bannerbanner



Zein da zure iritzia ETAren su-etenaz?

2011.01.14 (2:26 pm)
Lokarri, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sarea

Nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkorraren ETAren iragarpenaren ondotik, gertaera horretaz gizarteak dituen iritziak ezagutu nahi ditu Lokarrik. Horregatik, Bake-prozesuaren Behatoki Sozialaren galdetegi labur hau prestatu dugu su-etenaren adierazpenari buruz.

Beste behin ere, zuen jarrerak eta ekarpenak bildu nahi ditugu jakinik ETAren agiriak gizarteak denbora luzez aldarrikaturiko indarkeria-eza eta bake eskaerari erantzuten diola neurri handi batean. Galdetegia erantzuteko epea urtarrilaren 20an, ostegunean, bukatuko da.

Zure argazkia bake prozesurako egoeraz

2010.12.10 (9:34 am)

Bake-prozesuaren Behatoki Soziala
Bake-prozesuaren Behatoki Soziala

Pertsona behatzailea al zara? Zer iritzi duzu nazioarteko erraztaileek Euskal Herrian bake-prozesu batean egin dezaketen lanaz? ETAk indarkeriari amaiera jarriz gero, komenigarria litzatzeke abian jartzea elkarrizketa foro bat? Zer egin beharko lukete Gobernuak eta alderdiek bake prozesu bat laguntzeko?

Bake Prozesuaren Behatoki Sozialaren galdetegi berria abian da, zazpigarrena dagoeneko. Zazpigarrenez, herritarrek bakeari eta elkarbizitzari buruz zer iritzi duzuen jakin nahi du Lokarrik, hala, herritarrek ateratako egoeraren inguruko argazki bat izan dezagun eta argazki hori ahalik eta gehien zabal dezagun.

Lokarrirentzat herritarren partaidetza ezinbesteko baldintza da bake prozesu itzulezina eraikitzeko. Aurreko bake prozesuko akatsak ez errepikatzeko Bake Prozesuaren Behatoki Soziala bezalako ekimenak jarri ditugu abian eta bertan parte hartzera animatzen zaituztegu herritar guztioi.

Minutu gutxi batzuk badituzu, erantzun galdetegia!

Brian Currin, hedabideetan

2010.11.15 (5:10 pm)

Munduko hainbat bake-prozesutan erreztaile lanetan jardundako Brian Currin abokatuak Harremanetarako Nazioarteko Taldearen eginkizun eta funtzioa zeintzuk diren aurkezteko berriki Bilbon egin duen bisitaldian, zenbait elkarrizketa eman zituen hainbat hedabideren eskaerari erantzunez. Jarraian,  elkarrizketa horietako batzuk eskaintzen ditugu:

Bake prozesuaren egoera 2010eko udan

2010.10.14 (12:20 pm)

2010eko udako egoera aztertzen duen txostena aurkeztu du gaur Bake-prozesuaren Behatoki Sozialak.  Txostenak erakusten duenez, bake prozesuari buruzko pertzeptzioak 180 graduko iraulia izan du duela urtebete kalertatutako txostenaren datuekin alderatuz gero. Irudipen horri eusten dioten elementu nagusiak hauek dira: Ezker Abertzaleak hurrenez hurren emandako pausoak, soilik bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua finkatzeko; atentaturik ez izatea; Bruselako Adierazpenaren bidez etorri den nazioarteko euskarria, eta desberdinen arteko lankidetza-esparru berriak finkatu izana.

Brian Currinen komunikatua

2010.10.01 (10:16 am)

ETAren azken agiriei eta Bruselako Adierazpenari berari emandako erantzun zuzenari buruz galdetu zaio Bruselako Adierazpenaren sinatzaile bakoitzari. ETAri egiten zaion eskaera aurtengo martxoan Bruselako Adierazpenean aurkeztu bezala mantentzen da: aldebakarreko su-eten, egiaztagarria eta iraunkorra iragartzea.

