bannerbanner



Kontakizunak, elkarbizitzarako zubiak

2011.10.07 (8:54 am)

Joxean Agirre, ELEAK Mugimendua
Joxean Agirre, ELEAK Mugimendua

Post hau bake prozesuaren Behatoki Sozialaren 2011ko Udako Txostenetik ateratako lau hausnarketen multzotik lehenengoa da. Artikulu hauek gai honen inguruan egiten dute hausnarketa: “Nola eraiki memoriaren kontaketa?”

Ikuspegi kritiko batetik izanda ere, zaila da iraganari begira jarrita bi pertsonak kontakizun bera egitea. Zer esanik ez dago, zenbat eta zabalagoa ariketa hori egiten duen giza-taldea, orduan eta zailagoa da pertsonen perspektiba bat egitea. Komunztadurak dira gakoak, nolanahi ere, kontakizunen arteko bateragarritasuna neurtu nahi izanez gero.

Hamarkada luzez nozitu dugun gatazka politikoaren indarkeria ezberdinek era askotan lausotu dute herritarren begirada. Kontakizun objektiboa, zientifikoa, historia parametro neutrotan neurritakoa, ez da existitzen. Kimera edo amarru dialektiko-politikoa besterik ez da. Izan ere, egia osoa, egia partzialen batuketa da, eta ez egia ezberdinen arteko batezbesteko aritmetikoa.

Beraz, kontakizun ezberdinen beharra eta beren legitimotasuna dira bakegintzaren porlana. Bake bidean, elkarrizketa dugu berme eta askatasuna/justizia topaleku. Bakea ez da gerraren gainditze hutsa, bide demokratikoak jorratzeak eta bere printzipioen arabera jarduteak demokrazia egiten baitu ezinbesteko. Hari horretatik tiraka, elkar hizketa eta akordioa kontakizun ezberdinen arteko dialektikaren seme-alabak ditugu. Hori esatean, kontakizun bakar baten balio intrintsekoa nardatzen ari gara, gurasokeriaren parekotzat hartu ere.

Akordioaren eta guztiontzako askatasunaren ondorio behar duen bakeak giza faktore oso nabarmena dauka. Aurrez-aurre bizi izan duten pertsonen arteko harremanak daude eszenatoki berri baten erdigunean, eta elkarren onespena ez da nolanahikoa izango. Jendartean sorturiko lubakiak eta zauri-marrak ez dira desagertuko ziztu bizian. Horregatik, ELKARBIZITZA izango dugu helburu politikoa. Elkarren arteko begiruneak ñabardura prepolitikoak dakartza berekin, baina marko demokratiko batean elkarri eragitea kontu politikoa da. Estrategia bat beharko du.

Estrategia horren muinean kontakizun ezberdinen ezinbestekotasuna dago nire ustean. Baztertze edo nagusitze tentazioari bizkar emanez, kontakizun ezberdinen jarioak lagunduta memoria historikoak behar duen osagarritasunera hurbilduko gara apurka, egiaren monopolioa pitzatuz. Gai hauetan murgilduta lan egiten duten beste pertsonekin bat eginez, sufrimenduari buruzko egia alde ugarikoa behar dugula pentsatzen dut. Baina egindakoaren aitortza lehen urratsa den neurrian, badira etxeko lanak egin gabe dauzkaten hamarka alderdi, instituzio eta eragile. Kontakizun guztiek eragindako kaltea aitortu beharko dutenez, guztiz bidegabea dirudi ETAri berak sortutako biktimak ohoratzea eskatu eta estatuei ez ikusiarena egiten jarraitzen uztea. ETAk ez dio muzin egin bere erantzukizunari sortutako min eta kalteari dagokionez, nahiz eta justifikatutzat eman. Estatuek, ordea, ostrukarena egitea deliberatu dute; ez dute beren ardurak (direnak direla) aitortu eta besteen kontakizuna ez dute zilegitzat eman, ez forman ez edukinean.

Elkarbizitzarako estrategia politikoak mailakatze jakin bat izan beharko du: bi aldeetatik, eragindako mina nork bere gain hartzea, gatazkaren ondorioz egondako biktima guztien onarpena eta beren egoera arindu eta leuntzea eta, hirugarrenez, halako eszenatoki gordina berriro eman ez dadin bermeak (marko demokratiko adostua) finkatzea.

