bannerbanner



Biktimak, eskola eta zezenaren adarrak

2010.02.26 (11:25 am) – Filed under: Egileak ::

Txema Ramírez de la Piscina, EHUko irakaslea

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak indarkeriaren biktimen lekukotasunak eskolara eraman nahi ditu datorren ikasturtean. Helburu hori lortzeko asmoz, Isabel Celaa sailburua “Hiritarren Heziketa” irakasgaiaren erreforma prestatzen ari da. Momentuz, ez dakigu nola egingo den, ezta zein baliabide pedagogiko erabiliko diren egitasmo hori gauzatzeko ere. Ezaguna dugu, ordea, Lopezen Gobernuak biktimen inguruan eraiki duen diskurtsoa. Pentsatzekoa da irakasgai berriak ildo beretik joko duela.

Zer egingo du Lopezen Gobernuak: guardia zibilak eramango ditu ikastoletara? AVT, Manos Limpias eta Ermuko Foroko kideak maisu-maistra bihurtuko dira? Tortura jasan dituzten pertsonak ere joango al dira euren testigantzaren berri ematera? Zein helburu pedagogikoarekin? Itxura denez, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako ikasleei irakatsiko zaie materia berria (14 urte inguruko neska-mutilak).

Patxi Lopezen Gobernuak biktimen aintzatespena bihurtu du bere diskurtsoaren ardatz. Helburu hori lortze aldera, Jaurlaritza sekulako ahaleginak egiten ari da: han eta hemen biderkatu egin dira ekitaldi instituzionalak, ekimen publikoak, omenaldiak, adierazpenak, lege-aldaketak eta diru-laguntza publikoak. Ikuspuntu demokratiko soil batetik, ekimen horietako asko oso eztabaidagarriak dira. Adibidez: zergatik izan behar dute indarkeriaren biktimek mesedezko tratua lehiaketa publikoetan? Nork erabakitzen du nor den indarkeriaren biktima? Noiztik aurrera?

Gai honen inguruan, azken hilabeteotan, Jaurlaritzak ekimen dezente antolatu arren, gizartean ez du aparteko oihartzunik lortu; ez behintzat bat bateko erantzuna, seguru asko herritar gehienok ahalegin horiek oso aldebakarrekoak eta goitik bideratuak ikusi ditugulako.

Biktimak eskolara? Bai, baina ez era honetan. Gaia oso delikatua eta hunkibera da. Biktimak bakarrik? Gaiaren konplexutasunak planteamendu globala eskatzen du. Bizikidetzaz ari gara. Berori izan beharko litzateke ardatz: bizikidetza. Hitz egin dezagun errespetuz eta duintasunez bizikidetzaz, gatazkak konpontzeko bide etikoez, sufrimenduaz, doluaz, hutsuneaz, maitasunaz, gorrotoaz, giza eskubideez. Lekukotasun eraikitzaileak behar dira herri honetan; eta guztietan. Konponbideak eskaintzen dituzten testigantzak behar dira, bihotzetik bihotzera mintzo diren ahots samurrak; ez erraietatik mintzo diren buruzagi instituzionalak.

Euskal Herriko eskoletan oso hezitzaile profesionalak daude, eskarmentu handikoak. Bizikidetzari buruzko hainbat ikastaro eta esperientzi interesgarriak landu izan dira gure artean. Hezkuntza munduan, Elkarrik eta Baketik fundazioak, besteak beste, hainbat ekimen, foro, jardunaldi eta kongresu antolatu dituzte gai horren inguruan. Adostasun zabalez jardun dute, karrankarik atera gabe, zarata larregirik gabe, hezitzaileen konplizitatearekin eta parte-hartzearekin, inposaketarik gabe, elkarrizketa tresna eta xede hartuta. Hori da bidea. Sakondu egin behar da. Ez daukat zalantzarik. Lopezek beretzat nahiko luke gizarte erakunde horiek, hezkuntza munduan, jaso duten erantzun eta babesa.

Zer gerta daitekeen? Hezkuntza sailak bere ikuspuntua inposatzen badu hoztasuna jasoko du geletan. Hezitzaileak ez dira inplikatuko eta aukera interesgarri bat alperrik galduko da; beste bat. Jaurlaritzak beste tentazio makurragoa izan lezake: gai hau xantaia bezala erabili itunpeko ikastetxeekin; hots, diru-laguntza jaso ahal izateko ikastetxeak ikasgai berria derrigorrez irakatsi behar. Bestela, sosik ez.

Gure maisu-maistrak profesional zailduak dira. Hainbat sailburu desberdin ezagutu dituzte. Bakoitzak bere bulkada propioa ekarri nahi izan du. Celaa ez da salbuespena izango. Sailburuak joan doaz. Maisu-maistrak hor geratzen dira. Oraingoan ere asmatuko dute formularen bat politikarien erabakiak toreatzeko. Badakizue: zezenaren adarrak, urrutian edarrak.

Bistan da: Lopezek irudia maite du, baina irudiak ez du bera maite. Irakasle sozialista batek kudeatzen duen Euskobarometroak ere bizkarra eman dio. Besarkadak, bostekoak, telebistako fokuak… ohiko jardunbide bilakatu du. Antzezpena gain-antzezpena bihurtzen denean aktorearen gabeziak agerian geratzen dira. Gainbeheraren hasiera da.

Bizkitartean, lehendakariak berean darrai: besarkadak eta bostekoak kanpoan ditu salgai baina etxekoenak ez ditu hartu nahi.

Zabaldu:
  • Twitter
  • Facebook
  • Meneame
  • del.icio.us
  • Google Bookmarks
  • email
  • FriendFeed
  • Bitacoras.com
  • RSS
(No Ratings Yet)

2 Responses

  1. Txemaren gunea » Blog Archive » Biktimak, eskola eta zezenaren adarrak:

    [...] http://www.bakeprozesua.org Lokarri [...]

      Add rating 0  Subtract rating 0  


  2. Ugarte:

    Gai honetaz Paul Riosek bere blogean idatzi zuen urtarrilaren 5ean (paulrios.net), eta beste batzuen artean iritzi batzuk eman nituen bertan.
    Ni ere kezkatuta nago nola planteiatzen ari diren ikusita. Hala ere, ez dakit noiz, non eta nola baina gure haur eta gazteek azalpenen bat behar dutelakoan nago. Beren onerako izango den moduan azaldu baharko litzaieke zer ez den egin behar auzi politikoak konpontzeko: ez hilketarik, ez torturarik, ez bizkartzain beharrik, epai injustorik, amaiera gabeko kartzelaldirik…

    Beste alde batetik, Ezker Abertzaleak hartu duen posturaren aurrean, Euskal Gobernuak beste jarrera bat hartu beharko lukeelakoan nago: badirudi ez duela nahi egoeraren aldaketa, eta niretzat biktimekiko jarrera desberdina izango da (izan behar luke) Ezker Abertzaleak Mithel printzipioak bermatzen baditu.

      Add rating 0  Subtract rating 0  


Utzi iruzkina
(All comments are moderated before they appear on the site.)