Halaber, gaineratu nahi dut, munduko toki ezberdinetako talde  ugari batekin lan egiteak eta gai huetan azkar eta eraginkor parte hartzeko beharrak dakartzan zailtasun logistikoak direla eta, 5 pertsonaz osaturiko Nazioarteko Harremanetarako Talde bat eratzea erabaki dela iteresaturik dauden hainbat alderdirekin kontsultatu ondoren. Talde honetako kideak, beren betekizuna eta eginbeharra hilabete  honetan zehar, urrian, ezagutaraziko dira.

Brian Currin

2010eko irailak 30

Komunikatua ingelesez dago eskuragarri

Kale oinean

2010.06.03 (11:33 am)

María Lizardi, Lokarri

Bakeranzko prozesuan herritarren partaidetza eragiteko eta bultzatzeko asmoz duela urte bat baino gehiago Lokarrik interneteko sare sozialetan lan egiteko erronkari aurre egin zionean, teknologia berrien erabilera ohiko eredu presentzialean oinarrituriko ekintzekin bateragarri egiteko helburuz erabaki zuen. Denbora hori iragan delarik, esan dezakegu bi bideak paraleloki ari direla igarotzen, molde biek elkarri eragiteko gune ugarirekin eta arrakastaz. Lokarriren presentzia sendoak Facebook-en, Twitter-en edo Youtube-n eta 2.0ko erraminta ugariren erabilerak (wikiak,  Delicious, Google Groups…) agerian uzten dute Lokarri aktiboki ari dela mugitzen sarean. Gainera, denbora honetan zehar Lokarrik antolatu dituen hitzaldiek, Herrialde Batzarrek, Foroen topaketek eta kalean gauzaturiko esperientzia ezberdinek nabarmentzen dute herritarren partaidetza presentzialak ere indarrean darraiela eta irmoki errotua sentsibilizaziorako eta inplikaziorako molde bezala.

Horren fede eman zuten iragan larunbatean, maiatzaren 29an, Donostia, Bilbo  eta Hernaniko karriketan Bruselako Adierazpena ezagutzera emanez parte hartu zuten 46 lagunek. Atzerabueltarik izango ez duen bake prozesu bati ekiteko aukera dakar gatazka armatuen konponketan aditu diren nazioarteko 20 eragilek izenpeturiko xede oneko agiri horrek eta gogotik helarazi zuten 46 pertsona horiek inoiz ezagutu gabeko aukeraren garrantzia. Itxaropena berri ere zabalik da Bruselako Adierazpenari esker. Tentu eta zuhurtzia handiz bada ere, herritar guztion bizkarretan zamatuak ditugun etsipen pisutsuengatik, ilusioak hartu gaitu berriz ere. Joan den larunbatean nabarmendu egin zen konfidantza hori, bere lehen pausoak ematen ari denari eskutik tinko eusteko gogo hori bere ahalegina finkatu dezan. Aurrena Elkarrin eta ondoren Lokarrin bakeranzko bide zaila ibiliz urte ugari daramatzatenetik, hazten ari den aukerak erakarrita bertaratu ziren belaunaldi berrietara bildu ziren kalean “ezin dugu galtzen utzi bakea lortzeko zabaldu den aukera” esateko.


Baina bidegabe jokatuko genuke iragan larunbatean bildatuko laguntzaileek Adierazpenaren edukiak azaltzeko eta atxikimenduak eskatzeko orduan erakutsitako gogoari soilik eskainiko bagenioke gure arreta, izan ere, bakera gida gaitzakeen bide bat, errail bat dagoela ezagutzera emateko borondatea apirilaren 24tik bitago presente. Egun horretan hainbat pertsona karrikaratu ziren Galdakao, Getxo, Gasteiz eta Donostian egun gutxi lehenago Lokarrik abian jarritako “Bake prozesuari bai” kanpaina bultzatzera. Ondoren, bultzada hori herriz herri igaroz joan da, toki batzuetan behin baino gehiagotan karrikaratuz: Barakaldo, Bilbo (Abando, Indautxu eta Alde Zaharra) Portugalete, Lazkao, Beasain, Deba, Tolosa, Errenteria,  Iruñea, Barañain eta Burlatan, besteak beste, izan dira Lokarriko laguntzaileak Bruselako Adierazpena lau haizetara zabaltzen. Eta badirudi indarrak ez direla makaldu, oraindik antzematen baita mahaiak hedatu, kartelak itsatsi, informaziorako eskuorriak txukun ipini, banatu eta azalpenak emateko gogoa. Datorren igande honetan, adibidez, Gipuzkoako Antzuola herria izango da hautatuko eszenatokia.