Kontakizunen arteko elemento komun bakarra izan beharko da besteen errealitatea eta egoera (minaren mapa osoa) aintzat hartzea. Gako politikoen artean zubiak lehertarazteko balio dutenak, besteak beste, barkamena, garaipen-galera dialektika eta kontakizun baten hegemonia politiko-historikoa, albo batera geratu behar dira. Eraiki nahi dugun zubiak bi ezaugarri dauzka: begietatik behar beste ura pasatzen uztea (askotariko kontakizunak) eta pertsonen arteko harreman libre eta lasaia ahalbidetzea.

“Ordutik ez diogu hitz egiten elkarri…”

2011.06.02 (12:47 pm)

Maialen Lizarralde
Maialen Lizarralde, Lokarri

“En escenarios de conflictos profundos, las palabras y las promesas no constituyen una medida adecuada de que se ha producido un cambio genuino. Las acciones, actitudes, respuestas y conductas de la población sí que lo son” (Lederach, 2007: 99)

Lokarrik bake prozesuaren Tokiko Behatokientzako topaketa parte-hartzaileak proposatzen ditu geure herrietako bizikidetzari buruz hausnartzeko.

Gatazkari buruz hitz egiten dugunean, modu abstraktuan egiten dugu askotan, politikoek, instituzioek edo talde sozialek egiten dutenaren edo egin beharko luketenaren inguruan iritzia emanez. Gatazka politiko orok eragiten du ordea gizarte-ehunean eta zu edo ni bezalako pertsonen eguneroko harremanetan: badira zenbait kaletatik igarotzea ekiditen dutenak, edo norbaitekin hitz egiteari uzten diotenak hark gertakari politiko baten aurrean izan duen jarrerarengatik, edo iritzia ematera ausartzen ez direnak tentsioa sortzeko beldurrez. Desadostasun ideologikoen edo bortizkeria gertaeren aurrean barneratu eta normalizatzen ditugun eguneroko jarrerak dira.

Lokarritik zera proposatzen dugu: lupa eskuetan, gutako bakoitzak gertakari politikoren batek (atentatuak, atxiloketak, torturak, kale borroka, ilegalizazioak, ETAren su-etenak…) gure eguneroko harremanak eragin dituen egoera zehatzen bat identifikatu dezakegula behatzea. Gogora ekartzea da xedea, geure buruei gertakari hauek herriko egunerokotasuna (okindegian, tabernetan…), familia, lana edo lagunartea nola baldintzatu duten galdetuz.

Jarrera egokiak diren ala ez epaitzeko asmorik gabe, gatazka politiko batek gizarte-ehunean, eta beraz, bizikidetzan nola eragiten duen jarri nahi da agerian, memoria ezberdinak entzunez eta, hala, hobetzeko zer egin dezakegun hausnartuz. J.P. Lederach-ek dioen bezala, “konplexutasunaren erraztasuna” antzematean datza, gatazka egoeretan emozio eta sentimenduak barne hartzen ditzuten prozesu pertsonalak identifikatzen dituena, askotan eremu honetako adituek alderatzen dituztenak.

Jasotako hausnarketekin eta galdetegiaren erantzunekin, Lokarrik 2011ko udaberriari dagokion bake prozesuaren Behatoki Sozialaren Txostena egingo du.

Parte hartzeko gogoz al zaude zure hausnarketa konpartitzeko? Ongi etorria izango zara antolatuta dauden edozein bileretan.

Bilera bat antolatu nahi al duzu? Kasu honetan, Lokarrik dena erraztuko dizu: dinamika, beharrezkoa den materiala, dinamizazioa behar izan ezkero… Lagun-talde bat bildu (gutxienez 4-5 pertsona), data eta tokia zehaztu eta nafarroa@lokarri.org helbidera idaztea besterik ez duzu.

