bannerbanner



Hamar galdera bakeaz

2010.03.29 (9:13 pm)

Imanol Epelde, blogaria

Imanol Epelde, blogaria

Bale listo. Iritsi da. Eskatua bete da. ETAk armak utzi ditu. Entregatu ditu oraindik ezkutuan zituen zulo bakanak. Hitz eman du ez duela indarrik erabiliko gehiago. 50 urte luuuzeren historiari jarri dio azken puntu eta apartea. Eta iritsi da bakea herri honetara. Azkenean.

1. Orduan, euskara bezalako hizkuntza gutxituari arnas emango liokete Espainiako eta Frantziako estatuek genozidio etnoliginguistikoari aurre eginez?
2. Espainiako Konstituzioaren bigarren artikulua desagerraraziko litzateke autodeterminazio eskubidea onetsita? Eta mota guztietako herri erreferendumak baimenduko?
3. Hedabideek indarkeria eta sexu bortizkeria emititzeari utziko liokete?
4. Udalbiltza bezalako ekimenak antolatzeagatik ez al lituzkete kartzeleratuko politikariak?
5. Bankariek diruaren etikaz hitz egiteari utziko liokete akaso?
6. Jendea telebistako kaka esplikatzeko saioetaz libratuko lukete?
7. Eusko Jaurlaritzak euskal enpresak arma eta gerra negoziotan aberasteko bideari egingo lioke uko?
8. Europar Batasunak kultura irekia indartzeko politikak jarriko ote lituzke abian?
9. Auzitegiek onartuko al lukete herri politiko hau izendatzeko Euskal Herria terminoa?
10. Hedabideek utziko diote gezurraren bidez mina sortzeari?

Eta segi nezake. Luzaz. Biolentziak ere ostadarrak adina kolore baititu.
Bakearen inguruan hitz egiteko eskatu digute blog honetan. Eta indarkeriaz mintzo zarete, ETAren indarkeriaz gehienak. Asko eta asko arrazoiz. Baina, lagunok, 10 galdera horietakoren bati erantzungo zeniokete baietz?

Prozesuaren baldintzak

2010.02.16 (10:50 am)

Nynaeve, La Rueda del Tiempo

Prozesuaren aurrean jarrera desberdinak agertzen dira. Horietako bat aztertu nahi dut; prozesua izatearen alde egonda ere, negoziazioari ekin baino lehen ETAk bere armak ematea ezinbestekotzat ematearena, alegia.

Irreala egiten zait, inork uste izatea egoera hau gauzagarri edo aukera denik ere. ETAri baldintza hori jartzea, Gobernuari erail ez duten preso guztiak askatu, Batasuna legez barruratu eta ilegalizazio prozesu guztiak etetea, eskatzea bezalakoa bailitzateke.

Hauexek baitira biek dauzkaten jokatzeko kartak. Aldez aurretik ETAk armak utz ditzala, errenditzea da, inolaz ere ez negoziazoa, eta geratuko litzaioken bakarra, klemenziaren keinuaren zain egotea.

Badakit, kasu askotan aipatutako baldintza hori dugula buruan, behin eta berriz entzuna dugulako. Izan ere, hasieran zentzuzkoa deritzogu, eta hain zentzuzkoa bada ¿Zergatik ez luke onartuko ETAk, fede onez ekin balio prozesuari?

Eskatu dakioke ekintzen etetea, gutxi gora behera horixe izan zen aurreko prozesuaren hasieraren ongarri eta egoera. Gero batak zein besteak bertan behera utzia ere.

Nik uste dut, izandako saiakera guztietatik hurrengorako zerbait ikasi dela. Espero dut orain arteko saiakera guztiak igaro eta gero, hurrengoa behin betikoa dadin, ikasiak izan gaitezela. Horrexegatik da hain zuzen garrantzitsu kontuan hartzea, aldez aurreko baldintza kaxkarra eta okerra dela.

Egia da halaber, ezinbesteko baldintzatzat ematen dutenen artean, edo atzean, bi motatako intenzio daudela. Batetik prozesuren bat izate bera guztiz ukatzen dutenak, eta bestetik baldintza hori egotea nahi luketenak, baina behin mahai inguruan egileak eserita, oraindik armak utzi gabe ere, ontzat emango luketenak, bakoitzak bere horretan ez lerrokatuta, baizik eta behingoz mahai berean daudela ikusita.