Itxaropena kutsatzen hasia da bakearekin konprometituta gauden pertsonen artean, baina ez zimendu ahulen gainean eraikitako itxaropena, baizik eta elkarrizketatik eta pertsona guztien eskubideekiko errespetutik abiatuta konponbideen bilaketan aktiboki laguntzeko borondatean oinarrituta. Eskerrik asko zuen giza adeitasunaren bidez kalean mezu hori helarazten jakin duzuen guztiei. Baina eskerrik asko ere bai internet bidez, bai Lokarri garatzen ari den mahai-inguru zikloan parte-hartuz, bai beste baliabide batzuen bitartez, errail berri honetan bultzaka ari zareten guztiei.

Brian Currin: “Mesedez, ez ezazue galdu itxaropena”

2010.05.31 (10:48 am)
Maialen Lizarralde
Maialen Lizarralde, Lokarri

Joan zen maiatzaren 19an Brian Currin abokatu hegoafrikarrak Lokarrik eta Fundació per la Pau-k antolatutako hitzaldia eskaini zuen Bartzelonan. Bertan, 90 bat lagunen arretapean, Euskal Herrian bakea lortzeko aukeren inguruan aritu zen hainbat gatazketan eskarmentu handiko abokatu hau.

Ezker Abertzalearen barne-eztabaidan egin duen lana gogorarazi ondoren, ilegalizazioak ekarri zituen oztopoak nabarmendu zituen: “ezin da bake prozesu arrakastatsurik egon ilegalizazioak dakartzan ondorioekin”. Ezker Abertzaleak egindako pausoen garrantzia berretsi zuen. ‘Zutik Euskal Herria, Iruñeko Adierazpena edo Bruselako Adierazpenak irekitako bideak 3 gauza lortzera eraman du Ezker Abertzalea: 1) babes soziala lortzea, 2) beste alderdiekin konfiantza garatzea eta 3) indarkeria-ezarekin aldebakarreko konpromiso atzeraezina.

ETA su-eten inplizitu batean egon daitekeela esan zuen Currinek: “asko harrituko ninduke orain atentatu bat egingo balute”. Ezker Abertzalea ETA konbentzitzen ari dela esan zuen indarkeria uzteko.

Currinen ustez, unea iritsi da Madrilek pausoak eman ditzan: Ezker Abertzaleko buruak askatu bide berri honetan lan egin dezaten, presoak hurbildu, Batasuna legeztatu… Zapateroren “ibilbide interesgarriaz” aritu zen eta “bakearen presidente” bezala ikustea gustatuko litzaiokeela azaldu zuen: “berak ez badu egiten, hurrengo presidenteak egingo du”.

Galdera eta hausnarketen unean hainbat ideia atera ziren zinez plurala zen publikotik, non ETAren biktimak, Ezker Abertzaleko edo PSOEko kideak bildu ziren: sinesgarritasun gabezia, epeen malgutasun beharra, presoen garrantzia prozesuan parte har dezaten, prozesuaren izaera irekiaren garrantzia, biktimen mina eta haserrea…

Hala borobildu zuen Brian Currinek hitzaldia: “Mesedez, ez ezazue itxaropena galdu. Eskerrik asko eta zorte on.”

