Eliza, bakegile

- Alvaro Marcos, Ezker Gogoa

Aldaketa garaiak dira gure herrian. Ekonomia, gizartea, politika bera… dena dugu aldagai. Krisialdi latzaren adierazle, hondoa jotzen ari garen seinale. Erresistentziak, proposamenak, ildo berriak, betiko errezetak… denetarik agertzen zaigu, nor baino nor lehia bizian. Une interesgarria, ezbairik gabe, behingoz norabide zuzenean abiatzeko.
Eliza ere aztoratuta dabil. Barne eta kanpoko eragileek bultzatuta, hainbat gai, oinarri eta lehentasunak ezbaian daude, jarrera ezberdinen arteko borroka isil edo zaratatsuan. Ez dira ez makalak kristau komunitateak aurrean dituen arazo eta erronkak. Bere zutabe eta oinarri batzuk kolokan jartzen dituztenak.
Testuinguru honetan, Euskal Herrian Elizak landu eta zaindu beharreko gai nagusietariko bat, bakearena alegia, jarrera eta interes ezberdinen jomugan kokatuta dago, aspaldian. Mugimenduak eta adierazpenak jasotzen dira, nolabaiteko “garaipena” lortzeko, norberaren jarrerak orokortzearen aldeko borrokan. Egia esan, nire ustez, urteetan zehar hazitako ondarea eta ikuspegia arriskuan egon daiteke, interes garbiak dituzten presio-talde batzuen eraginagatik.
Horregatik, eskergarria da oso Joan Maria Uriarte gotzain-ohiaren gogoetak noizbehinka entzutea eta barneratzea. Adibidez, duela hilabete batzuk, Forum Europa-Tribuna Euskadin “Gure Eliza bakearen zerbitzura” izenburuko hitzaldia eman zuen, Bilbon. Bertan, berriro ere, elkarrizketaren beharra, etikaren premia eta guztien giza eskubideen defentsa aldarrikatu zituen.
Funtsean, sentsibilitate politiko guztien arteko eta gatazkan diren aldeen arteko elkarrizketa azpimarratu zuen. Horixe da gatazka guztiak gainditzeko benetako bidea. Horregatik, bere ustez, Elizak aldarrikatu eta bultzatu behar du bide hori, etengabe. Horrez gain, baieztapen bat bota zuen: etikarik gabeko politikak ezin du inongo herririk ez eraiki ez baketu. Etikarik gabe, politikak gizatasuna galtzen du, ustelkerian eroriz.
Bizi dugun bake eza horrek eragiten duen sufrimenduaren mapari errepasoa ere eman zion; han dago guztiz arbuiagarria den ETAren indarkeria, begirunea, laguntasuna eta kalte ordaina merezi dituzten biktimak, edo hurbiltasuna jaso behar duten presoekiko familiarrak, besteak beste. Finean, giza eskubideak guztientzako ukaezinak direla esaten du, baita deliturik handienak egin dituztenentzat ere.
Lehen adierazitako aldaketa garai honetan, hitz eta planteamendu hauetan dagoen gizatasuna eta benetakotasuna azpimarratzea egokia dela pentsatzen dut. Pertsonak eta karismak pasatuko direlako, baina funtsean dauden ideiak eta konpromisuak mantentzea denon lana delako. Behintzat, Eliza bakearen zerbitzura nahi dugun guztiontzat. Eliza bakegilea gura dugunontzat.
















Guztiz ados diozunarekin. Giza eskubideak denonak eta denontzat dira. Eta Elizak bide hori landu behar du, ez baten edo bestearen aldeko jarreretara mugatu. Uste dut zer egin handia duela esku artean: herri zauritu baten laguntzaile izatea, inor eta ezer ahaztu gabe.
02.03.2010(20:46)