Bakearen trena noiz hartuko zain

2010.03.15 (10:37 am)

Erramun Osa, idazlea
Erramun Osa, idazlea

Indarkeria helburu politikoak lortzeko asmoz darabilen mugimendu politikoak ez du, itxuraz, aukera galduetan sinesten. Izan ere, haiengana irtenbide baten bila hurreratzen den ororen posizio politikoa ahuleziatzat jotzen du, eta haiena, aldiz, indartsutzat, esentzien eta oinarrizko printzipioen ustezko gotorleku. Haatik, akordio bat lortzeko peskizan, hasiera batean izan ditzakeen langak etengabe goratzen ditu, harik eta, mahaiaren bestaldean dagoenak akordioa ez dela posible ikusi eta amore ematen duen arte.

Hurrengo trena etorri etorriko da! Diote. Haren zain egotea besterik ez da behar! Gaineratuz.

Eta trenak badatoz… eta badoaz. Euskal gizarteak aterabidea geroz eta urrunago, ezinezkoa antzeman duen arte, horrenbeste non euskal gizartea sektore horiekiko geroz eta urrunago ez ezik haren joan-etorriaz, etorkizunaz sentiberago azaltzen den.

Nago indarkeria gainditzeko askatu beharreko egiazko korapiloa ez dela, batzuek uste dutenaren kontra, ditxosozko eta, inor bazterrean utzi gabe, gainditu beharreko gatazka politikoa. Hori noizbait zatekeen, beharbada. Alabaina, gatazkarena estalpe bat besterik ez dela iruditzen zait. Murrizten ari zaizkion babesak nola hala mantentzeko estakurua besterik ez dela begitantzen zait. Izan ere, askozaz oinarrizkoagoa da arazoa, eta horregatik konpontzen zailagoa da, nire ustez. Borondate ororen gainetik gutxiengo batek gainerako guzti-guztiei haienak diren printzipioak-eta ezartzeko fosildu den kultura politikoa, hain zuzen. Izan ere, ez ditugu gizarte ireki askotariko batean ezinbestekoak zaizkigun bizikidetzarako oinarrizko arauak partekatzen. Ez dugu lagun hurkoa den bezalakoa onartu nahi; ez dugu, finean, denona edota denontzat dena, gure herria, elkarrekin eraiki nahi!

Horrexegatik, ezker abertzaleak azkenaldiotan egin dituen urratsetan zein adierazpenetan ez dut sinesten. Are gehiago, horiek guztiak galdutako oihartzuna berreskuratzen ahalegintzeko marketin operazioa, ez besterik, direla iruditzen zaizkit, eskubideen murriztailea ez ezik bidegabea ere baden Alderdien Legeak azken bozgorailuetatik botako dituen talaiei nola hala eusteko egindako alferreko ahalegina, akaso. Horregatik, arazoaren muinera jo beharko genuke, nire ustez, bizikidetzarako oinarrizko zorua eta habeak partekatzetik, horien baitan indarkeriak ez baitu ez arrazoibiderik, ez zentzurik eta are gutxiago etorkizunik.

Biktimak, eskola eta zezenaren adarrak

2010.02.26 (11:25 am)

Txema Ramírez de la Piscina, EHUko irakaslea

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak indarkeriaren biktimen lekukotasunak eskolara eraman nahi ditu datorren ikasturtean. Helburu hori lortzeko asmoz, Isabel Celaa sailburua “Hiritarren Heziketa” irakasgaiaren erreforma prestatzen ari da. Momentuz, ez dakigu nola egingo den, ezta zein baliabide pedagogiko erabiliko diren egitasmo hori gauzatzeko ere. Ezaguna dugu, ordea, Lopezen Gobernuak biktimen inguruan eraiki duen diskurtsoa. Pentsatzekoa da irakasgai berriak ildo beretik joko duela.

Zer egingo du Lopezen Gobernuak: guardia zibilak eramango ditu ikastoletara? AVT, Manos Limpias eta Ermuko Foroko kideak maisu-maistra bihurtuko dira? Tortura jasan dituzten pertsonak ere joango al dira euren testigantzaren berri ematera? Zein helburu pedagogikoarekin? Itxura denez, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako ikasleei irakatsiko zaie materia berria (14 urte inguruko neska-mutilak).

