bannerbanner



Ipar Irlandako eta Euskal Herriko egoerak oso ezberdinak dira, baina…

2011.12.16 (11:32 am)

Maialen Lizarralde
Maialen Lizarralde, Lokarri

Bizkar-zorroa gogoz eta ilusioz beteta abiatu ginen Belfastera abenduaren lehendabizikoan eta, 4 eguneko hausnarketa eta elkarbizitza sakona bizi ondoren, bizkar-zorroa gure artean elkarrekin lan egiteko, etorkizunari begira iragana lantzeko eta gizartearen partaide aktibo izateko konpromiso sendoz beteta itzuli ginen Euskal Herrira.

“Berradiskidetzearen zubiak eraikiz” proiektuari esker gazte jendea joan ginen,  euskal gizartearen berradiskidetzean gazteen partaidetza bultzatzeari zuzendutako egitasmoa baita. Euskal gizarteko sentsibilitate politiko eta erakunde ezberdinetako (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Alternatiba, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, EAJ, Euskadiko Gazte Sozialistak eta Iratzarri) ordezkariak eta Lokarrikoak elkarrekin izan ginen Irlandako bake prozesuaren inguruko esperientzia ezberdinak bertatik bertara ezagutzen. Memoria, biktimak, justizia, elkarrizketa politikoa eta beste hainbat gai interesgarriren ikuspuntua islatu ziguten irlandarrek haien hainbat erakunde eta instituziorekin egindako topaketetan. Azken urteotan garatu duten bizikidetzaren hobekuntza eta berradiskidetze sozialaren prozesuaren ereduaz asko irakatsi ziguten.

Hura guztia ezagututa, Ipar Irlandako eta Euskal Herriko egoerak oso ezberdinak direla ohartu gara, baina halaber, ikusi dugu oso garrantzitsua izan dela orain gutxi arte elkarren etsaitzat hartzen ziren pertsonak gela berean esertzeko gai direla egiaztatzea, hitz egin eta beren esperientziak konpartitzeko. Haiek gai izan badira, gu ere hala izango gara. Eta ahalegin horretan lagungarri izan daitezkeen hiru ikasgai handi ekarri ditugu eskuartean:

- Konpromisoaren garrantzia. Ipar Irlandan ez dute beren erantzukizuna saihestu eta bake prozesuan elkarrekin aurrera egiteko konpromisoa onartu dute. Konpromiso hau erabakigarria izan da zailtasunak gainditzeko. Ordezkari politikoek lidergoa beren gain hartu behar izan dute hainbeste urtetako indarkeria gainditu nahi zuen gizartearen eskakizun argiaren emaitza bezala. Konpromiso hau gure gizartean ere garrantzitsua da. Etorkizunari elkarrekin aurre egiten lagunduko digun motorra izan behar da.

- Iraganari aurre egiteko beharra. Ostiral Santuko Akordioetatik hamahiru urte geroago, iraganari aurre egiteko beharra indarrez azaleratu da. Orain badakite iragana adorez lantzea oinarrizkoa dela etorkizunean berriz ere ez errepikatzeko. Horregatik, orain ere guk geuk borondate bera erakutsi behar dugu. Euskal gizartearen oraina eta geroa eraikitzea erronka handia da, baina ez dugu iraganari bizkarra emanez egin behar.

- Gizarte osoa inplikatzearen erronka. Adostasun politikoak, gehiengo demokratikoarekiko errespetua eta sensibilidade politiko ezberdinen parte hartzea giltzarriak izan dira Ipar Irlandan etorkizunari aurre egiteko, baina bake prozesu bat gauza askoz zabalagoa da, gizarte osoa barne hartu behar duena, eta jakina, baita gaztedia ere bere forma guztietan (mugimendu sozialak, elkartegintza, kale-mailako ekimenak…).

Jaso ditugun hiru ikasgai horiez gainera, bidaiaren inguruko argibide gehiago eman genituen prentsaurreko batean. Horiek ezagutu nahi badituzu, Lokarriren webgunean dituzu irakurgai.

“Bestearen jarrera hobeto ulertzen lagundu digu bidaiak”

Irlandatik itzulitakoan, Belfastera joandako gazteen hiru ordezkari EITBko “Mezularia” irratsaioan izan ginen han ikasi eta ikusitakoaz mintzatzen. Andoni Rojok (Gazte independentistak), Koldo Gutierrezek (Gaztedi Sozialista) eta nik neuk, Lokarriren izenean, deskribatu genituen bizitako esperientziaren nondik norakoak, azpimarratuz bestearen jarrera hobeto ulertzen lagundu digula bidaiak.

/ Entzun elkarrizketa /

Rajoy eta txanponaren bi aldeak

2011.11.28 (9:55 am)

Xabier Letona, Argiako zuzendaria
Xabier Letona, Argiako zuzendaria

Ez da samurra irudikatzea pasa berri diren hauteskundeen ondoren nola garatuko den Euskal Herriko bake prozesua, eta pentsa liteke, nagusiki, hauteskundeen aurretik indarrean zegoen bide-orri bati jarraituko diola. Orain arte, berau ezker abertzaleak aldebakarrekoz egindako bidea izan da eta bide horren gailurra izan zen ETAk borroka armatua behin-betiko utziko zuela iragarri zuen urriaren 20ko agiria. Beste aldean ere mugimenduak izan daitezen ordua da.

