Gizarte Zibilaren ordua
2010.11.21 (6:18 pm)
Ikuspegi ezberdinetatik begiratuta, Euskal Herrian dagoen sare soziala oso esanguratsua eta hainbat arlotan erreferentea da. Izan ere, milaka eta milaka herritarrek euren denbora eta gaitasunak eskaintzen dituzte musutruk, sinesten duten esparruetan edo ekimenetan. Egia da azken garai hauetan gauzak aldatzen ari direla –txarrerako, norberekeriaren ideologiak bultzatuta- eta gabezien artean, elkarrekin aritzeko zailtasunak betidanik egon direla, baina orokorrean gizarte zibilaren egoera nahiko ona dela baiezta dezakegu.
Euskal gatazkaren konponbiderako inplikazioan taldeen eta mugimenduen parte hartzea gorabeheratsua izan da. Egia da Lizarra-Garaziko garaian alor ezberdinetako eragileen ekarpena eta apustua nabarmena izan zela, esparru abertzale soiletatik haratago joan zena. Prozesuak itxaropen eta ilusio franko piztu zituen eta horrek islada garbia izan zuen jendearen eta gizarte antolatuaren erantzunean. Hala ere, eskema horrek porrot egin zuenean ilusioaren ordez frustrazioa nagusitu zen eta handik aurrera ahaleginak egin arren, gizartearen aktibazioa orokorrean eta gizarte taldeen inplikazioa zehazki bigarren edo hirugarren maila batean geratu dira. Horixe oso argi geratu zen konponbiderako eta bakerako izandako azken saiakeran, non ekimena osoa alderdi eta eragile politikoen esku utzi baitzen. Eta denborak erakutsi duenez, hori ez zen izan irtenbideak bilatzeko eta planteatzeko batere mesedegarri.
Egungo testuinguru itxaropentsu berrian funtsezkoa da gizarte zibilaren parte hartzea eta inplikazioa, era antolatu eta ordenatu batean. Zenbait arrazoi aipatzearren, hona hemen bururatzen zaizkidan batzuk:
Une estrategikoa; hainbat arrazoi tarteko, jada garatzen ari den prozesua bidezko konponbide baterako behin-betiko ahalegina dela sinesten ari gara. Ezker Abertzale historikoak hartutako aldebakarreko bidea oso irmoa da eta horren ondorioz bai ezkerrean bere osotasunean, bai mugimendu abertzalean eta baita oinarrizko indar korrelazioetan aldaketa nabarmenak agertu daitezke.
Politika egitea, denon ardura; eginkizun erabakitzaileak dituzten arren, alderdi politikoek interes, presio eta eragin asko jasotzen dituzte. Beraz, prozesua norabide egokian jartzeko, gizartean dauden benetako interesak lehenengo planora eramateko eta gertatuko diren geldialdi eta arazoen aurrean denon onura bilatzeko nolabaiteko presioa egiteko talde eta mugimendu anitzen estrategi komuna oso garrantzitsua izan daiteke.
Aldarrikapen komunak, demokrazia; gizarte zibila hedatua, heldua eta antolatua izatea eta lantzea demokrazia indartsu baterako oinarrizko osagaia dela askotan adierazten da. Ikuspegi honetatik, aldaketa eta birmoldatze garai batean euren balore, praktika eta aldarrikapenekin talde ezberdin horiek egin dezaketen ekarpena onuragarria izan daiteke denontzat, demokrazian eta parte hartzean sakontzen duten heinean.
Giza eskubideen ikuspegi zabala, eredua; aurreko puntuarekin lotuta, eraldaketaren ikuspegitik eta gizarte zuzenago eta sendoago eraikitzeko lanetan gizarte eskubideen alde eta oro har giza eskubideen alde egin ditzaketen ekarpen eta presioa estrategikoa da, egungo ereduaren hainbat okertze zuzendu eta eredu beraren aldaketa burutu nahi duten giza talde ezberdinen ikuspegitik, behintzat.
Aurreko puntu horiek norabide egokian jartzeko behar-beharrezkoa da eragileen artean konfidantza giroan poliki-poliki estrategi komunak sortzea eta eginbide eta ekimen zehatzak martxan jartzea, indarrak bildu eta trinkotzeko asmoz. Ematen du batzuen artean apustu hau gauzatzearen garrantziaz hausnartu direla eta ondorioz, ekimen iraunkor batzuk martxan jartzen saiatzen ari direla. Emaitza onak izatea eta horien kudeaketa egokia egitea oso mesedegarria gerta daiteke irekitzen ari den aukera berrirako.









