren eta hainbat militanteen izenekin bataiatu ziren herri eta hirietako plaza eta kale ugari. Francoren aurka eta Euskal Herriaren alde borrokatu zutenaren ikur ziren hainbat eta hainbat herritarrentzat. Baina guztiau haizeak eraman du eta garai haietan heroiak zirenak gaur, gehienentzat, bilau bilakatu dira, atzerabiderik gabe gainera. Sinbolokoa bada ere, hau da jasotzen ari diren ordaina. Nahiz konparaketak ez diren oso osasuntsuak izaten, hala ere, esan dezakegu antzeko zerbait gertatu zitzaiela karlistei eta jakin, badakigu, azkenean estatu autoritario eta zentralistari jokoa egiten amaitu zutela.

Hau guztia ETAren estrategia okerraren ondorioa besterik ez da. Izan ere, estatuari aurre egiteko beronen arma berak inoiz ezin daitezke erabil. Estatuen ahulezia ez da militargintzatik azalduko, demokrazia-defizitaren aldetik baizik. Defizit hau bere gordintasunean ikusi behar dugu hiritarrok, bai euskaldunok, baita espainiarrek ere. Gero joango gara Europako beste herrialdetara, baina lehenbizi etxeko lanak ondo egin behar ditugu. Hala ere, orain arte bezala, Europako erakundeetatik gutxi itxaron dezakegu, beste helburu batzuetarako sortu zelako.

Beraz, egoera anker honetatik irteteko ETAk bere estrategia aldatu beharra dauka. Baina boxeolari bat erdi jota dagoenean aholkuak ematea ez da oso erraza eta ETA, zalantzarik gabe, egoera horretan dago. Are gehiago Frantziako estatuak bere aurka gauzatuko dituen neurri berrien ondorioz. Erakunde militarra ez dute erabat garaituko, baina bai ordea ia osoki kontrolatu eta egoera horretaz jabearaztea izan behar luke ezker abertzalearen lehen eginkizuna, bestela jai baitauka.