bannerbanner



Gernikako agiraz

2010.09.27 (11:00 am)

Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea
Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea

Gernikako agiria “historikoa” omen. Geroak esan beza. Edozein kasutan, joan den larunbatean hamarnaka gizarte eragile eta indar politikok “Bake bidean” izenburupean sinatutako dokumentuak badu mamirik. Aurrera begira ere, izan lezakeen potentzialtasuna benetan handia dela uste dut. “Ez dago ezer berririk” dioena gezurretan ari da.

Arrazoiak
Zergatik da horren garrantzitsua? Lengoaia kriptikoa alde batera utzita, gauzak argi eta garbi eskatzen zaizkiolako bai ETAri (bere amaiera), baita Madrilgo Gobernuari ere (alderdien legearen deuseztapena). Ez hori bakarrik, biktimen eta presoen inguruan ere oso gogoeta zentzuzkoak egiten dira. Amnistiaren eskakizuna ere garbi agertzen da. ETAri eskatzen zaiona azkar beteko balitz, ezker abertzaleko sektore desberdinen artean abiatu den berradiskidetze prozesua izugarri azkartuko litzateke. Kosta egingo da, baina ez dute beste erremediorik. Gizarteak exijitu egiten die. Adiskidantza horrek ahalbidetuko luke aspalditik batzuk aldarrikatzen ari garen ezker abertzale berriaren sorrera: gorria bezain berdea, zibila bezain zabala.

Indar berri horrek hankaz gora jarriko luke egungo jokalekua. Mapa politikoaren beste hiru hankak –PSOE-PP-EAJ horren jakitun dira. Ez dute, jakina, adiskidetze hori erraztuko. Ez da beraien lana. Gainera, ongi asko dakite horrelako mugimenduak euren pribilegioak eta aginte-gunetxoak arriskuan jar litzakeela. Patxi Lopezek birtualtasunean eraikitako fikzioa hondoratzear egon liteke, baita segurtasunaren izenean muntatu diren hainbat negozio ilun ere.

Bereziki esanguratsua da EAJren paradoxa. EAEn bozka gehien lortu dituen alderdia da, baina gatza falta zaio. Noraezean dabil: karismadun buruzagirik gabe, ekimen argirik gabe eta proiektu politiko ezagunik gabe. Arzalluz, Ibarretxe eta Egibar historia dira edo neutralizatuta daude. Gernikan tokirik ez. Forondako zelaietan ere, juxtu topatzen du bere burua. Hurrengo hauteskundeak ere irabaz litzake, baina ez du ilusiorik sortzen. Iñigo Urkullu ez da erreferentea, ezta bere alderdikide askorentzat ere. Zer gelditu da Ibarretxek 2005ean, Eusko Legebiltzarraren aginduz, Madrilgo Kongresuan duintasunez aurkeztu zuen plan soberanista hartatik? Zer

Osagaiak
Jarrai dezadan galderak egiten: Zer behar da ezker abertzale berria sortzeko?, zer gehiengo sozial berriak artikulatzeko? Nire uste apalean, lau osagai funtsezkoak dira: konfiantza, malgutasuna, komunikazio emozionala eta sare sozialak.

Konfiantzaz. Etsipena gainditu eta ilusioa berpiztu behar da. Erraz esaten da. Horrek oinarri sendoak behar ditu. Eragile desberdinen arteko konfiantza sustatzeko ETAren inkognita lehenbailehen argitu behar da. Ezker abertzale berriaren sorrera ezin da eraiki indar armatu baten oniritziaren zain. Ezinezkoa da. Nork bere argudioak azaldu behar ditu, parekoenak baino sendoagoak direla demostratzen ahalegindu, beste inoren laguntzarik, inposiziorik edo beto eskubiderik gabe. Horretarako guztien arteko konplizitatea, konfiantza eta errespetua behar dira; baita eskuzabal jokatu ere argazkiaren dirdirarekin obsesionatu gabe.

Malgutasunaz. Printzipioetan sendo oinarrituta baina berorien aplikazioan malgutasunez joka lezakeen indar politiko berria behar da, gehiengo sozial zabalak eraikitzeko. Horrek eskatzen du, prozesu honetan estatuaren aldetik egongo diren eraso antidemokratikoen aurrean, erreakzionatzeko beste estilo bat, iraganezko tik zaharrak gaindituko duen beste jardunbide askoz ere sortzaileagoa.

Komunikazio emozionalaz. Ezker abertzalea –zer esanik ez ETA bera maisua da kriptografiaren artean. Lerro artean irakurri behar da. Oso barrura begira egindako txosten eta adierazpenak egiten dira. Zilegi da, baina zailegi. Horrek muga garbiak ditu: etxekoak. Gaur egungo buruzagiek ez dituzte soilik ideia politikoak transmititzen. Horiekin batera, emozioak eta sentimenduak ere helarazten dituzte. Hitza bihotzaren giltza da.