Aieteko Nazioarte Konferentziak argi zehazten zuen moduan, orain bi esparru garrantzitsuri heldu behar zaie: gatazkaren ondorioei eta arazo politikoei. Arazoen ondorioei dagokion eremu horri heldu beharko dio PPren gobernuak, eta lehenik eta behin presoen eremuan. Prozesu luzea eta korapilatsua izango da, baina berau diseinatzea da kontua eta gero indarrean jartzen hastea: preso gaixoak askatzea, Parot doktrina indargabetzea, presoak Euskal Herrira edo inguruetara hurbiltzea, odol deliturik gabekoak askatzea… eta azkenean odol delitu eta zigor luzeak dituztenak.

Hainbat eratan egin daiteke hori guztia, logikoena izango litzateke urrats bakoitza bake prozesua sendotze aldera egitea, baina ez dago horren bermerik. Biderik okerrena litzateke presoak eta iheslariak hemen zabaldu den prozesu politiko berrian eragiteko erabiltzea. Eta horra beldurra: orain arteko gatazkan erabili baditu, zergatik ez orain? Arriskuetako bat hori da, espero dezagun nazioarteko laguntzaile eta bitartekarien indarrak eta euskal gizarteko kontsentsu handi batek ez baimentzea horrelakorik.

Baina txanponak bi alde ditu. Bata, Mariano Rajoyk ETAren agiriaren osten erakutsitako zuhurtasuna, eta horrek ematen du baikortasunerako esperantzarik. Bestea, hauteskundeen ondoren Amaiur-ekin ez hitz egiteko hartutako erabakia. Zein alde gailenduko da? Edo alde biekin arituko da Rajoy?

Oposizioaren lana bederen alde izango bide du, ez dirudi PSOEk gain honekin odolik egingo duenik, eta logikoena PPrena lana sostengatzea litzateke. Espainiak, gainera, badu zertaz arduratu krisiarekin Euskal Herrian ere indarrak xahutzen ibiltzeko moduan. Baina arazo handien aurrean, gobernuek sarri erabiltzen dituzte kohesio osagaiak, eta horietakoa izan daiteke baita ere separatistei aurre egitearena.

Gatazkaren ondorioenak du lehentasuna, baina arazo politikoa ere hor da eta Euskal Herriko kultura politikoen arteko oinarrizko akordioa ere lortu beharko da epe ertainean. Hori ere gaurtik hasiko da lantzen, baina ezin ukatu bultzada berezia hartuko duela Eusko Legebiltzarra berritzen denean, bera baita egun errealitateari erantzuten ez dion erakunde bakarra.

Pentsa liteke instituzioek hartuko dutela beren gain normalizazio politikoa gauzatzearena, baina oso garrantzitsua litzateke normalizazio hori ez mugatzea horretara eta gizartearen zabalak parte hartu ahal izatea bestelako foro edo moldez. Hau ez da alderdien gaia bakarrik, euskal gizartearena baizik, eta bere sozializazioan nola sakondu emaitzak ere halakoak izango dira. Euskal gizarteak bloke gisa bultzatzen badu bake prozesua, Madrilek galga dezake, baina ez geratu.

2 minutu berradiskidetzerako

2011.11.15 (3:28 pm)

Lokarri, akordioa eta kontsultaren aldeko herritarren Sarearen ustetan ugariak dira gaurtik hasita adizkidetzearekin, elkarbizitzarekin eta bakearekin zer ikusia duten landu beharreko erronkak. Hau dela eta, “Bi minutu adizkidetzerako” ekimena abiatu du eta bertan datorren igandeko, azaroak 20ko hauteskundeetan parte hartuko duten zenbait alderdi politikoren gai hauen inguruko proposamenak jaso ditu.

Lokarrik, ekimen honetan parte hartu nahi izan duten alderdien ordezkarien proposamenak bideo baten bitartez  jaso ditu. Parte hartu duten alderdi politikoak honako hauek izan dira: PSE-EE (Jose Antonio Pastor), EAJ-PNV (Josu Erkoreka), Ezker Anitza-IU (Mikel Arana), Amaiur (Maite Aristegi) eta Geroa Bai (Uxue Barkos).

Odolaren gainetik

2011.11.02 (8:40 am)

Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea

Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea

Bukatu da. Kito. Amaitu da, behin betiko. Zortzi hitz 52 urteko historiari amaiera emateko: “ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du”. Zorionak erabaki hau posible egin duten guzti guztiei.

