Bakearen trena noiz hartuko zain
Indarkeria helburu politikoak lortzeko asmoz darabilen mugimendu politikoak ez du, itxuraz, aukera galduetan sinesten. Izan ere, haiengana irtenbide baten bila hurreratzen den ororen posizio politikoa ahuleziatzat jotzen du, eta haiena, aldiz, indartsutzat, esentzien eta oinarrizko printzipioen ustezko gotorleku. Haatik, akordio bat lortzeko peskizan, hasiera batean izan ditzakeen langak etengabe goratzen ditu, harik eta, mahaiaren bestaldean dagoenak akordioa ez dela posible ikusi eta amore ematen duen arte.
Hurrengo trena etorri etorriko da! Diote. Haren zain egotea besterik ez da behar! Gaineratuz.
Eta trenak badatoz… eta badoaz. Euskal gizarteak aterabidea geroz eta urrunago, ezinezkoa antzeman duen arte, horrenbeste non euskal gizartea sektore horiekiko geroz eta urrunago ez ezik haren joan-etorriaz, etorkizunaz sentiberago azaltzen den.
Nago indarkeria gainditzeko askatu beharreko egiazko korapiloa ez dela, batzuek uste dutenaren kontra, ditxosozko eta, inor bazterrean utzi gabe, gainditu beharreko gatazka politikoa. Hori noizbait zatekeen, beharbada. Alabaina, gatazkarena estalpe bat besterik ez dela iruditzen zait. Murrizten ari zaizkion babesak nola hala mantentzeko estakurua besterik ez dela begitantzen zait. Izan ere, askozaz oinarrizkoagoa da arazoa, eta horregatik konpontzen zailagoa da, nire ustez. Borondate ororen gainetik gutxiengo batek gainerako guzti-guztiei haienak diren printzipioak-eta ezartzeko fosildu den kultura politikoa, hain zuzen. Izan ere, ez ditugu gizarte ireki askotariko batean ezinbestekoak zaizkigun bizikidetzarako oinarrizko arauak partekatzen. Ez dugu lagun hurkoa den bezalakoa onartu nahi; ez dugu, finean, denona edota denontzat dena, gure herria, elkarrekin eraiki nahi!
Horrexegatik, ezker abertzaleak azkenaldiotan egin dituen urratsetan zein adierazpenetan ez dut sinesten. Are gehiago, horiek guztiak galdutako oihartzuna berreskuratzen ahalegintzeko marketin operazioa, ez besterik, direla iruditzen zaizkit, eskubideen murriztailea ez ezik bidegabea ere baden Alderdien Legeak azken bozgorailuetatik botako dituen talaiei nola hala eusteko egindako alferreko ahalegina, akaso. Horregatik, arazoaren muinera jo beharko genuke, nire ustez, bizikidetzarako oinarrizko zorua eta habeak partekatzetik, horien baitan indarkeriak ez baitu ez arrazoibiderik, ez zentzurik eta are gutxiago etorkizunik.

















(All comments are moderated before they appear on the site.)