Sare sozialez. Gaur egun estatuko 18-32 urte bitarteko gazteen %91,5 sare sozialen batera konektatuta dago. Horietako askok prentsa elektronikoa baino ez dute irakurtzen. Ez doaz kioskora kazetara erostera. Errealitate hori kontuan hartu behar da. Identitatearen indarra eta altermundializazioa uztartu behar dira teknologia berrienak erabiliz.

Lau osagaiok ideia bakar batean bildu daitezke: ezker abertzale berriaren trantsizioa obratzeko beste kultura politiko bat garatu behar da.

Nire zorionik beroenak Gernikako dokumentua sinatu duten guztiei. Bazen garaia.

Bakearen trena noiz hartuko zain

2010.03.15 (10:37 am)

Erramun Osa, idazlea
Erramun Osa, idazlea

Indarkeria helburu politikoak lortzeko asmoz darabilen mugimendu politikoak ez du, itxuraz, aukera galduetan sinesten. Izan ere, haiengana irtenbide baten bila hurreratzen den ororen posizio politikoa ahuleziatzat jotzen du, eta haiena, aldiz, indartsutzat, esentzien eta oinarrizko printzipioen ustezko gotorleku. Haatik, akordio bat lortzeko peskizan, hasiera batean izan ditzakeen langak etengabe goratzen ditu, harik eta, mahaiaren bestaldean dagoenak akordioa ez dela posible ikusi eta amore ematen duen arte.

Hurrengo trena etorri etorriko da! Diote. Haren zain egotea besterik ez da behar! Gaineratuz.

Eta trenak badatoz… eta badoaz. Euskal gizarteak aterabidea geroz eta urrunago, ezinezkoa antzeman duen arte, horrenbeste non euskal gizartea sektore horiekiko geroz eta urrunago ez ezik haren joan-etorriaz, etorkizunaz sentiberago azaltzen den.

Nago indarkeria gainditzeko askatu beharreko egiazko korapiloa ez dela, batzuek uste dutenaren kontra, ditxosozko eta, inor bazterrean utzi gabe, gainditu beharreko gatazka politikoa. Hori noizbait zatekeen, beharbada. Alabaina, gatazkarena estalpe bat besterik ez dela iruditzen zait. Murrizten ari zaizkion babesak nola hala mantentzeko estakurua besterik ez dela begitantzen zait. Izan ere, askozaz oinarrizkoagoa da arazoa, eta horregatik konpontzen zailagoa da, nire ustez. Borondate ororen gainetik gutxiengo batek gainerako guzti-guztiei haienak diren printzipioak-eta ezartzeko fosildu den kultura politikoa, hain zuzen. Izan ere, ez ditugu gizarte ireki askotariko batean ezinbestekoak zaizkigun bizikidetzarako oinarrizko arauak partekatzen. Ez dugu lagun hurkoa den bezalakoa onartu nahi; ez dugu, finean, denona edota denontzat dena, gure herria, elkarrekin eraiki nahi!

Horrexegatik, ezker abertzaleak azkenaldiotan egin dituen urratsetan zein adierazpenetan ez dut sinesten. Are gehiago, horiek guztiak galdutako oihartzuna berreskuratzen ahalegintzeko marketin operazioa, ez besterik, direla iruditzen zaizkit, eskubideen murriztailea ez ezik bidegabea ere baden Alderdien Legeak azken bozgorailuetatik botako dituen talaiei nola hala eusteko egindako alferreko ahalegina, akaso. Horregatik, arazoaren muinera jo beharko genuke, nire ustez, bizikidetzarako oinarrizko zorua eta habeak partekatzetik, horien baitan indarkeriak ez baitu ez arrazoibiderik, ez zentzurik eta are gutxiago etorkizunik.

¿Zer iritzi duzu Lokarrik interneten darabilen estrategiaz?

2010.02.04 (2:10 pm)

Interneten darabilen bere estrategia berria aurkeztu du Lokarri, Blog parte hartzaile hau da estrategia horren tresna berrietako bat.

Elkarrizketa eta entzumena dira ezberdinen artean akordioak lortzeko Lokarrik defenditzen dituen printzipioak elkarbizitza plurala, demokratikoa eta giza eskubideak errespetatzen dituena eratzea helburu. Internet bidez sare sozialetan parte hartzeak printzipio horiek biltzen ditu.

Agiria Scribd-en irakur dezakezu

Agiriari ekarpenak egin nahi badizkiozu, sar zaitez Lokarriren wikian

Blog honen aurkezpena egin genuen atzo hedabideen aurrean eta hainbat blogari aditurekin ere bildu ginen “Lokarriren estrategia sarean” agiria haiekin alderatzeko eta iritziak jasotzeko (blogariekin egindako bilkuraren bideoa osorik).

Eskerrak eman nahi dizkiegu aurkezpen horretan presentzialki zein baliabide birtualak erabiliz gurekin jardun ziren pertsona guztiei.