Bost gizon
2010.02.23 (8:32 am)
Bost gizon, denbora aurrera ahala moralitate-eredu bilakatuko direnak, bildu dira Pariseko aldiriko etxe dotore eta aberats batean, Boulogneko basotik gertu. Udazkena da, urria, eta urtea 1945.a. Okupazio ankerra amaitu da. Etxearen jabea André Malraux da, idazle eta intelektuala, frantses erara noski. De Gaulle jeneralaren aholkulari izateagatik, fama du eta botere handia. Gonbidatuak dira: Arthur Koestler, Zero eta Infinitua nobelaren egilea. Koestlerrek garaiko kontzientzia astindu zuen, estalinismoaren aurkako testua baita, eta kontzientzia ordukoa estalinismoari lotuta ibili zen, ezkerreko bidetik. Berarekin etorri dira Manès Sperbes, idazle eta psikologoa, Jean-Paul Sartre filosofoa eta Albert Camus, denetan gazteena.
Guztien artean zehaztu nahi dute intelektualen zeregina. Gerra amaitu da eta irabazleen arteko lehen gatazka eta ika-mikak hasiak dira. “Altzairuzko errezela”ren itzala zabaltzen hasia da; aurrera doa gelditzeke irudimenean bederen. Bost gizonok badakite aro berria hasia dela. Bertan intelektualak egokitu beharko zaizkio lur-eremu zail eta maldatsuari, bi potentzia handien artean, eta batari zein besteari aurre eginez. Horretarako bildu dira. Erakunde bat sortu nahi dute, giza eskubideen alde egiteko toki guztietan, salbuespenik gabe.
Koestlerrek dio:
–Behar-beharrezkoa da mundu guztiarentzat izan daitekeen politika morala sortzea, txikiena bada ere. Eta guk, intelektualok, utzi behar diogu diskurtsoak egiteari, askatasunaren aldeko bidearen oztopo baitira.
Koestlerrek, komunisten buru izana ez hain aspaldi, ez du sinesten estalinismoaren askatasun ahalmenean eta Hitlerren erregimenaren aldean eta aldarean jartzen du bera, arrazoi berak erabiliz, gainera, biak ala biak gaitzesteko. Berak, askatasunaren alde borrokatu zenak, egoera paradoxikoan aurkitzen du bere burua. Ez daki zer egin, ez baitaki non den askatasuna.
Malraux, anfitrioi on gisara, isildu egin da hasieran, eta ardoa botatzen du edalontzietara, Garonakoa. Bere burua intelektualtzat badu ere, pragmatikoegia da, hitzaren indarrean sinesteko, eta, bestalde, toki ona hartua du giza eskalan, alegia giza mailan. Ez dago prest eskubideak proletarioen eskuetan uzteko, alegia komunisten eskuetan uzteko.
–Zergatik pentsatu behar dugu proletarioa dela balore historiko nagusia? –galdetu du, erantzuna jakinda.
Sartrek, sinpatiaz komunista, Malrauxen hitzak aurkako erasoa balitz bezala hartu ditu.
–Zuek, hala uste dut, komunista frantsesen aurka jarriko zaret, eta nik ezin ditut beren kasa utzi menperatuen defendatzaileak. Ezin dut moralki kritikatu Sobiet Batasuna. Egia bada ere milioika lagun deportatzea okerragoa dela beltz bat jipoitzea eta lintxatzea baino, gertaera hori duela ehunka urtetik hona datorren egoera baten ondorio da eta denboraren poderioz erbesteratuak izan diren milioika txerkesiar bezainbeste milioika beltz kaltetu ditu.
Mindu egin dute hitzok Koestler. Sartreren hitzak sofista batenak iruditu zaizkio.
–Esan behar da ezen guk, idazle gisara, Historiari traizioa egiten diogula, salatua izan behar duena salatzen ez badugu –baieztatu du–. Isiltasunaren jokoa, halaxe esango dute gutaz gure atzetik etorriko direnek.
Malraux ados dago. Ardo gehiago botatzen die gonbidatuei. Eta begirada abegikor batez hitz egiteko eskatzen dio Camusi.
–Utopia gerraren aurkakoa da. Ez al duzue uste denok garela balore faltaren errudun? –galdetu du Camusek–. Eta guk denok, nietzchearrak, nihilistak eta materialista historikoak izanak baikara, jendearen aurrean aitortuko bagenu oker ibili izan gara, badirela balore moralak, eta hemendik aurrera ahaleginduko garela beraiek sortzen eta garatzen, orduan bai izango litzateke esperantza berriaren loraldia.
Koestlerrek dio ados dagoela Camusek esandakoarekin. Malrauxek edateko zerbitzatzen die gonbidatuei eta zigarroa pizten du. Ez dago ados Camusekin, haren hitzak moralak dira guztiz, eta bera politikoa da. Sartre altxatu egin da, alde egiteko.
Oharra: Camusen bertsioa Carnets 2an dago. “Ezin jakin, bakoitzak esandako horretan zer dagokion beldurrari eta zer egiari”.







