bannerbanner



Ipar Irlandako eta Euskal Herriko egoerak oso ezberdinak dira, baina…

2011.12.16 (11:32 am)

Maialen Lizarralde
Maialen Lizarralde, Lokarri

Bizkar-zorroa gogoz eta ilusioz beteta abiatu ginen Belfastera abenduaren lehendabizikoan eta, 4 eguneko hausnarketa eta elkarbizitza sakona bizi ondoren, bizkar-zorroa gure artean elkarrekin lan egiteko, etorkizunari begira iragana lantzeko eta gizartearen partaide aktibo izateko konpromiso sendoz beteta itzuli ginen Euskal Herrira.

“Berradiskidetzearen zubiak eraikiz” proiektuari esker gazte jendea joan ginen,  euskal gizartearen berradiskidetzean gazteen partaidetza bultzatzeari zuzendutako egitasmoa baita. Euskal gizarteko sentsibilitate politiko eta erakunde ezberdinetako (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Alternatiba, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, EAJ, Euskadiko Gazte Sozialistak eta Iratzarri) ordezkariak eta Lokarrikoak elkarrekin izan ginen Irlandako bake prozesuaren inguruko esperientzia ezberdinak bertatik bertara ezagutzen. Memoria, biktimak, justizia, elkarrizketa politikoa eta beste hainbat gai interesgarriren ikuspuntua islatu ziguten irlandarrek haien hainbat erakunde eta instituziorekin egindako topaketetan. Azken urteotan garatu duten bizikidetzaren hobekuntza eta berradiskidetze sozialaren prozesuaren ereduaz asko irakatsi ziguten.

Hura guztia ezagututa, Ipar Irlandako eta Euskal Herriko egoerak oso ezberdinak direla ohartu gara, baina halaber, ikusi dugu oso garrantzitsua izan dela orain gutxi arte elkarren etsaitzat hartzen ziren pertsonak gela berean esertzeko gai direla egiaztatzea, hitz egin eta beren esperientziak konpartitzeko. Haiek gai izan badira, gu ere hala izango gara. Eta ahalegin horretan lagungarri izan daitezkeen hiru ikasgai handi ekarri ditugu eskuartean:

- Konpromisoaren garrantzia. Ipar Irlandan ez dute beren erantzukizuna saihestu eta bake prozesuan elkarrekin aurrera egiteko konpromisoa onartu dute. Konpromiso hau erabakigarria izan da zailtasunak gainditzeko. Ordezkari politikoek lidergoa beren gain hartu behar izan dute hainbeste urtetako indarkeria gainditu nahi zuen gizartearen eskakizun argiaren emaitza bezala. Konpromiso hau gure gizartean ere garrantzitsua da. Etorkizunari elkarrekin aurre egiten lagunduko digun motorra izan behar da.

- Iraganari aurre egiteko beharra. Ostiral Santuko Akordioetatik hamahiru urte geroago, iraganari aurre egiteko beharra indarrez azaleratu da. Orain badakite iragana adorez lantzea oinarrizkoa dela etorkizunean berriz ere ez errepikatzeko. Horregatik, orain ere guk geuk borondate bera erakutsi behar dugu. Euskal gizartearen oraina eta geroa eraikitzea erronka handia da, baina ez dugu iraganari bizkarra emanez egin behar.

- Gizarte osoa inplikatzearen erronka. Adostasun politikoak, gehiengo demokratikoarekiko errespetua eta sensibilidade politiko ezberdinen parte hartzea giltzarriak izan dira Ipar Irlandan etorkizunari aurre egiteko, baina bake prozesu bat gauza askoz zabalagoa da, gizarte osoa barne hartu behar duena, eta jakina, baita gaztedia ere bere forma guztietan (mugimendu sozialak, elkartegintza, kale-mailako ekimenak…).

Jaso ditugun hiru ikasgai horiez gainera, bidaiaren inguruko argibide gehiago eman genituen prentsaurreko batean. Horiek ezagutu nahi badituzu, Lokarriren webgunean dituzu irakurgai.

“Bestearen jarrera hobeto ulertzen lagundu digu bidaiak”

Irlandatik itzulitakoan, Belfastera joandako gazteen hiru ordezkari EITBko “Mezularia” irratsaioan izan ginen han ikasi eta ikusitakoaz mintzatzen. Andoni Rojok (Gazte independentistak), Koldo Gutierrezek (Gaztedi Sozialista) eta nik neuk, Lokarriren izenean, deskribatu genituen bizitako esperientziaren nondik norakoak, azpimarratuz bestearen jarrera hobeto ulertzen lagundu digula bidaiak.