Odolaren usainak bazter anitz zipriztindu, jende gehiegi kirastu, eztabaida franko pozoitu eta bihotz dezente harritu ditu urteotan guztietan. Alde guztietan, ez soilik alde batean eta bestean; ez, guztietan. Denok aspertu gara ETArekin. Seguru asko, ETA ere gurekin aspertu da. Kostako da usain hori desagerraraztea. Baina joango da. Orduan biluzik agertuko gara denok, ispiluaren aurrean, nork bere ederrak edo miseriak agerian, aitzakiarik gabe. Suzko armak lurperatuta, bestelako armak erabili beharko dira eta orduan, hitzak, bai jaun-andereok, hitzak bere balio osoa hartuko du. Bataila hori gordina izango da, gordina bezain zoragarria ere; nork bere argudioak azaldu, parekoa limurtzen hasi eta adostasun batera iristen saiatu. Adostasun osoa ezinezkoa izango da. Orduan, gehiengoak erabaki beharko du. Gogorra bataila, oso gogorra izango da; batik bat, Espainiako eskuin muturrak hedabideetan duen indarra ikusita. Sarritan esan dut: bataila dialektiko horretan ongi trebatutako bozeramaileak beharko dira, bihotzetik bihotzera hitz egiten duten pertsonak, gauzak argi eta garbi esaten dutenak, konplexurik gabe, ausardiaz, konbentzimenduz, sinesmenez, itzulinguruka ibili gabe. Tabua desagertu da. ETAk ezker abertzaleko buruzagien ahotan ezarria zuen “galga” ikusezina desagertuko da: ehh, ummm susmagarri horiek, zalantza horiek, isilune horiek joango dira. Euren agerpen publikoetan zenbait gai tabu ziren. Horietako bat borroka armatua zen. Orain kito; desagertu da fantasma.

Baina, bataila dialektikoa hasita zegoen. Hasita dago. Zergatik izan da erabakia? Nolatan ailegatu gara hona? Borroka horretan den denak sutsu eta gogotsu ari dira. Normala. Nire ustez, ez dago arrazoi bakarra. Denek dute arrazoi puntu bat. Estatuaren presioak eragin handia izan du, jakina. Euskal gizarteak berak garrantzia itzela izan du, garbi utzi baitio ETAri bere garaia igaroa zela. Dena den, ETAren transatlantikoak egin duen ziaboga ulertzeko gako nagusia, nire ustez, beste bat da: Loiolako prozesuaren porrotak Arnaldo Otegi, Rufi Etxebarria, Rafa Diez eta beste hainbaten pazientzia agortu zuen. Orduan, adar politikoak adar militarrari aurrea hartzea erabaki zuen. Hor dago gakoa. Mahai gainean ukabilkada eman eta ozen esan zuten: hau amaitu behar da. Apustu handia egin zuten, zintzoa eta ausarta. Arriskatu egin ziren. Eta Euskal Herriak ahalegin hori eskertu die maiatzeko hauteskundeetan eta azaroaren 20koetan ere eskertuko die. Honatx nire apustua: baietz Amaiur lehen indar politikoa izan.

Beste fase batean kokatuko gara: odolaren arrastoaren gainetik, hitzak hartuko du protagonismoa. Ez ahaztu: hitza bihotzaren giltza da.

Kontakizunak, elkarbizitzarako zubiak

2011.10.07 (8:54 am)

Joxean Agirre, ELEAK Mugimendua
Joxean Agirre, ELEAK Mugimendua

Post hau bake prozesuaren Behatoki Sozialaren 2011ko Udako Txostenetik ateratako lau hausnarketen multzotik lehenengoa da. Artikulu hauek gai honen inguruan egiten dute hausnarketa: “Nola eraiki memoriaren kontaketa?”

Ikuspegi kritiko batetik izanda ere, zaila da iraganari begira jarrita bi pertsonak kontakizun bera egitea. Zer esanik ez dago, zenbat eta zabalagoa ariketa hori egiten duen giza-taldea, orduan eta zailagoa da pertsonen perspektiba bat egitea. Komunztadurak dira gakoak, nolanahi ere, kontakizunen arteko bateragarritasuna neurtu nahi izanez gero.

Hamarkada luzez nozitu dugun gatazka politikoaren indarkeria ezberdinek era askotan lausotu dute herritarren begirada. Kontakizun objektiboa, zientifikoa, historia parametro neutrotan neurritakoa, ez da existitzen. Kimera edo amarru dialektiko-politikoa besterik ez da. Izan ere, egia osoa, egia partzialen batuketa da, eta ez egia ezberdinen arteko batezbesteko aritmetikoa.

Beraz, kontakizun ezberdinen beharra eta beren legitimotasuna dira bakegintzaren porlana. Bake bidean, elkarrizketa dugu berme eta askatasuna/justizia topaleku. Bakea ez da gerraren gainditze hutsa, bide demokratikoak jorratzeak eta bere printzipioen arabera jarduteak demokrazia egiten baitu ezinbesteko. Hari horretatik tiraka, elkar hizketa eta akordioa kontakizun ezberdinen arteko dialektikaren seme-alabak ditugu. Hori esatean, kontakizun bakar baten balio intrintsekoa nardatzen ari gara, gurasokeriaren parekotzat hartu ere.

Akordioaren eta guztiontzako askatasunaren ondorio behar duen bakeak giza faktore oso nabarmena dauka. Aurrez-aurre bizi izan duten pertsonen arteko harremanak daude eszenatoki berri baten erdigunean, eta elkarren onespena ez da nolanahikoa izango. Jendartean sorturiko lubakiak eta zauri-marrak ez dira desagertuko ziztu bizian. Horregatik, ELKARBIZITZA izango dugu helburu politikoa. Elkarren arteko begiruneak ñabardura prepolitikoak dakartza berekin, baina marko demokratiko batean elkarri eragitea kontu politikoa da. Estrategia bat beharko du.

