Emakumezkoen bakea
2010.11.26 (12:04 pm)
Orain dela pare bat aste Bidea Helburuen Indarkeria-eza aktiboa Jardunaldietan eztabaida interesgarri eta beharrezko bat entzun ahal izan nuen galdera hauen inguruan: indarkeria-ezak ba al du generorik? Ba al dago sexismorik mugimendu sozialetan? Erantzuna, noski, baiezkoa zen. Beharrezkoa da, Mauge Cañadak esaten zuen bezala, generoaren betaurrekoak jartzea.
‘Bakezale’ tituluak ez gaitu barruraino sartuta daukagun eredu patriarkalaren
erreprodukziotik aske egiten. Mugimendu sozialetan erreprodukzio hori hurrengo eratan islatuko litzateke: presentzia publikoan gehiengoak gizonezkoak izatea, gizon edo emakume baten hitzari ematen zaion sinesgarritasun ezberdina (zenbatek galdetu diegu geure buruari nolako harrera egingo liguketen bizarra izanez gero?), azken erabakiak gizonen esku egotea, espazio fisikoaren edo ahotsaren erabilpena, bileren ordutegia lana/familia-kontziliazioari lotuta… Hau guztia, noski, zama bihurtzen da inposatutako maskulinitate edo feminitatearekin guztiz gustura ez daudenentzat.
Ni neu, arduratu egiten nau gai honek. Eta, zehazki, bake prozesu itzulezina eta elkarbizitza barneratzailea eraikitzeko lanean kezkatzen nau.
Asko idatzi da bake prozesuetan emakumeen partaidetzaren inguruan. NBEk berau gomendatzen duen ebazpena eta guzti egin zuen. Euskal testuinguruan, egon izan dira ekimenak edo gerturatze teorikoak, baina egun eta orain, erabaki politikoek soilik gizonen esku egoten jarraitzen dute. Eta gizona esaten dudanean ez nabil sexuari buruz hizketan, baizik eta ugalketa-aparatu bat ala bestea izateari ezartzen zaizkion rolei buruz. Pentsaera edo ‘egiteko era’ maskulino edo femenino mendebaldarrari buruz ari naiz alegia, hemen espazio kontuengatik jorratu ezin daitezkeenak. Antza, emakumeoi politika gutxiago interesatzen zaigu. Zentzu honetan Barbara Sichtermann-ek egiten duen hausnarketa interesgarria da:
“Lo que causa repulsión a las mujeres dentro de la política es la distancia existente entre el impulso y el hecho, entre el hecho y el resultado, entre el resultado y el plan, que son típicos de la política; es el alejamiento del político de sus propias intenciones, lo formal y abstracto de los anhelos y proyectos; es el difícil conjunto de obligaciones impuestas, de la lentitud de las instituciones y de la competencia subjetiva en todos los casos, lo que en su conjunto actúa para la mente ingenua como la maldición del negocio político. A los hombres les atrae aprender, entender y romper las reglas de este juego, mientras que las mujeres se sienten intimidadas y aburridas y, además, sospechan, y con razón, que por su inclinación a hablar en forma directa no serán comprendidas en este sistema de referencias altamente formalizado que es la política“.
Parekotasun legeak egin arren, Legebiltzarrean emakumeak sartzera behartu arren edo alderdi edo mugimenduen lehen ilaretan emakumeak jartzera bultzatu arren, ‘egiteko erak’, egiturak, maskulinoak izaten jarraitzen dute, eta beraz, bi aukera daude erabakiak hartzen diren tokian egoteko: maskulinizatu, edo mobilizatu, hainbat emakumek egin duten bezala mundu osoan zehar.
Honengatik guztiarengatik, ezinbestekoa iruditzen zait politika ‘egiteko era’ pluraletara ireki dadila exijitzea, non xake-jokaldiak aztertzen dituzten pentsaera arrazionalek eta gorbatadun gizon zuriek parte hartu dezaketen, baina baita ere pentsaera sortzaile, enpatiko, praktiko, xamur, hiperaktibo, sentibera, bat-batekoek… Ez al zaizue iruditzen bake prozesu batek berme gehiago izango lituzkeela itzulezina eta iraunkorra izateko negoziazio mahaietan hau dena egongo balitz? Are gehiago, aspalditik egongo ginela bake prozesu iraunkor bat dastatzen?