/ Entzun elkarrizketa /

BerraskideZER?

2011.12.14 (1:55 pm)

Abenduak 17, larunbata, Barakaldoko BECen

Berradiskidetzea gora, berradiskidetzea behera, eta presoak, biktimak, egia, mina, elkarbizitza… baina zer da berradiskidetze delako hori? zer zerikusi du elkarbizitzarekin eta sarri barne hartzen dituen gai horiekin guztiekin?

Ez dakigu. Dakiguna da entzun nahi zaitugula eta berradiskidetzea zer den eta berradiskidetzeari ekiteko zer behar den erabakitzen duena herritarrak izatea nahi dugula.

Bertara zaitez datorren larunbatean, abenduaren 17an, goizeko hamarretan, Barakaldoko BECera eta gai horiez hitz egin eta iritzi ezberdinak entzun ahalko dituzu zu bezala bakearen eraikuntza guztion lorpena dela sinistuta dauden beste pertsona batzuekin batera.

-Informa zaitez eta eman izena-

Bake-prozesuaren Behatoki Sozialaren galdetegi berria, zure eskura

2011.09.13 (2:46 pm)

Bake-prozesuaren Behatoki Soziala
Bake-prozesuaren Behatoki Soziala

Noiz hartu ahalko da desagertutzat ETAren indarkeria? Zer iritzi duzu Bateragune auziaz? Zeintzuk dira berradiskidetze soziala errazteko jorratu behar diren gaiak? Hauek dira Bake-prozesuaren Behatoki Sozialaren hamaikagarren galdetegirako proposatzen ditugun zazpi galderetatik hiru, ekainetik gaur arte bakea eta bizikidetzarekin lotutako gertakariei lotuak.

Galdetegia erantzutera animatzen zaitugu zure iritzia eman ahal dezazun bakeaz, bizikidetzaz eta berradiskidetzeaz. Zure ahotsa entzunarazi eta gobernuek, alderdi politikoek eta hedabideek zure iritzia zein den jakin dezaten.

Galdetegiaren bidez jasotako erantzunekin Lokarrik 2011ko udari dagokion Behatoki Sozialaren Txostena egingo du. Dokumentua publiko egingo da eta eragile politiko eta sozialei bidaliko zaie.

Parte hartu eta erantzun ezazu galdetegi berria irailaren 27a baino lehen!

“Ordutik ez diogu hitz egiten elkarri…”

2011.06.02 (12:47 pm)

Maialen Lizarralde
Maialen Lizarralde, Lokarri

“En escenarios de conflictos profundos, las palabras y las promesas no constituyen una medida adecuada de que se ha producido un cambio genuino. Las acciones, actitudes, respuestas y conductas de la población sí que lo son” (Lederach, 2007: 99)

Lokarrik bake prozesuaren Tokiko Behatokientzako topaketa parte-hartzaileak proposatzen ditu geure herrietako bizikidetzari buruz hausnartzeko.

Gatazkari buruz hitz egiten dugunean, modu abstraktuan egiten dugu askotan, politikoek, instituzioek edo talde sozialek egiten dutenaren edo egin beharko luketenaren inguruan iritzia emanez. Gatazka politiko orok eragiten du ordea gizarte-ehunean eta zu edo ni bezalako pertsonen eguneroko harremanetan: badira zenbait kaletatik igarotzea ekiditen dutenak, edo norbaitekin hitz egiteari uzten diotenak hark gertakari politiko baten aurrean izan duen jarrerarengatik, edo iritzia ematera ausartzen ez direnak tentsioa sortzeko beldurrez. Desadostasun ideologikoen edo bortizkeria gertaeren aurrean barneratu eta normalizatzen ditugun eguneroko jarrerak dira.

Lokarritik zera proposatzen dugu: lupa eskuetan, gutako bakoitzak gertakari politikoren batek (atentatuak, atxiloketak, torturak, kale borroka, ilegalizazioak, ETAren su-etenak…) gure eguneroko harremanak eragin dituen egoera zehatzen bat identifikatu dezakegula behatzea. Gogora ekartzea da xedea, geure buruei gertakari hauek herriko egunerokotasuna (okindegian, tabernetan…), familia, lana edo lagunartea nola baldintzatu duten galdetuz.