Estrategia horren muinean kontakizun ezberdinen ezinbestekotasuna dago nire ustean. Baztertze edo nagusitze tentazioari bizkar emanez, kontakizun ezberdinen jarioak lagunduta memoria historikoak behar duen osagarritasunera hurbilduko gara apurka, egiaren monopolioa pitzatuz. Gai hauetan murgilduta lan egiten duten beste pertsonekin bat eginez, sufrimenduari buruzko egia alde ugarikoa behar dugula pentsatzen dut. Baina egindakoaren aitortza lehen urratsa den neurrian, badira etxeko lanak egin gabe dauzkaten hamarka alderdi, instituzio eta eragile. Kontakizun guztiek eragindako kaltea aitortu beharko dutenez, guztiz bidegabea dirudi ETAri berak sortutako biktimak ohoratzea eskatu eta estatuei ez ikusiarena egiten jarraitzen uztea. ETAk ez dio muzin egin bere erantzukizunari sortutako min eta kalteari dagokionez, nahiz eta justifikatutzat eman. Estatuek, ordea, ostrukarena egitea deliberatu dute; ez dute beren ardurak (direnak direla) aitortu eta besteen kontakizuna ez dute zilegitzat eman, ez forman ez edukinean.

Elkarbizitzarako estrategia politikoak mailakatze jakin bat izan beharko du: bi aldeetatik, eragindako mina nork bere gain hartzea, gatazkaren ondorioz egondako biktima guztien onarpena eta beren egoera arindu eta leuntzea eta, hirugarrenez, halako eszenatoki gordina berriro eman ez dadin bermeak (marko demokratiko adostua) finkatzea.

Kontakizunen arteko elemento komun bakarra izan beharko da besteen errealitatea eta egoera (minaren mapa osoa) aintzat hartzea. Gako politikoen artean zubiak lehertarazteko balio dutenak, besteak beste, barkamena, garaipen-galera dialektika eta kontakizun baten hegemonia politiko-historikoa, albo batera geratu behar dira. Eraiki nahi dugun zubiak bi ezaugarri dauzka: begietatik behar beste ura pasatzen uztea (askotariko kontakizunak) eta pertsonen arteko harreman libre eta lasaia ahalbidetzea.

Iragarritako kronikaren arrakalak

2011.09.26 (10:59 am)

Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea
Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea

Uste baino zailago. ETAren amaierak aurrez pentsa zitekeena baino konplikatuagoa dirudi. Bateragune auziaren epaiak harri eta zur utzi ditu ia analista guztiak. Inor gutxik espero zuen; are gutxiago, horren gogorra eta oinarri juridikorik gabea. Zer gertatu da? Zergatik?

Bitxia da. Amaiera eta hasiera eskutik helduta datoz. ETAren balizko amaierak beste bataila batzuen hasiera ekarri du: kontaketa eta irudiaren batailak, esaterako. Gatazka nahiz gerra guztietan gertatu da: lubakietan aritutakoek bonben oihartzuna baretzen denean euren kontaketa inposatu nahi dute, historiako liburuetan euren egia bakarra izatea, alegia. Egiaren monopolioa.

Agamenon eta txerrizaina

“Gertaerak sakratuak dira, iritziak libre” dio kazetaritzako urrezko arauetako batek. “Egia beti egia da, Agamenonek esan zein haren txerrizainak” ere esan ohi da. Ideia baten zilegitasuna indartzeko erabiltzen da esaldia. Anjel Lertxundik, berriz, honakoa gehitu du: “Ederra dirudi. Baina Agamenon, errege greziarra izateaz gainera, izen baten jabe da; txerrizaina anonimoa da eta ospe gutxiko lana du ogibide. Ez, gure egunotan garrantzi handiagoa du egia nork esan duen jakiteak, egiak berak baino”. Antzeko zerbait gertatzen ari da orain. Espainiako estatuak kronista bakarra nahi du; ez bi edo hogeita bi; bakarra. Estatua bera, alegia. Garaile eta garaituen arteko kronika idatzi nahi dute, zuri-beltzak soilik agertuko dituen kontaketa. Zeregin horretan oztopo bat topatu dute: Maiatzaren 22ko hauteskundeen emaitza. Berton, Bildu koalizioak izandako boto kopuruak lausotu du, baina, iragarritako kronika horren idazketa. Zapuztu zaie aurretik idatzitako kontaketa. Garaile eta garaituen arteko mugak ez daude horren garbi. Izan ere, garaipen militarra eta garaipen politikoa ez datoz beti bat. Iragarritako kronikak arrakalak ditu. Honatx hiru adibide.

Lehena: Bateragune auzia. Preso egonda ere, Arnaldo Otegik Bateragune auzian emandako irudia oso askea izan zen: inoiz baino libreago mintzatu zen, inoiz baino argiago. 315.000 botoen zilegitasuna zuen atzean. Ezker abertzale historikoak erakutsi zuen egindako apustu politikoa fruituak ematen ari dela. Konbentzimendu osoz, kementsu, gorrotorik gabe mintzatu zen. Batek baino gehiagok hurrengo lehendakaria ikusi zuen jesarrita Audientzia Nazionaleko eserlekuan. Kronista bakarra inposatzeko asmoa duen estatuak ezin zuen halako laidorik jasan.

