Sortaldeko izpiak
2011.02.21 (12:03 pm)
Sortaldetik datoz izpi berriak Askatasun eguzkiya. Tunez, Egipto, akaso Algeria hurrengoa? Itxaropenak, demokraziarako grinak, fundamentalismoetatik iheska, pertsonaren duintasunaren gainean eraiki behar den gizartea, eskubideak, zibilidadea. Baina sartaldetik, batik bat Europar Batasunetik zer? Mesfidantzak, inertziak, susmoak, test zorrotzak, erantzun ofizial geldo eta berantiarrak. Gure artean ere bai, sortaldetik dator irudi edo ikur berria; erabat sortu ez den eki baten itxura du. “Sortu” alderdia gure euskal espektro politikoan kokatzeko lehenengo urratsak egiten ari da, panorama politikoa eguzki betean nola argituko den oraindik ez dakigula. Asmo horretan oztopo batzuk gainditu eta beste oztopo batzuk saihestu beharko ditu. Ez da eginkizun erraza izango; jaio berri den haur honen hats eta sintoma guztiak oso gertutik aztertuko direlako; zer pentsatzen duen, zer esaten duen, zer ez duen esaten, nola erantzuten dien egindako galderei, nola lortzen duen barruko indarrak batzen eta barruko arriskuak menperatzen oreka bila. Ezkorren direnek berrogeialdia edo neurri bortitzagoak proposatzen dituzte, gorroto eta mendekua mesfidantza ulergarri batekin nahasiz.
Sortu alderdia legezko izan ala ez izan gakoak bi adar ditu: (1) ETAk etorkizunean egin ditzakeen balizko ekintza terroristekiko Sortuk jadanik hartua eta plazaratua duen jarrera, alegia errefusa, arbuia nahikoa den, eta (2) ETAren existentzia berarekiko Sorturen erantzuna, ia gainontzeko alderdi “demokratiko”ekin batera erakunde armatuaren amaiera edo akabera lortzeko isfortzuak egingo dituen. Lehenengo eztabaida antzua da. Hitzen edo terminoen perlokuzioa (jasotzaile batzuengan eragiten dutena) berauen esanahien eta ilokuzioen gainetik jartzea dakar eta gainera erderari ematen zaion nagusitasuna kezkagarria da. Eztabaidak “condena” berbaren ingurukoak dira, eta joko horretan ez ginateke jauzi behar. Batetik, alderdien legeak berak ez duelako hitz hura eskatzen. Baina batez ere itzulpen hutsa egin beharrean Euskararen semantika eta pragmatika lehenetsi behar delako; begiratu besterik ez dago condena sarrerak erdal hiztegietan jasotzen dituen definizio eta erabilpen ezberdin eta polisemikoak: epailearen zigorra, jainkoak jarritako kalte edo salbazioaren ukatzea, deitoratzea bera. Gaitzespen, kritika, errefusatze, deitoratze, ukatze, etab hauen atzetik nahiko ilokuzio indarra dago: adierazten diren kasu guztietan ETAri ez esaten ari zaio.
Baina bigarren eztabaida korapilatsuagoa da. ETAri EZ esateak zer dakarren aztertu behar da. Batek ekintza edo portaera bortitz bat deitoratzen duenean, demagun generoko biolentziaz ari garela, ohikoa da deitoratze horretatik ondorio bat ateratzea. Silogismo praktiko batean ekintza bat gaitzestea baldin badago ekintza horiek saihesteko edo ekintza horiek burutzen dituztenekiko urruntzea ondorio bezala jarraitzen dira. Eskas iruditzen zaigu esatea: oso gaizki dago, ez zait ondo iruditzen edo errefusatu egiten dut eta kito, planto egiten dut, ez dut ezer egingo horren kontra. Ondorio praktikoa ateratzea falta da. Moralki baliteke pauso hori beharrezkoa izatea baina obligazio moralak edo politikoak ez dakar derrigorrez obligazio juridikorik. Bestela gutako gehienok, biolentzia matxistaren aurka gaudenok baina hura desager araztearren ezer egiten ez dugunok obligazio juridikoari huts egingo genioke etengabe. Juridikoki ETArekiko lotura edo harremanik ez izatea, laguntzarik ez ematea, “konibentzia”rik edo ulerkeririk ez izatea nahikoa litzateke alderdien legearen ikuspegitik legezko izateko. Gehiago eskatzea, haratago joatea, neurri batean alderdi berria ETAren aurkako borrokaren arduradun bilakatzea litzateke, baina eginkizun hori polizia ahalmena duen gobernuari dagokio.
Sorturi egiten zaion eskakizuna alegia ETAri desegin edo desagertzeko exijitu diezaion politikoki eta moralki zilegi da. Baina juridikoki nekez gauza daiteke. Estrasburgoko Giza Eskubideen Europar Auzitegiak emandako irizpideak –pluraltasun politikoaren balorea- kontutan hartuz eta bereziki ikusita oinarrizko askatasunak murrizten dituzten neurriak modu hertsian interpretatu behar direla, aztertu beharko da ia alderdi berriak ETArekiko (ezkutuko) harremanik duen eta bere estatutuak legearen araberakoak diren, besterik ez.
Sortuk garbi utzi du, bere estatuetan, ez duela zerikusirik ETArekin eta biolentziari uko egiten diola eta ez duela inolaz ere babesten, onartzen, bidezkotzat jotzen edo barkatzen. Ez al da hori legezkotasunaren auzian epaitu beharrekoa? Auzitegi Goreneko areto berezia (gizonezkoek soilik osatua, bide batez), babes helegiteaz ezagut dezakeen Konstituzio Auzitegia eta geroxeago, hola balitz, Europar Giza Eskubideen Auzitegia izango dira auzia argituko dutenak. Estatutuetako konpromisoak ekintzetan eta praktika politikoan frogatzea zaila da benetan. Prentsan agertu diren adierazpen frangoetan froga diabolikoak eskatu zaizkio Sorturi. Ez badu existitzen zer froga dezake? Inork ez du nahi –hala sinetsi nahi dugu behintzat– ETAren atentaturik Sorturen asmoak zintzoak diren ala ez frogatzeko. Orduan nola froga dezake ezer estatutuen edo bere bultzatzaile eta kideek esandakoaren gaindi? Egia da, askoz errazago eta argiago izango da jujeentzat Sortuk bigarren pausoa ematen badu, aldentze-urruntze nabari bat ETAren desagertzea eskatuz.
Alderdiok eta gizarte mugimenduok Sorturi lagundu behar diogu hori esaten, bereziki Lokarri edo eurekin sinesgarritasuna lortu duen EA alderdia. Horrexegatik Lokarrik O-19rako deitu manifestazioa funtsezkoa da. Garbi erakusten du euskal gizarteak aspalditik nahi duena: Sorturen legeztatzea eta ETAren desagerpena. Sorturen estatutuak irakurrita zalantza hauek uxatu egiten dira eta horregatik legezko bilakatu dadin legea aplikatu besterik ez dago, eta behin legalki existitzen duenean aukera eman zintzotasunez ari direla frogatzeko bai praktika politikoaren eta bai bere kideen portaeraren bitartez. Sortuk manifestazio horren mezuarekin bat egiteak gera litezkeen zalantza guztiak argitzen ditu, ETAren desagertzea ezinbestekotzat jotzen duelako. Sortaldetik agertzen den eguzkia guztiz betea izan dadin eta terrorismoa eta horrek eragindako sufrikarioa iraganeko kontua izan dadin, memoriaren, berradiskidetzearen eremua landu beharko dugu. “Seme etxekaltearen parabola” datorkigu gogora, ezta?