Jarrera egokiak diren ala ez epaitzeko asmorik gabe, gatazka politiko batek gizarte-ehunean, eta beraz, bizikidetzan nola eragiten duen jarri nahi da agerian, memoria ezberdinak entzunez eta, hala, hobetzeko zer egin dezakegun hausnartuz. J.P. Lederach-ek dioen bezala, “konplexutasunaren erraztasuna” antzematean datza, gatazka egoeretan emozio eta sentimenduak barne hartzen ditzuten prozesu pertsonalak identifikatzen dituena, askotan eremu honetako adituek alderatzen dituztenak.

Jasotako hausnarketekin eta galdetegiaren erantzunekin, Lokarrik 2011ko udaberriari dagokion bake prozesuaren Behatoki Sozialaren Txostena egingo du.

Parte hartzeko gogoz al zaude zure hausnarketa konpartitzeko? Ongi etorria izango zara antolatuta dauden edozein bileretan.

Bilera bat antolatu nahi al duzu? Kasu honetan, Lokarrik dena erraztuko dizu: dinamika, beharrezkoa den materiala, dinamizazioa behar izan ezkero… Lagun-talde bat bildu (gutxienez 4-5 pertsona), data eta tokia zehaztu eta nafarroa@lokarri.org helbidera idaztea besterik ez duzu.

Adiskidetzeari buruzko 25 gogoeta

2011.02.14 (9:33 am)

Sabino Ormazabal, kazetaria
Sabino Ormazabal, kazetaria

Adiskidetzea?

1. Adiskidetzeak ez du esan nahi biktimek eta erasotzaileek adiskide bihurtu behar dutenik. Helburu nagusia gizartean harremanak berreskuratzea eta sendatzea da.

2. Zauriak itxi, eta suntsitutako zubiak berreskuratu behar dira. Eta “bestea” ere gizakia dela onartu. Bai, bestea ulertzean dago gakoa. Ez dugu derrigor adiskide izan behar. Eta ezin da adiskidetze prozesua behartu.

3. Baina bai barkamenaren kultura indartu. Eta barkatzea edo barkamena eskatzea norberaren kontua da. Ezin zaio inori exijitu. Oso itxaropentsuak iruditu zaizkit Montse Lezaunen hitzak (ETAk 2009an Mallorkan eraildako Diego Salvá guardia zibilaren ama da Montse): “Hasiera-hasieratik barkatzeko erabakiak on handia egin dit. Ez dut arrangurarik, gorrotorik. Baina goizero berritu behar izaten dut erabaki hori” (El Correo, 31/07/2010). Jarrera positiboak azpimarratu behar ditugu.

4. Barruko bakea ez da mendekuaren bidez etorriko. Ezin ditugu honelakoak onartu: “ustel daitezela espetxean”, “sufritu dezatela nik sufritu dudana”, “lege gogorragoak behar dira”… Barruko min hori eraldatu nahi badugu, kanpoan ere bakerako, justiziarako eta elkarbizitzarako bideak eraiki behar ditugu.

5. Hori bai, egindako mina eta sufrimenduaren errekonozimendua exijitu beharko litzateke.

6. ETAk barkamena eskatu beharko luke egindako min guztiarengatik: hildakoak, zaurituak, estortsioa, 1.500 umezurtz, betirako ezintasunez geratutako pertsonak… Nire kalkuluen arabera, ETAko adarrek, Iraultzak eta Komando Autonomoek eragindako 343 biktima zibiletatik, 151 hildako “kolateralak” ez ziren zuzenean atentatuen helburu izan. Hildako emakume horietatik hiru haurdun zeuden, eta 16 oso gazteak ziren (15 urtetik beherakoak)… IRAk, adibidez, 2002ko uztailaren 16an barkamena eskatu zuen berak egindako atentatuetako biktimengatik.

7. Baina ETA ez da entitate abstraktua. Historian jende asko igaro da bertatik. Baita gaur egun bestelako erakunde edo siglapean dabiltzan pertsona asko ere. Eta erakunde horren erantzukizun osoa ez dago soilik nazionalismoaren munduaren baitan, behin eta berriro modu interesatuan errepikatzen den bezala.