Bigarren adibidea. Egoeraren azterketa. Arnaldo Otegi eta Patxi Lopez dialektikoki aurrez aurre jarri dira egoeraren azterketa egitean. Preso dagoen buruzagiaren aburuz, “egun bizi dugun aldaketa politikoaren jatorrian ezker abertzalearen estrategia berria dago”. Lehendakariak, berriz, dio egoera honen abiaburua “estatuaren irmotasuna” izan dela. Haatik, azterketa objektibo batek esan beharko luke, agian, euskal gizarteak bide armatuari bizkarra eman izanak ekarri duela, besteak beste, ezker abertzale historikoaren aldaketa eta jokabide horrek aldatu dituela bai mapa politikoa, baita beste alderdi politikoen estrategia ere. Baina, hemen ere, estatuak kronista bakarra nahi du.

Hirugarren adibidea: Eusko Jaurlaritzaren zio politikoko biktimen dekretua. Protagonista: Idoia Mendia bozeramailea. Izena bera ere bitxia da: “estatuaren eta talde paramilitarren biktimen auzia” deitu beharrean, dekretuari bestelako izen nahasia topatu zaio estatuaren erantzukizuna ezkutatzeko. Baina, gatozen harira. Mendiaren esanak: “Inork ez dezala pentsa ETAren biktimak eta estatuaren biktimak maila berean daudenik. Ez dago parekatzerik. ETA da biolentzia ororen jatorria. Historia ezin da berridatzi”. Kronista bakarraren tentazioak, inoiz baino ageriago, berriz ere. Galdera apala: Zergatik egon behar dute mailak biktimen artean? Non eta noiztik aurrera jarri behar da biktimen kontagailua abian? 1978an, 1968an, 1936an? XIX. mendeko gerra karlistetan?

Bozgorailuak eta mailuak

Kronista bakarra ezin da egon. Ez da egongo. Ez litzateke ona izango. Zer gertatu da? Galdera horren peskizan bai izan behar dugu zorrotz eta zehatzak; zeharo zehatzak. Posiblea da. Beste kontu bat da zergatietan bat etortzea. Horretan ezinezkoa izango da ados jartzea; baina zer gertatu den argitzen badugu, zailago izango da etorkizunean ere oinarrizko eskubideen aurkako urraketak berriro errepikatzea.

Kronista batzuek bozgorailu eta baliabide hobeak izango dituzte, baina horrexek ez die egiaren bermea emango; bozgorailuak mailuak baliran erabili arren.

Maiatzak 22ko Udal eta Batzarretako hauteskundeen emaitzak Euskal Autonomia Erkidegoan

2011.05.25 (8:47 am)

Joxerramon Bengoetxea, zuzenbide irakaslea UPV-EHUn
Joxerramon Bengoetxea, zuzenbide irakaslea UPV-EHUn

Maiatzak 22ko Udal eta Batzarretako hauteskundeen emaitzak Euskal Autonomia Erkidegoan.

1. Fenomeno berri eta interesgarri asko egon da krisi beteko kanpainia eta kanpaina-aurre honetan. Bi aipatzearren Sorturen debekua eta Bilduren inguruko suspensea. Lokarriren bitartez antolatu izan diren ekitaldiak garrantzi handikoak izan ziren Euskal Herriaren gogoa ezagutarazteko. Konstituzio Auzitegiaren epaiak gogo hori kontutan izan du, in extremis. Ez da egia aukera guztiak hauteskundeotan aurkeztu ahal izan direla, askotan entzuten dugunaren kontra; Sortu debekatzea demokratiko izan nahi duen sistema batean gauza larria da. Auzitegi Gorenagatik, Estatuko fikaltzagatik eta Estatuko Abokatutzagatik edo PPrengatik izan balitz hauteskunde hauetako emaitza bestelakoa zatekeen Bildurik gabe. Kanpainia amaiera aldean M-15 mugimendua sortu da. Interpretazio asko eskaini izan da hori ulertzeko, 1968ko Maiatza, “konstituziogile” izan nahi duen belaunaldi gaztea, ahaztua eta etsita, Mediterraneo hegoaldeko demokraziarako iraultzak, Islandiako finantza krisiaren hiritarren mugimenduak, etab. Bat-bateakoa izan da, mass media berrietan hedatu da, Espainiako sistema politikoaren korseta agerian utzi du eta alderdi nagusien erantzun manipulatzailea (ezkerretik) edo zapaltzailea (eskuinetik) erakutsi digu. Bakearekin zerikusi handia izan dute bi fenomeno hauek: Bildu aurkeztu ahal izatea eta M-15k sistemari egin dion kritika sendo eta guztiz baketsua; biolentzia baztertzeko mezuak garbiak izan dira bienak.