Patxi Lopezen Gobernuak biktimen aintzatespena bihurtu du bere diskurtsoaren ardatz. Helburu hori lortze aldera, Jaurlaritza sekulako ahaleginak egiten ari da: han eta hemen biderkatu egin dira ekitaldi instituzionalak, ekimen publikoak, omenaldiak, adierazpenak, lege-aldaketak eta diru-laguntza publikoak. Ikuspuntu demokratiko soil batetik, ekimen horietako asko oso eztabaidagarriak dira. Adibidez: zergatik izan behar dute indarkeriaren biktimek mesedezko tratua lehiaketa publikoetan? Nork erabakitzen du nor den indarkeriaren biktima? Noiztik aurrera?

Gai honen inguruan, azken hilabeteotan, Jaurlaritzak ekimen dezente antolatu arren, gizartean ez du aparteko oihartzunik lortu; ez behintzat bat bateko erantzuna, seguru asko herritar gehienok ahalegin horiek oso aldebakarrekoak eta goitik bideratuak ikusi ditugulako.

Biktimak eskolara? Bai, baina ez era honetan. Gaia oso delikatua eta hunkibera da. Biktimak bakarrik? Gaiaren konplexutasunak planteamendu globala eskatzen du. Bizikidetzaz ari gara. Berori izan beharko litzateke ardatz: bizikidetza. Hitz egin dezagun errespetuz eta duintasunez bizikidetzaz, gatazkak konpontzeko bide etikoez, sufrimenduaz, doluaz, hutsuneaz, maitasunaz, gorrotoaz, giza eskubideez. Lekukotasun eraikitzaileak behar dira herri honetan; eta guztietan. Konponbideak eskaintzen dituzten testigantzak behar dira, bihotzetik bihotzera mintzo diren ahots samurrak; ez erraietatik mintzo diren buruzagi instituzionalak.

Euskal Herriko eskoletan oso hezitzaile profesionalak daude, eskarmentu handikoak. Bizikidetzari buruzko hainbat ikastaro eta esperientzi interesgarriak landu izan dira gure artean. Hezkuntza munduan, Elkarrik eta Baketik fundazioak, besteak beste, hainbat ekimen, foro, jardunaldi eta kongresu antolatu dituzte gai horren inguruan. Adostasun zabalez jardun dute, karrankarik atera gabe, zarata larregirik gabe, hezitzaileen konplizitatearekin eta parte-hartzearekin, inposaketarik gabe, elkarrizketa tresna eta xede hartuta. Hori da bidea. Sakondu egin behar da. Ez daukat zalantzarik. Lopezek beretzat nahiko luke gizarte erakunde horiek, hezkuntza munduan, jaso duten erantzun eta babesa.

Zer gerta daitekeen? Hezkuntza sailak bere ikuspuntua inposatzen badu hoztasuna jasoko du geletan. Hezitzaileak ez dira inplikatuko eta aukera interesgarri bat alperrik galduko da; beste bat. Jaurlaritzak beste tentazio makurragoa izan lezake: gai hau xantaia bezala erabili itunpeko ikastetxeekin; hots, diru-laguntza jaso ahal izateko ikastetxeak ikasgai berria derrigorrez irakatsi behar. Bestela, sosik ez.

Gure maisu-maistrak profesional zailduak dira. Hainbat sailburu desberdin ezagutu dituzte. Bakoitzak bere bulkada propioa ekarri nahi izan du. Celaa ez da salbuespena izango. Sailburuak joan doaz. Maisu-maistrak hor geratzen dira. Oraingoan ere asmatuko dute formularen bat politikarien erabakiak toreatzeko. Badakizue: zezenaren adarrak, urrutian edarrak.

Bistan da: Lopezek irudia maite du, baina irudiak ez du bera maite. Irakasle sozialista batek kudeatzen duen Euskobarometroak ere bizkarra eman dio. Besarkadak, bostekoak, telebistako fokuak… ohiko jardunbide bilakatu du. Antzezpena gain-antzezpena bihurtzen denean aktorearen gabeziak agerian geratzen dira. Gainbeheraren hasiera da.

Bizkitartean, lehendakariak berean darrai: besarkadak eta bostekoak kanpoan ditu salgai baina etxekoenak ez ditu hartu nahi.