8. Estatu espainiarrak, bestetik, giza eskubideen urraketa ugariren erantzukizuna hartu beharko luke bere gain. Iturri batzuen arabera 6.000 eta beste batzuen arabera 9.500 pertsonak salatu dituzte torturak. Estatuak berak eragindako kaltearen dimentsio soziala onartu beharko luke, bai zuzenean eragindakoa (motibazio politikoa duten biktimak, inpunitatea, ez ikertzea, kondekorazioak…), baita zeharkakoak ere (talde parapolizialak, emandako estaldura…). Irakurri sarrera osoa

Beste aro baten hasieran

2010.09.06 (2:41 pm)

Rebeka Ubera, Aralarreko Antolaketa Idazkaria

Irailaren 5ean, berri garrantzitsu bat izan dugu gure artean, nire uste apalean, behintzat, oso garrantzitsua, eta pozez hartu beharrekoa. Nahiz eta egia izan ez dela izan espero genuena, eta herritarrengan ez duela ilusio gehiegirik sortu. Hau da, agente garrantzitsuenek, hots, herritarrek, itxaropen handia zutelako. Eta aitortu behar dugu alderdi politikook zer esan handia izan dugula, beste eragile batzuekin batera, desilusio hori eraikitzen. Hala ere, pentsatzen dut alderdi politiko eta politikariengan dagoen desprestigioa gehiegizkoa dela, eta politikan ere orotariko pertsonak aurkitzen ditugula: langileak, alferrak, interes orokorren alde dihardutenak edo eta interes partikularren menpe dihardutenak. Baina, tira, atzoko berriak garai berrien atarian jartzen gaitu, eta helmuga izan beharrean abiapuntua izan behar du. Akuilua suposatu behar du guztiontzat, itxaropena oinarri izanik, orain arte egindako bakegintzaren eta normalkuntzaren alde gauzatutako lanari jarraipena emateko, oraindik eta gogo gehiagorekin. Eta ez bakarrik alderdi politikook, baita eragile desberdinak ere: elkarte, sindikatu, mugimendu, herritar xumeak. Denon artean, denontzako. Lagundu egin behar dugu bakegintza bidean urratsak ematen, azken helburua lortu arte. Eskuzabaltasunez jokatu behar dugu.
Orain bada garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko, hizkuntza dialektikak alde batera uzteko eta ekintzen bidez erakusteko zeintzuk diren gure benetako helburuak. Zer egin handia daukagu aurretik. Erronka polita bezain gogorra. Baina garbi izan behar dugu gatazka politikoa ez zela hasi ETArekin eta ez dela ETAren amaierarekin bukatuko. Desberdindu behar ditugu gatazka armatua, nolabait esatearren, eta gatazka politikoa. Garbi dago gatazka politikoak jarraituko duela. Nahiz eta, oraindik ere, gatazka armatuaren bukaeraren hasieran besterik ez gauden. Beraz, urratsez urrats, poliki, zuhurtziaz, gauzak ondo eginez, baina tinkotasunez.

Eta bide horretan ezin gara ahaztu pertsonez, alde bateko zein besteko pertsonez, praktikara eramaten ditugun urratsek pertsonak izan behar dituztelako ardatz. Giza eskubideak.

Herri honetan, dagoeneko sufrimendu gehiegi egon delako eta oraindik ere dagoelako, alde guztietan. Hor ditugu presoak, biktimak, kaltetuak…

Ondorioz, eman daitezkeen urratsak edota emango diren urratsak kromo trukaketatik kanpo geratu behar dira, alderdi interesetatik, gobernu interesetatik kanpo geratu behar dira, bestela ezartzen joango garen lur-zorua ez delako sendoa izango. Ezin ditugu lehengo akatsak errepikatu, honek guztiak itzulezina izan behar duelako. Herritarrak inplikatzea lortzeko, herritarrekin bidea egiteko, ilusioa pizteko.

Errealitatera bueltatuz, eta hankak lurrean jarriaz… Hau guzti hau oso ondo dago, baina ekintza konkretuetara pasaz, eta orain zer? Hasteko, urrats hauek aipatuko nituzke, bederen:

1.-Legalizazioa ez litzateke izan behar trukerako txanpona. Ez dagoelako pertsona ilegalik, ez dagoelako kolektibo ilegalik. Giza eskubideetan eta printzipioetan oinarritutakoa delako. Oinarri demokratikoetako minimoa delako legalizazioa. Beraz, ildo horretan, Batasuna legala izan beharko litzateke.