Egoerak hoberantz egin dezan aurrera egin behar dugu

2010.05.20 (11:51 am)

Alex Roteta, Lokarriko kidea
Alex Roteta, Lokarriko kidea

Pasa den maiatzaren 18-an Zarautz-ko Euskadiko Kutxaren Aretoan “Nola sendotu bakerako aukera?” galderaren inguruan antolatu zen mahai ingurura agertu ziren 11 herritarrek arreta handiz jarraitu zituzten EHU-ko nazioarteko zuzenbidetza pribatuan katedraduna den Juan Jose Alvarez-en eta Lokarriko Koordinazio Batzordeko Iñaki Arzak kidearen hausnarketak.

Iñaki Arzak-ek egungo egoeraren azterketa eginez hasi zuen bere txanda. Ondoren, Bruselako Adierazpenaren ekarpenak azpirratzeaz gainera, etorkizunean aurreikusi daitezkeen oztopo nagusiak ere aipatu zituen, halanola ETA eta Gobernuaren jarrerak eta alderdien artean zabalduegia dagoen mesfidantza. Amaitzeko, Ezker Abertzaleak azken hilabeteotan eman dituen pausoak direla eta, gure betebeharra eskua luzatzea dela argudiatu zuen.

Juan Jose Alvarez-ek egoeraren eremu etikoa, politikoa nahiz juridikoa aztertzeaz gain hainbat adibide zehatz ere aipatu zituen, moeta askotako injustiziek beraiekin dakartzaten kalteak adierazteko. Bakerako aukerak aprobetxatze aldera, optimismo eta pesimismo itsuak kaltegarriak direla esan eta neutralitatea ez bilatzeko gomendioa egiteaz gain, gizarte moduan etikoki blindatuak beharko genukela baieztatu zuen. Etorkizun hobe baten bila aurrera jarraitu beharko genukela proposatuz bukatu zuen bere hausnarketa.

Oso interesgarria gertatu zen amaierako galdera-erantzunen tartea ere. Parte hartzea oso zabala izan zen eta eritziak era askotakoak: biktimak, Ezker Abertzalearen estrategia, tortura, etab.

Brian Currinen hitzaldia blog honetan ikusgai. Asteazkena, maiatzak 19, 19.30. Zuzenean, streaming bidez.

2010.05.17 (11:28 am)

Lokarrik eta eta Fundació per la Pau erakundeak antolatuta, etzi, maiatzak 19, Brian Currinek Bartzelonan 19.030ean emango duen hitzaldia blog honetan izango da ikusgai zuzenean streaming bidez.

“Bakerako aukerak” izenburupean, Euskal Herrian bakeranzko bidean zabaltzen ari diren aukerak azertuko ditu abokatu hegoafrikarrak Bartzelonako Pompeu Fabrako Unibertsitatean.

Brian Currin nazioarteko bitartekari aktiboenetako bat da bake-prozesutan. Hegoafrikako eta Irlandako bake prozesuetan parte hartu du. Bere jatorrizko herrialdean Hegoafrikako Egiaren eta Berradiskidetzearen Batzordean aritu zen eta ondoren Ipar Irlandako Epaiak Berraztertzeko Batzordea koordinatu zuen. Harrezkero, Sri Lankako, Ruandako eta Ekialde Hurbileko bake prozesuetan jardun da.

Euskal errealitatea ere oso ongi ezagutzen duela erakutsi du azken hilabeteetan Currinek. Lokarrik bitan izan du Currinekin elkarlanean hitzaldia emateko plazerra, lehendabizikoa iragan urrian Donostian eta bigarrena otsailean Madrilen. Hitzaldi horietan adierazi zuenez, Ezker Abertzalearekin lankidetzan jardun da azken gertakarietan agerian geratzen ari den estretegia berria diseinatzeko, zeinari esker bide bat ari den zabaltzen bakerako aukerak dituen eszenatoki berri baterako.  Bruselako Adierazpena izenekoa bultzatu du, halaber, Currinek. Nazioarteko 20 eragilek sinaturiko adierazpen horretan su-eten iraunkorra eskatzen zaio ETAri batetik, eta bestetik, Gobernuari su-etenari eratzun egokia ematea.

Horregatik, aukera oso garrantzitsua da une giltzarri honetan Brian Currinen azterketa eta hausnarketak entzuteko parada izatea.

