

Zer egiten dugu
Lokarrik bakearen eta normalizazioaren alde lan egingo zuela hitzartu zuen jaio zenean, 2006ko martxoaren 18an, oinarrizko hiru printzipiotan oinarrituta:
- indarkeriarik eza, bizitza eta giza eskubideak irizpide etiko nagusi direla,
- inor baztertzen ez duen elkarrizketa eta aniztasuna bizikidetasunaren oinarri dira
- herriaren nahia eta printzipio demokratikoak aintzat hartzea politikagintzaren oinarrizko araua da.
Eginkizunak
Erakunde soziala den aldetik, lau eginkizun hartzen ditu bere gain Lokarrik:
- lehenbizikoa, proposamenak aztertzea eta egitea. Horretarako, zorrotz aztertu behar da, une oro, bake prozesuaren egoera; ondoren iradokizunak eta alternatibak aurkeztu ahal izateko;
- bigarrena, informazioa eta iritzia eskaintzea. Horretarako, daukan informazioa gainerako eragileei helarazi behar die, eta jendaurrean azaldu bere iritziak;
- hirugarrena, eskariak planteatu eta behar diren salaketak egitea. Horretarako, etengabe plazaratu behar ditu bere eskari nagusiak, eta salatu egin behar ditu gerta daitezkeen giza eskubideen urraketak edo prozesuaren atzerapausuak;
- azkenik, behar diren ekimenak eta mobilizazioak bultzatzea. Horretarako, ondo prestatutako ekintzak eta kanpaina ausartak bultzatuko ditu.
Erakundea
Batzar Nagusietan finkatzen du Lokarrik bere jarduera orokorra, Koordinazio Batzordearen bidez koordinatzen ditu erabakiak eta elkarren osagarri diren hiru egitura hauen bidez eraikitzen du bere jarduera: bake eta adiskidetze prozesuaren behatoki soziala, elkarrizketari laguntzeko kanpoko sarea eta, azkenik, akordioaren eta herri kontsultaren aldeko herritarren sarea.
Antolakuntza irizpideak
Bi ardatz nagusi ditu Lokarriren proiektuak, eta horiek gabe ez luke zentzurik izango: batetik, erabakitzeko erabateko autonomia eta bere jarrerak finkatzeko iritzi independentzia; bestetik, herritarren sarearen aniztasuna, ekimenen zeharkakotasunarekin batera. Horiek oinarri dituela, lau irizpide hauek ditu gidari Lokarriren jarduerak: lehentasuna eta osagarritasuna, autoeraketa eta sareko funtzionamendua, diskurtso propioa eta komunikazio autonomia, eta, azkenik, zorroztasun eta autonomia finantzarioa.
- Lehentasuna eta osagarritasuna. Akordio plurala eta herri kontsulta aldarrikatzea da lehentasuna, baita txosten honetan finkatutako printzipioak ere. Kosta ahala kosta eutsi behar die Lokarrik printzipio horiei, eta horretan saiatuko da. Lehentasun horrekin batera, ekimen soziala eta politikoa elkarrekin uztartzea du helburu Lokarrik, eta elkarrekiko orekan egitea tokiko jarduerak eta orokorrak.
- Autoeraketa eta sareko funtzionamendua. Eraketari dagokionez, orain arteko antolakuntza sozialeko sistemak eta gaur egungoetarik egokienak uztartzea da Lokarriren asmoa, hau da, autoeraketa asanblearioa eta egungo sareko partaidetza eta komunikazio formulak elkarrekin lotzea. Teknologia berriak eta Internet izango ditu ardatz nagusi Lokarrik zeregin horretan.
- Diskurtso propioa eta komunikazio autonomia. Ideiak, pentsamenduak, salaketak eta proposamenak sortzeko eta eztabaidatzeko gunea da Lokarri. Horrenbestez, diskurtso propioa izan behar dugu bakea ekartzen laguntzeko, gizartearen gehiengoaren nahia erreferentzia dugula betiere. Diskurtsoaz gain, hura zabaltzeko komunikazio bide propioak ere baditu Lokarrik: Elkarri aldizkaria, gure web orria, aldizkari elektronikoak, SMS mezuak, argitalpen monografikoak, kanpainak, agiriak, prentsaurrekoak, ekitaldi publikoak… Komunikazio bide horiek guztiak erabiliko ditu Lokarrik.
- Zorroztasun eta autonomia finantzarioa. Zorroztasuna eta soiltasuna izango ditu irizpide nagusi Lokarrik gastuei dagokienez, baita funtzionatzeko modu propioa ere. Zorroztasuna izan behar du lagun gure erakundearen sormenak; alegia, baliabide gutxirekin gauza asko egiteko gai izan behar dugu. Gastatzeko zorroztasunarekin batera, diru sarrerak izateko irizpide bat ere behar dugu: autofinantziazioa. Geure baliabide ekonomikoez baliatu behar dugu batez ere, hori baita gure independentzia bermatzeko ezinbesteko bidea. Bazkideak dira, horrenbestez, gure proiektu bideragarritasunaren eta Lokarriren autofinantziazioaren bermatzaile nagusiak, erakundearen euskarria.