2.-Eman beharreko beste pausu bat ETAren aldebakarreko eta behin betiko su-etena da, ordainik gabekoa.

3.-Euskal preso politikoak, lehen fase batean, euskal kartzeletara ekarri, helburua amnistia izanik.

Beraz, izan gaitezen ausartak, begira dezagun atzera lehengo akatsetatik ikasteko eta, begirada etorkizunean jarrita, har dezagun denok ilusioz beteriko motxila eta has gaitezen ibiltzen pausoz pauso ondoan ditugunei eta hain hurbil ez ditugunei ere eskua luzatuz.

Biktimak, eskola eta zezenaren adarrak

2010.02.26 (11:25 am)

Txema Ramírez de la Piscina, EHUko irakaslea

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak indarkeriaren biktimen lekukotasunak eskolara eraman nahi ditu datorren ikasturtean. Helburu hori lortzeko asmoz, Isabel Celaa sailburua “Hiritarren Heziketa” irakasgaiaren erreforma prestatzen ari da. Momentuz, ez dakigu nola egingo den, ezta zein baliabide pedagogiko erabiliko diren egitasmo hori gauzatzeko ere. Ezaguna dugu, ordea, Lopezen Gobernuak biktimen inguruan eraiki duen diskurtsoa. Pentsatzekoa da irakasgai berriak ildo beretik joko duela.

Zer egingo du Lopezen Gobernuak: guardia zibilak eramango ditu ikastoletara? AVT, Manos Limpias eta Ermuko Foroko kideak maisu-maistra bihurtuko dira? Tortura jasan dituzten pertsonak ere joango al dira euren testigantzaren berri ematera? Zein helburu pedagogikoarekin? Itxura denez, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako ikasleei irakatsiko zaie materia berria (14 urte inguruko neska-mutilak).

Patxi Lopezen Gobernuak biktimen aintzatespena bihurtu du bere diskurtsoaren ardatz. Helburu hori lortze aldera, Jaurlaritza sekulako ahaleginak egiten ari da: han eta hemen biderkatu egin dira ekitaldi instituzionalak, ekimen publikoak, omenaldiak, adierazpenak, lege-aldaketak eta diru-laguntza publikoak. Ikuspuntu demokratiko soil batetik, ekimen horietako asko oso eztabaidagarriak dira. Adibidez: zergatik izan behar dute indarkeriaren biktimek mesedezko tratua lehiaketa publikoetan? Nork erabakitzen du nor den indarkeriaren biktima? Noiztik aurrera?

Gai honen inguruan, azken hilabeteotan, Jaurlaritzak ekimen dezente antolatu arren, gizartean ez du aparteko oihartzunik lortu; ez behintzat bat bateko erantzuna, seguru asko herritar gehienok ahalegin horiek oso aldebakarrekoak eta goitik bideratuak ikusi ditugulako.

Biktimak eskolara? Bai, baina ez era honetan. Gaia oso delikatua eta hunkibera da. Biktimak bakarrik? Gaiaren konplexutasunak planteamendu globala eskatzen du. Bizikidetzaz ari gara. Berori izan beharko litzateke ardatz: bizikidetza. Hitz egin dezagun errespetuz eta duintasunez bizikidetzaz, gatazkak konpontzeko bide etikoez, sufrimenduaz, doluaz, hutsuneaz, maitasunaz, gorrotoaz, giza eskubideez. Lekukotasun eraikitzaileak behar dira herri honetan; eta guztietan. Konponbideak eskaintzen dituzten testigantzak behar dira, bihotzetik bihotzera mintzo diren ahots samurrak; ez erraietatik mintzo diren buruzagi instituzionalak.

Euskal Herriko eskoletan oso hezitzaile profesionalak daude, eskarmentu handikoak. Bizikidetzari buruzko hainbat ikastaro eta esperientzi interesgarriak landu izan dira gure artean. Hezkuntza munduan, Elkarrik eta Baketik fundazioak, besteak beste, hainbat ekimen, foro, jardunaldi eta kongresu antolatu dituzte gai horren inguruan. Adostasun zabalez jardun dute, karrankarik atera gabe, zarata larregirik gabe, hezitzaileen konplizitatearekin eta parte-hartzearekin, inposaketarik gabe, elkarrizketa tresna eta xede hartuta. Hori da bidea. Sakondu egin behar da. Ez daukat zalantzarik. Lopezek beretzat nahiko luke gizarte erakunde horiek, hezkuntza munduan, jaso duten erantzun eta babesa.

