bannerbanner



Eliza, bakegile

2010.03.02 (10:34 am)

Alvaro Marcos, Ezker Gogoa
Alvaro Marcos, Ezker Gogoa

Aldaketa garaiak dira gure herrian. Ekonomia, gizartea, politika bera… dena dugu aldagai. Krisialdi latzaren adierazle, hondoa jotzen ari garen seinale. Erresistentziak, proposamenak, ildo berriak, betiko errezetak… denetarik agertzen zaigu, nor baino nor lehia bizian. Une interesgarria, ezbairik gabe, behingoz norabide zuzenean abiatzeko.

Eliza ere aztoratuta dabil. Barne eta kanpoko eragileek bultzatuta, hainbat gai, oinarri eta lehentasunak ezbaian daude, jarrera ezberdinen arteko borroka isil edo zaratatsuan. Ez dira ez makalak kristau komunitateak aurrean dituen arazo eta erronkak. Bere zutabe eta oinarri batzuk kolokan jartzen dituztenak.

Testuinguru honetan, Euskal Herrian Elizak landu eta zaindu beharreko gai nagusietariko bat, bakearena alegia, jarrera eta interes ezberdinen jomugan kokatuta dago, aspaldian. Mugimenduak eta adierazpenak jasotzen dira, nolabaiteko “garaipena” lortzeko, norberaren jarrerak orokortzearen aldeko borrokan. Egia esan, nire ustez, urteetan zehar hazitako ondarea eta ikuspegia arriskuan egon daiteke, interes garbiak dituzten presio-talde batzuen eraginagatik.

Horregatik, eskergarria da oso Joan Maria Uriarte gotzain-ohiaren gogoetak noizbehinka entzutea eta barneratzea. Adibidez, duela hilabete batzuk, Forum Europa-Tribuna Euskadin “Gure Eliza bakearen zerbitzura” izenburuko hitzaldia eman zuen, Bilbon. Bertan, berriro ere, elkarrizketaren beharra, etikaren premia eta guztien giza eskubideen defentsa aldarrikatu zituen.

Funtsean, sentsibilitate politiko guztien arteko eta gatazkan diren aldeen arteko elkarrizketa azpimarratu zuen. Horixe da gatazka guztiak gainditzeko benetako bidea. Horregatik, bere ustez, Elizak aldarrikatu eta bultzatu behar du bide hori, etengabe. Horrez gain, baieztapen bat bota zuen: etikarik gabeko politikak ezin du inongo herririk ez eraiki ez baketu. Etikarik gabe, politikak gizatasuna galtzen du, ustelkerian eroriz.

Bizi dugun bake eza horrek eragiten duen sufrimenduaren mapari errepasoa ere eman zion; han dago guztiz arbuiagarria den ETAren indarkeria, begirunea, laguntasuna eta kalte ordaina merezi dituzten biktimak, edo hurbiltasuna jaso behar duten presoekiko familiarrak, besteak beste. Finean, giza eskubideak guztientzako ukaezinak direla esaten du, baita deliturik handienak egin dituztenentzat ere.

Lehen adierazitako aldaketa garai honetan, hitz eta planteamendu hauetan dagoen gizatasuna eta benetakotasuna azpimarratzea egokia dela pentsatzen dut. Pertsonak eta karismak pasatuko direlako, baina funtsean dauden ideiak eta konpromisuak mantentzea denon lana delako. Behintzat, Eliza bakearen zerbitzura nahi dugun guztiontzat. Eliza bakegilea gura dugunontzat.

BAKE eta ON!

2010.02.10 (10:50 am)
P.Zabala
Pello Zabala, Arantzazuko fraile frantziskotarra

Arantzazun eliza berria jasotzen ari zirenean, kriptan genituen mezanagusi eta elizfuntzio guztiak. Sermolarien artean gogokoa nuen aita Julian Alustizaren jardun patxadakoa: “anai-arreba maiteok, bake eta on guztioi”. Horrelaxe abiatzen zuen euskara gozo lasaian bere esan baketsu baregarria.

Bakearen eta onaren mezua jaulki zitzaigun orduko 10-12 urteko mutiko gaxteoi. Arantzazuko giro baketsu huraxe genuen bakegarri. 1950eko hamarkadan ezin zen euskaraz jendartean hitzegin. Eliza gutxi ziren igandeko sermoia euskaraz egiteko lizentzia zutenak: Arantzazu bat, euskal jendea zetorrela gogoan.

Gustatzen zait “Bake eta On” aurretik dudala hastea nire jarduna. Asisko gure anai ttikiaren gomendioa dugu frantziskotar fraileok. Bakezale eta baterale bizi eta azaltzeko gonbita eta erregela utzi zigun. Asis izan da bake eta batasun pausoen hiria, bai Frantziskoren garaian bertan eta baita Juan Paulo II aitasantuarenean ere. Frantziskok bertako ‘Podestá’ agintaria eta gotzainaren arteko sestra gaiztotua bakeratu zuen. Juan Paulok munduko erlijioburuak bildu zituen Asisen, denen artean bake otoitza egiteko.

“Bake eta On” guztioi. “Hauxe bedi zuen diosala”, gogoratzen digu Frantzisko ttikiak bere testamentuan: “Jaunak agertu zidan, agur gisa hau esateko: Bakea dizula Jaunak”. Ohitura ongi errotua zeraman hasiera baketsu haren lehen urratsetatik. Bere prediku guztietan, bildutakoei Jankoaren hitza iragarri aurretik, bakea opa izaten zien esanez: “Jaunak eman diezazuela bakea!”

Eta hala gomendatzen zigun bere itzal frexko bakezkoan jarraitu nahi genion guztioi: “Ahoz hotsegiten duzuen bakea, oparoago izan dezazuela zeuen bihotzetan. Ez eman inori haserrebiderik, ez galbiderik; baizik eta, zeuek otzanak izanik, eragin guztiei bakera, onberatasunera eta bihotz-batasunera. Honetarako izan baikara deituak: zaurituak sendatzeko, hausturak lotzeko eta oker dabiltzanak zentzarazteko.”

Gure Asisko anaia ttikiak denentzat zuen amodio aparta, Jainko Bizi Nagusiarengandik zetorkiona, anai-arreba guztientzat halaxe, kreazio osoarentzat bestekoa. Barruan gure baitako potzu hondoko isil sakonean, bertara jaitsiaz gero, zer topatzen duzu, bake isil zabal ta sendoa ez bada? Horixe topa dezagun gure baitan, eta egin topa, gogotik topa, parean topo egiten dugun guztiekiko. Bake eta On!