2. Emaitzen inguruan eztabaida gutxi dago. Abstentzioa %35 ingurukoa izan da. Hiru botoemaileetatik batek ez du bozkatu nahi izan, apolitikotzat joko dugu eren hori. EAJ izan da alderdirik bozkatuena, askogatik, botoemaileen herena ia. Zentralidadea hortxe dago, ambiguotasuna leporatzen zaio beste alderdietatik baina herritarrek lehenetsitako aukera da. Bildu da bigarren indarra. Hautetsi kopuru handiena dauka eta botoen %25a lortu du, emandako lau botoetatik bat berari eman zaio. Lehenbiziko indarra Gipuzkoan, bigarrena Bizkaian, PNVren atzetik, eta hirugarrena Araban, PSEren aurretik! Sortuk ez zukeen, bakarka, inolaz ere Bilduk lortutako arrakasta lortuko. Ezker Abertzalearen %18eko sabaia, Euskal Herritarrok sue-ten eta Lizarra-Garazi garaian lortutakoa, gainditu du, batuketa bat izan delako, gehikuntza: EA, Alternatiba eta independienteak. Independienteek zerrendak osatzea garrantzitsua izan da oso, aurpegi berriak, serioak, dotoreak, lanerako prest, iraganeko loturarik gabekoak, hasiera garbia eta ilusio-sortzailea. Emaitza honek lagunduko du ETAren amaiera ekartzen, ezkorrenak izan direnei argumentu sinesgarriak ematen dizkielako: politikaren bidetik indarrak metatu egiten dira eta herritarron bultzada jasotzen da. Biolentziarik gabeko etorkizuna da nahi duguna.

3. PSOEk edo PSE-EEk bi zor garesti ordaindu behar izan ditu: bata, krisiaren aurrean hartu duen jarrera manipulatzailea (ikus Jordi Sevillaren autokritika, bakanetakoa, El Paisen M-24) eta bestea, Euskadin gehiengo zabal baten aurka PPrekin (eta aldiro UPyDrekin) gehiengo parlamentaria inposatu izana, frentismo egin izana gehiengo abertzalearen kaltetan. PPk ere oso emaitza txarrak izan ditu Gipuzkoan eta Bizkaian, Arabako emaitzek disimulatzen dituztenak. Ez da kasualitatea izango Basagoitik esatea Rajoy-k Bilduren aurka egingo duela boterea lortzen duenean. Kasu! Bilduren arrakasta digeritzeko denbora eta bikarbonatoa behar du PPk. Orain arte eraiki duen diskurtso “abertzalefoboa” Espainia mailan hain eraginkorra, des-eraikitzen joan beharko da. Jabetzen dira ETArik gabe askoz hobeto bizi garela denok, beraiek ere bai noski baina diskurtso ezkorrari eusten badiote, azkenean ETAren desagertze beraren aurka jarriko dira. Arerioen premia al dute? Bakearen mesedetan gainontzeko alderdiek lagundu behar diote PPri deseskalada hori egiten.

4. Orain hasiko dira negoziazioak alderdien artean, Arzallusen “ritos de apareamiento” famatuak. Gobernuak osatzen joango dira. Bozkatuenarekiko errespetoa printzipio demokratiko desiragarria izan daiteke, baina konpromiso sendorik ez bada hartzen, ez goaz inora. Ezin zaio PNVri leporatu gehiengorik gabeko gobernuak osatu nahi izatea: ikus PSE-PPk egin dutena edo Zumaia edo Azpeitia bezalako udaletan EAk eta ANVk egin dutena, kasu guztietan PNV alboratuz. Denok errespetatuko beharko lukete printzipio demokratiko hori. Ikus Gasteizen zeinen irudi ona eman duen PNVko Urtaran alkategaiak. Zerrenda bozkatuena errespetatzeak asko lagundu dezake bakegintzan, normaltasunaren irudi zintzo bat ematen duelako.

5. Alderdi txikien porrota da hauteskunde emaitzen beste ondorio bat. Fragmentazioaren arriskua aipatu zen kanpainia hasieran, baina ez da horrelakorik gertatu. Gure lagun-mina zenak, Sabin Intxaurragak, argi ikusten zuen etorkizuneko paisaia politikoa eta hauteskunde hauek berretsi egin dute bere apostua eta saritu dute bere lana. Panorama sinpleagotzen doa: espainol unionista edo konstituziozaleen aldetik, PP eta PSE-EE; abertzaleen aldetik PNV eta Bildu. Trasbersalidadea ez da a priori bat baina a posteriori bat, itunek ekarriko dutena. Panorama berrian geratu diren apurrak ez badira bloke nagusi horietan kokatzen, gero eta niminoagoak izango dira:

• UPyD ia desagertu da gure euskal esparrutik, Espainia mailan emaitza duintxoak lortu arren.

• Hamaika Bat-ek nazionalismo historikoaren gainbeherari bota dio bere erredikuluaren errua, baina PNVk garbi irabazi du eta hori da nazionalismo historikoa-instituzionala. Arrazoia Iñaki Galdosek berak emana zuen alderdi berria sortu zutenean, alegia esparru politiko-ideologikoa eta esparru elektorala bereiztearen beharra. Bereizketa egokia da baina H1ek ez du kasurik egin. Agian arrazoia izan zuen EAtik alde egiten, baina emaitzek arrazoia kendu egin diote bakarka aurkeztuz. Herri honetan eta ordezkaritza sistema politico honetan antzekoak diren opzioak proiektu handi baten inguruan bildu behar dira.

• Ezker Batuak oso emaitza txarrak ditu, desagertzeko arriskuan kokatuz. Espainia mailako alderdia da, ez du Alternatiba jarraitu nahi izan, bere kalterako. Ez du inolako etekinik atera PSEren porrotetik; saiatuta ere, ez du ezer atera M-15 mugimendutik.