Zer gerta daitekeen? Hezkuntza sailak bere ikuspuntua inposatzen badu hoztasuna jasoko du geletan. Hezitzaileak ez dira inplikatuko eta aukera interesgarri bat alperrik galduko da; beste bat. Jaurlaritzak beste tentazio makurragoa izan lezake: gai hau xantaia bezala erabili itunpeko ikastetxeekin; hots, diru-laguntza jaso ahal izateko ikastetxeak ikasgai berria derrigorrez irakatsi behar. Bestela, sosik ez.

Gure maisu-maistrak profesional zailduak dira. Hainbat sailburu desberdin ezagutu dituzte. Bakoitzak bere bulkada propioa ekarri nahi izan du. Celaa ez da salbuespena izango. Sailburuak joan doaz. Maisu-maistrak hor geratzen dira. Oraingoan ere asmatuko dute formularen bat politikarien erabakiak toreatzeko. Badakizue: zezenaren adarrak, urrutian edarrak.

Bistan da: Lopezek irudia maite du, baina irudiak ez du bera maite. Irakasle sozialista batek kudeatzen duen Euskobarometroak ere bizkarra eman dio. Besarkadak, bostekoak, telebistako fokuak… ohiko jardunbide bilakatu du. Antzezpena gain-antzezpena bihurtzen denean aktorearen gabeziak agerian geratzen dira. Gainbeheraren hasiera da.

Bizkitartean, lehendakariak berean darrai: besarkadak eta bostekoak kanpoan ditu salgai baina etxekoenak ez ditu hartu nahi.

Bietan gaitz

2010.02.15 (10:11 pm)

Mikel Bujanda, kazetaria

Hitz egiteak merezi ote duen zalantzaka somatu dut baten bat. Jakina merezi duela. Gerta liteke itxia dagoen ateren batean zirrikitua zabaltzen hasteko lagungarri izatea.

Dena esana dagoela dirudienean, berriro abiapundura jo behar da, hastapenetara. Harira joan eta hamaika bider esana dagoena behin berriro argiro esan.

Tortura arbuiagarria da. Espainian estrukturala da tortura. Epaileek eta kazetariek babestua dago. Batzuk justifikatu ere egiten dute, horrekin kalte handiagoak ebitatu daitezkelakoan.

Lotsagarria da. Gaitzetsi egin behar da tortura. Baldintzatzailerik gabe.

Torturaren salaketa egitea ETAri indarra ematea iruditzen zaizu zuri. Ez luke horrela izan behar. Baina hala izateko posibilitatea balego ere, horrek ez lizuke salatu beharretik esimitituko. Biktimen sufrimenduarekin egiazki bat egiteko sentiberatasuna duenak ez dezake inoren tortura onartu, are gutxiago desiatu. Erraz daukazu: mintza zaitez torturaren aurka eta esan ezazu esplizitoki zure salaketa hori ez lukeela inork ETAren indarkeriaren justifikazio gisa erabili behar.

Zuk aldiz, tortura salatzen duzu; hurbileko esperientza lazgarri batzuren ezagutzaile zara. Tortura pairatu duen horrekin solidario zara. Bihotzetik gaitzesten duzu, zinez eta zintzo. Zure salaketa horrekin ETAri laguntzen omen diozu. Ez luke horrela izan behar. Horrela bada, zure salaketak sinesgarritasuna du eskas. Tortura salatzen baituzu, ez ordea ETAren bortizkeria. Indartsuago eta sinesgarriago da torturaren salaketa, horrekin batera indarkeria moeta oro zinez salatuz gero.

Besteak torturak ez salatzea ez da baliozko arrazoi zuk ETArena ez salatzeko.

Torturen errealitateak ez luke balio behar ETAren indarkeria justifikatzeko.

Tortura salatu beharra dago, besteak beste, torturaren esistentziak, hala izan behar ez balu ere, praktikan ETAri indarra ematen diolako.

Elementala da, erraza da. Mintza gaitezen Seguritate indarrek baliatzen duten torturaren aurka. Mintza zinez ETAren indarkeriaren aurka. Mintza pertsona guztien eskubide guztien alde.

Egizu bietan bat, komentzimenduz eta komenientziaz. Emaiozu koherentzia eta balioa zure salaketari, indarkeria guztiak salatuz.