Ezker Abertzalearen “Zutik Euskal Herria” dokumentuaren aurkezpenak erantzun asko sortu ditu maila politikoan. Blogosferan ere topa daitezke irakurtzeko analisi, balorapen eta ikuspegi oso interesgarri eta gomendagarriak. Gainera, guztiek luzatzen dute dokumentu honen eta bakerako aukeren inguruan hitz egiteko gonbidapena.
Joxerra Bustillok nabarmentzen du dokumentuak izaera estrategikoa duen prozesu baten oinarritzea egiaztatzen duela, eta “traba arrotzik gabeko euskal herritarren garapen nazional eta soziala jomuga duen sektore sozial handi baten buru izateko baldintzetan jar dezake ezker abertzalea”.
Bits RojiVerdes-en zera planteatzen dute: “egia dena da abertzaleek ez dietela babesa emango indarkeriazko metodoei beren xede politikoak lortzeko”.
Popotak honela laburtzen du: “Ezker Abertzaleak konfrontazio politikoarekin egiten du apustu, kontziente izanik hori dela Estatua ahultzen duena, eta terrorismoa alde batera uztearekin, horrek ematen baitie indarra”.
Mikel Aranak eztabaida zintzoa iruditzen zaiola adierazten du, baina honela ondorioztatzen du: “berriz ere puntu berean gaude, Ezker Abertzale politikoa, nahigabe bada ere, kupula militar baten erabakien baitan bahitua den puntu horretantxe hain zuzen.”
Jon Inchaurragak, Aberriberrin, uste du “berdinetan jarraitzen dugula. Ez dago damurik edo ETAren indarkeriaren balorapen kritiko aztarnarik ere. Era berean, gainontzeko guztiak salatzen dituzte euskal abertzaletasuna ‘suntsitzen’ saiatzeagatik”.
Floren Aoizek erantzunak nabarmentzen ditu bereziki, esanez “koordenatu hauetan, agente bakoitzak Ezker Abertzaleko oinarrien erabakiari emandako erantzunetan islatzen du bere burua. Era batean ala bestean demokrazia eta euskal nazio-eraikuntzaren zeruertzarekiko aurrerapenak begi onez ikusten dutenek pozik jaso dute berria. Bestalde, kritikak, exijentziak eta eszeptizismo zeinuak gailentzen dira haserre, urduri edo baita larri ere sentitzen direnen aldetik, kiribiletik irteteko aurreikuspenaren aurrean”.
Oskar Matutek harrera ona egiten dio ekimenari eta zera eransten du: “bene-benetan pozten naiz eta nahiago dut berriz ere ilusionatu, desengainu berri baten arriskua hor egon arren”.
Iñigo Urkulluk egokitzat hartu du dokumentua eta zera dio: “ziur nago ezker abertzale ‘horretan’ ETA desagertu behar dela uste duen jende asko dagoela. Baina estrategia eta taktikaren artean mugitzen diren batzuk badaudela ere uste dut. Estrategia haiek borroka armatua deitzen dutena da eta taktika, berriz, bake prozesuak”.
Txema Oleagak baieztatzen du: “berriz ere zalantzak sortzen dabiltza. Berriz ere anbiguotasuna eta betiko hizkera erabiltzen dabiltza ETA eta indarkeriarengandik argi eta garbi ez bereizteko”.
Biturie, Arabatik-en, oso zehatza da: “Dagoeneko ENAM-aren (Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua) abangoardia esku politikoetan dago behin betiko”.
Pello Urzelaik uste du bide orri argia dela: “ETAk oraindik ez du adierazi noraino eta nola dagoen engaiatua estrategia berritu honetan, baina argi dago, azken agirian esaten zuenez, ‘ezker abertzalearen borrokaren ardatza aurrerantzean prozesu demokratikoa’ bada, Zutik Euskal Herria ebazpenak jasotzen dituen terminoetan izan beharko duela”.
Xabier Letonaren ustez, dokumentuan planteatzen dituzten “ideia horien atzean da, ezkutuan, garrantzitsuena: une honetan borroka armatuak ez du balio burujabezaleen indar metaketa egituratzeko eta, beraz, alboratu egin behar da”.
Jose Luis Uriz-ek azaltzen du “oraingo honetan serioski dabiltza, eta lehenengo aldiz gatazka luze eta mingarri honen historian, politikoak militarren aurka jaiki dira”.
Javier Madrazoren ustetan “esperientziak ETAk abagune honetan daukan paperaren inguruan zuhurrak izatera behartzen gaitu. Hala ere, ezin ditugu ‘Zutik Euskal Herria’ ebazpenaren nabaritasuna eta irismena ukatu, Zapateroren Gobernuak aintzat hartu beharko lukeen aurrerapauso garrantzitsua baita”.
Hauek dira blogosferan argitaratutako balorazioetako batzuk. Zein da zurea?