• Aralar oso ukituta atera da. Bildu tsunamiaren aurrean bizirik ateratzea besterik ez du lortu. Hasierako Euskadiko Ezkerraren traza hartzen diot. Abertzaleon bigarren aukera da. Gure hauteskunde sisteman ez dauka ezer egiterik. Asko dauka ekartzeko ordea, batez ere bakebidean. Oso buru eta kide onak ditu, Euskadin baloratuena Aintzane Ezenarro da, guztien gainean. Nafarroako faktorea egon da hor, gauzak nahasten, NaBairen protagonismoa garbia delako eta EArekin eta Bildurekin ez direlako konpondu. Baina meta ditzala indarrak Bildurekin Gernikako izpirituaren mesedetan.

7. Nafarroa kasu berezia da. Euskalzaleak, NaBai eta Bildu, sekulako emaitzekin, bigarren indarra bilakatu dira, erregionalista antieuskaldunen atzetik. Ezkerraldetik laino bat altxatzen ari da. Alderdi espainolak, PSEk eta PPk, oso emaitza eskasak dituzte. Nafarroak bere bidea egingo du, baina zubiak eraiki behar dira EAErekin, eta zubi horiek ere lagunduko dute normalkuntzaren bidean, eta bakebidean ere bai.

Ohar bat: panorama politikoa bi blokeen inguruan sinpleagotzeak ez du inolako frentismorik esan nahi, eta ez luke zergatik ekarri behar. Ditugun arazo garrantzitsu askok –ETAren amaiera betikoa, presoen gakoa, armak ematea, biktimekiko aitortza, euskararen sendotzea, gai ekonomiko eta soziala– ez dute konponbide samurrik planteamendu frentista horietatik. Denon arteko ituna berri bat beharko da, baita PPko erradikalekin ere. Baina orain bizi dugun frentismoa, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duena, gainditzen hasteko, ez litzateke ideia txarra izango egungo Eusko Legebiltzarra Erkidegoko errealitate politikoa islatzen hasiko balitz.

Pozgarria, argigarria

2011.05.06 (8:51 pm)

Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea
Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea

Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia alde guztietatik pozgarria da: demokraziaren ikuspuntutik oinarrizko eskubideak errespetatzen dituelako, eta normalizazioaren aldetik eragile politiko garrantzitsu baten onarpen zibila agerian uzten duelako. Eragin handia izango du epe laburrean eta ertainean. Gehiegi iraun duen appartheid-aren amaieraren hasiera da. Maiatzaren 22ko hauteskundeetatik aterako den emaitza, herri honen benetako argazkia izango da, iragazkirik gabea, galbaherik gabea. Orain arte lausoa zena argituko da. PP eta haren inguruko hedabideak gogor arituko dira oraindik ere. Ebazpenaren osteko erreakzioak entzutea edo irakurtzea besterik ez dago. Komunikazioaren ikuspuntutik garbi dago gauza asko hobetu behar direla, Euskal Herritik bertatik hasita. Garai berriotan, eledun egokiak behar dira, argi eta garbi mintzo diren bozeramaileak, ideiak konplexurik gabe azaltzeko gai diren pertsonak, paperaren gatibu ez diren mintzakideak, taburik gabe hitz egiten duten gizarte-eragileak, entzuten dakiten gizon eta emakumeak, politika beste modu batera ulertzen duten militanteak; azken batean, komunikazioa maite duten pertsonak.

Baketik gertuago

2011.05.06 (11:55 am)

Ezker Batua-Berdeak alderdiko koordinatzailea
Ezker Batua-Berdeak alderdiko koordinatzailea

Euskal Herrian, azken hamarkadan, hauteskunde ezberdinak bi ezbeharrez markaturik egon dira, ETAren indarkeria eta Ezker Abertzaleren presentzia eza, parteka edo bere osotasunean.

Ez ditut biak maila berean kokatzen, ezta gutxiagorik ere, baina aitortu behar da hauteskundeak joan eta hauteskundeak etorri horiek izan direla, tamalez, Euskal Herriko hauteskundeak ezberdin egin dituztenak.

Atzo, Auzitegi Konstituzionalak, bi aparteko egoera horietatik, bat bere onera ekarri zuen. Bildu (Ezker Abertzalearen koalizioa) hauteskundeetan egongo da.

Konstituzionalaren erabaki honek, lehenik eta behin, legez kanporatze prozesu honen guztiaren oinarri politikoa agerian utzi zuen. Politikoa izan zen Gorenaren erabakia, non epaile atzerakoiak gehiago ziren eta politikoa izan zen ere Konstituzionalaren erabakia, non epaile aurrerakoiak diren gehiengo.

Zuzenbidea interpretatzeko modu ezberdinak egon daitezke, baina Konstituzionalean egoteko proposatu zaituen alderdiaren ikuspegiaren araberakoak izatea beti ez da batere arrunta. Espainian, botere judizialaren independentzia, batez ere epaitegi nagusietan, kimera hutsa baino ez da, eta beraz, beste aukeraketa modu batean pentsatzen hasi beharko ginateke. Baina tira, hori beste post baterako.

Bigarrenik, Konstituzionalaren erabakiak Euskal Herrian aurrekaririk ez duen egoera bat errazten du: ez dadila egon zinegotzi edo batzarkiderik, ETAren indarkeriaren aurrean beste leku batera begiratzeko prest, instituzio horietan euskal sentsibilitate politiko guztiak presente egonda.

