Bakeranzko aukerak zehaztea
2010.04.12 (10:12 pm)
Bakeranzko prozesuaren egoeraz gizartea baikorrago dago eta orokorrean bakea lortzeko aukerak ikusten dira. Lokarrik bultzaturiko Bake Prozesuaren Behatoki Sozialak gaur kaleratu duen txostenaren -2010eko neguari dagokio- ondorio nagusietako bat da. Txostena egiteko jaso diren erantzunetan irakur daiteke baikortasuna gora egiten ari dela bake prozesu bat lortzeko egungo aukerei dagokienez, izan ere, pertsonen %50ek uste du orain urte bat baino aukera gehiago dagoela, aurkakoa dioen %37 baten ondoan. Horretarako trabak ETAren indarkeria, elkarrizketa gabezia eta ilegalizazioak direla esateko orduan handia da adostasuna, baina bi joera handi ageri dira txostena egiteko galdetegia erantzun dutenen artean: gizartearen zati handi bat ilusioak hartu du eta berrikuntza handiak ikusten ditu, nagusiki ETA eta Ezker Abertzalearengan, baina beste zati batek ekintza zehatzak eskatzen ditu.
Zalantzarik gabe, txostenak jasotzen dituen ideia horiek eta beste ideia interesgarri batzuk, zehatz-mehatz
azalduak grafikoekin, aktekin eta gizarteak egindako ekarpenekin, bai eta Lokarrik txostenean ematen dituen gomendio eta konpromisoak, oso lagungarri izan daitezke bakeranzko bidea ibiltzeko eta bizikidetza hobetzeko, izan ere, helburu horiek lortzen laguntzeko prest dauden pertsona askoren ekarpenak eta nahiak helarazten baitira Behatokiaren agirian.