50 izen esanguratsuk Bruselako Adierazpen sostengatu dute

2010.04.29 (10:45 am)

Kultura, unibertsitate, kirol eta mugimendu sozialetako 50 izen esanguratsuk bere egin dute Bruselako Adierazpenaren deia. Pertsona guzti hauek, eta adierazpena sostengatu duten beste askok, beren atxikimendua adierazi dute bakea lortzeko ireki den aukera zehaztu dadin eta aukera berri bat zapuztea nahi ez dutelako. Horregatik, ETAri su-eten iraunkor bat eskatu diote, Gobernuak era egokian erantzuna izango dena.

Gainera, Ezker Abertzaleak joan zen larunbatean Iruñean egindako adierazpena beste pauso garrantzitsu bat izan da indarkeriaren amaieran, elkarrizketan, akordioan, inklusioan eta herritarren borondatearen errespetuan oinarritutako konponbide baterantz. Orain beharrezkoa da gizartearen babesa, guzti-guztiona, aukera hauek zehaztu daitezen. Zuk ere lagun dezakezu bakea lortzen Bruselako Adierazpenari zure sostengua azalduz.

Bruselako Adierazpenari sostengua azaldu dioten izen esanguratsuak:

Marta Mendia, kirolaria / Pello Zabala, Arantzazuko fraidea / Manu Arrue, jesuita / Mikel Zurbano Irizar, EHUko irakaslea / Jose Ramón Castaños “Troglo”, gizarte mugimenduak / José Luis Longarte, sindikalista / Natxo Isuzkiza, apaiza / Mariano Ferrer, kazetaria / Nestor Basterretxea, artista / Toti Martinez de Lezea, idazlea / Txema Ramírez de La Piscina, irakaslea / Roldán Jimeno, NUPeko irakaslea  /  Javier Sádaba, filosofoa / Perico Ibarra, EHUko irakasle ohia / Garbiñe Biurrun, EAEko Auzitegi Nagusiko presidente / Jordi Armadans, Fundació per la Pau-ko zuzendaria / Patxi Zabalo, EHUko irakaslea / Joseba Santamaria Rekarte, kazetaria / Juana Aranguren, Plazandreok / José Mª Lecumberri, Osasunako jokalari ohia / José Angel Esnaola, abokatua / Unai Elorriaga, idazlea / Juanjo Alvarez, EHUko Katedratikoa / Josetxu Martinez Montoya, idazlea / Mirentxu Purroy, kazetaria / Jesús Mari Lazkano, Arte Ederretako doktorea eta margolaria / Julio Flor, kazetaria / Francisco Letamendia, EHUko irakaslea / Enrike Zelaia, musikaria / Ramón Zallo, EHUko irakaslea / Víctor Manuel Maeztu, Pedagogian doktorea eta Aholkularia / Pere Ortega, Centre d’Estudis per la Pau J.M. Delàs-eko koordinatzaile / José Manuel Castells, EHUko Zuzenbide Administratiboan Katedratikoa / Txaro Arteaga, Emakundeko zuzendari ohia / Xabier Kintana, Euskaltzaina eta EHUko irakaslea / JoxAnton Artze, poeta / Antton Lafont, enpresarioa / Alfons Banda, Fundació per la Pau-ko presidentea / Susana Koska, zinegilea / Fernando Armendariz, gizarte mugimenduak / Jose Ignazio Ansorena “Piter”, Donostiako Udal Txistulari Bandaren zuzendaria eta pailazoa / Rosa Rodero, administraria / Cristina Sagarzazu, turismo teknikaria / José Mari Agirre Oraá, Errioxako Unibertsitateko irakasle / Kepa Gordejuela / Imanol Murua, kazetaria / Maixux Rekalde / Elena Herrán, EHUko irakaslea / Iñaki Lekuona, kazetaria / Andrés Krakenberger, Giza Eskubideen aktibista / Jon Mirena Landa, zuzenbide penaleko irakasle ‎ / Xabier Euskitze, kazetaria eta bertsolari ohia