Segur aski, batzuek, instituzio berriak martxan jarri eta berehala, egoera berri hau okertu nahiko dute ez Bilduk ez beste askok ere, sinatuko ez genituzkeen aldebakarreko ikuspenez jositako adierazpenak proposatuz, Ezker Abertzalearen apustua ezereztatu nahian, baina agerikoa izango dena da ETAk euskal instituzioetan ez duela inolako babesik edo aitzakiarik aurkituko bere existentzia zuritzeko.

Hauteskunde hauek, gainera, normalkuntza politikorantz aurrerapauso nabaria suposatuko dute, eguneroko lanean batzuen eta besteen arteko elkarlanak aurretik ezezagunak ziren egoera asko ulertzera eramaten duelako, eta honek elkarrizketa asko errazten duelako.

Baina ez hori bakarrik, hauteskundeen ondoren emango den egoera berri honek, barerantz ere gerturatzen gaitu. Ezker Abertzalearen bide politiko eta demokratikoen aldeko apustuak bere saria aurkitu baitu beraien proposamenak klandestinitatetik atera eta publiko egin ahal izateko.

Bide zuzenean gaude, ea inork edo ezerk ez duen okertzen eta hurrengo hauteskundeetan indarkeriaren mehatxua ere desagerturik dagoen eta oraingo honetan ez bezala, eskolten beharra ere, gure hauteskunde kanpainetatik desagertzen den.

Elkarrizketa mahaiaren itzala

2011.04.27 (9:37 am)
Txoni de Souza
Dionisio Benito,
kriminologoa

Euskal gizartean azken denboraldi honetan, jendearen iraunkortasunari esker, bilakaera Euskal Herrian bizitzen ari garen bake prozesuaren bermatzaile garraintzitsuenetako bat da eraiki nahi den aberri eraikuntza lortu ahal izateko. Beraiek, “nortasun taldeek”, lan egitura  trebeak erabiliz kultura demokratikoa eta elkarrizketaren bitartez bizi dugun “gatazka” eraldatu dute bake iraunkorra lortzeko eta erabakitzeko eskubidea izateko.

ETAk su-etena aitortu zuenetik, nortasun taldeek behin eta berriro erakusten dute publikoki zein den benetazko borondatea eta noraino iritsi nahi duten gizarteak aldarrikatutako helburuak lortzeko. Garrantzitsua da onartzea gatazkan barne dauden egileek arazo bat dutela aitortzen dela eta, zentzu horretan, parlamentua osatzen duten beste agenteek, politikoek, elkarrizketaren borondatea eduki behar dute hitzaldi-mahai bat osatu eta dauden ahots guztiak entzun ahal izateko. Hitzaldi-mahai baten benetako oinarria abeniko-giroa lortzeko, indarkeria guztien amaiera garaitu ahal izatea eta “ahotsik gabekoen ahotsa” entzutea da. Kasu honetan, Ezker Abertzaleak legeztatua izan behar du, zalantzarik gabe, behingoz gure gizartean hitz egiteko eskubidea izateko.

Gaur egun esan genezake “adiskidetzearen” aurreko pausoan gaudela eta, horregatik, beharrezkoa da indar guztien elkartasuna izatea hau guztia lortzeko. Nabari da azken bi urte hauetan ETAren aldetik gogorkeriarik gabe gabiltzala. Kriminalitate datuen estatistikak horrela adierazten du. Horrexegatik, aitzakiarik gabe, zentzu handiko aro batean gaude derrigorrez aurrerakada pausoak emateko. Harresi hori oztopo bezala bidetik kentzeko eta “adiskidetzearen” mementora iristeko, hainbat gauza argi utzi beharko genituzke: biktima guztien oroimena eta eragindako kalteak konpontzea, “menderatuak” eta “garaileak” ez dira egon behar sufrimendu gehiagorik ez berpizteko. Tamalez, lehen mailako eta bigarren mailako biktimak egotea gogaikarria da gure gizartean gizakiaren ahulezia ohartarazten digutelako beti, eta jakinda urte hauetan guztietan nola gertatu izan diren egitate traumatiko guztiak, era batean edo bestean, adierazten digute zein den benetako gordintasuna. Biktimak guztiak ezagutu, aitortu eta gogoan hartu behar dira. Beste aldetik, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen (HNT) gainbegiratu lana apartekoa eta funtsezkoa izango litzateke  “gatazka” konpondu eta lagundu ahal izateko.

Ez da zuzena esatea “garaileak” eta “menderatuak” egon behar direla bake prozesu honetan. Orain arte, azkeneko 50 urte hauetan, tamalez, era batean edo bestean, “menderatuak” egon dira beti, hain zuzen ere, gaur egun gurekin ez daudenak. Eta “garaileak” izan beharko ginateke gaur egun oraindik bizirik eta aske gaudenok.

Nortasun taldeek gizartearen ahotsa bultzatu nahi dute, benetako botoa, politikoek horrela ulertzeko eta herri bat garela ez ahazteko.

Konfidantzarekin, iragana zein den ikusteko eta etorkizuna erabakitzeko elkarrizketa-mahai batean eseritzeko artigasuna behar dugu bai ala bai daukagun bake prozesu hau betiko ez itzalteko.