bannerbanner



Rajoy eta txanponaren bi aldeak

2011.11.28 (9:55 am)

Xabier Letona, Argiako zuzendaria
Xabier Letona, Argiako zuzendaria

Ez da samurra irudikatzea pasa berri diren hauteskundeen ondoren nola garatuko den Euskal Herriko bake prozesua, eta pentsa liteke, nagusiki, hauteskundeen aurretik indarrean zegoen bide-orri bati jarraituko diola. Orain arte, berau ezker abertzaleak aldebakarrekoz egindako bidea izan da eta bide horren gailurra izan zen ETAk borroka armatua behin-betiko utziko zuela iragarri zuen urriaren 20ko agiria. Beste aldean ere mugimenduak izan daitezen ordua da.

Aieteko Nazioarte Konferentziak argi zehazten zuen moduan, orain bi esparru garrantzitsuri heldu behar zaie: gatazkaren ondorioei eta arazo politikoei. Arazoen ondorioei dagokion eremu horri heldu beharko dio PPren gobernuak, eta lehenik eta behin presoen eremuan. Prozesu luzea eta korapilatsua izango da, baina berau diseinatzea da kontua eta gero indarrean jartzen hastea: preso gaixoak askatzea, Parot doktrina indargabetzea, presoak Euskal Herrira edo inguruetara hurbiltzea, odol deliturik gabekoak askatzea… eta azkenean odol delitu eta zigor luzeak dituztenak.

Hainbat eratan egin daiteke hori guztia, logikoena izango litzateke urrats bakoitza bake prozesua sendotze aldera egitea, baina ez dago horren bermerik. Biderik okerrena litzateke presoak eta iheslariak hemen zabaldu den prozesu politiko berrian eragiteko erabiltzea. Eta horra beldurra: orain arteko gatazkan erabili baditu, zergatik ez orain? Arriskuetako bat hori da, espero dezagun nazioarteko laguntzaile eta bitartekarien indarrak eta euskal gizarteko kontsentsu handi batek ez baimentzea horrelakorik.

Baina txanponak bi alde ditu. Bata, Mariano Rajoyk ETAren agiriaren osten erakutsitako zuhurtasuna, eta horrek ematen du baikortasunerako esperantzarik. Bestea, hauteskundeen ondoren Amaiur-ekin ez hitz egiteko hartutako erabakia. Zein alde gailenduko da? Edo alde biekin arituko da Rajoy?

Oposizioaren lana bederen alde izango bide du, ez dirudi PSOEk gain honekin odolik egingo duenik, eta logikoena PPrena lana sostengatzea litzateke. Espainiak, gainera, badu zertaz arduratu krisiarekin Euskal Herrian ere indarrak xahutzen ibiltzeko moduan. Baina arazo handien aurrean, gobernuek sarri erabiltzen dituzte kohesio osagaiak, eta horietakoa izan daiteke baita ere separatistei aurre egitearena.

Gatazkaren ondorioenak du lehentasuna, baina arazo politikoa ere hor da eta Euskal Herriko kultura politikoen arteko oinarrizko akordioa ere lortu beharko da epe ertainean. Hori ere gaurtik hasiko da lantzen, baina ezin ukatu bultzada berezia hartuko duela Eusko Legebiltzarra berritzen denean, bera baita egun errealitateari erantzuten ez dion erakunde bakarra.

Pentsa liteke instituzioek hartuko dutela beren gain normalizazio politikoa gauzatzearena, baina oso garrantzitsua litzateke normalizazio hori ez mugatzea horretara eta gizartearen zabalak parte hartu ahal izatea bestelako foro edo moldez. Hau ez da alderdien gaia bakarrik, euskal gizartearena baizik, eta bere sozializazioan nola sakondu emaitzak ere halakoak izango dira. Euskal gizarteak bloke gisa bultzatzen badu bake prozesua, Madrilek galga dezake, baina ez geratu.

2 minutu berradiskidetzerako

2011.11.15 (3:28 pm)

Lokarri, akordioa eta kontsultaren aldeko herritarren Sarearen ustetan ugariak dira gaurtik hasita adizkidetzearekin, elkarbizitzarekin eta bakearekin zer ikusia duten landu beharreko erronkak. Hau dela eta, “Bi minutu adizkidetzerako” ekimena abiatu du eta bertan datorren igandeko, azaroak 20ko hauteskundeetan parte hartuko duten zenbait alderdi politikoren gai hauen inguruko proposamenak jaso ditu.

Lokarrik, ekimen honetan parte hartu nahi izan duten alderdien ordezkarien proposamenak bideo baten bitartez  jaso ditu. Parte hartu duten alderdi politikoak honako hauek izan dira: PSE-EE (Jose Antonio Pastor), EAJ-PNV (Josu Erkoreka), Ezker Anitza-IU (Mikel Arana), Amaiur (Maite Aristegi) eta Geroa Bai (Uxue Barkos).

Odolaren gainetik

2011.11.02 (8:40 am)

Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea

Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea

Bukatu da. Kito. Amaitu da, behin betiko. Zortzi hitz 52 urteko historiari amaiera emateko: “ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du”. Zorionak erabaki hau posible egin duten guzti guztiei.

Odolaren usainak bazter anitz zipriztindu, jende gehiegi kirastu, eztabaida franko pozoitu eta bihotz dezente harritu ditu urteotan guztietan. Alde guztietan, ez soilik alde batean eta bestean; ez, guztietan. Denok aspertu gara ETArekin. Seguru asko, ETA ere gurekin aspertu da. Kostako da usain hori desagerraraztea. Baina joango da. Orduan biluzik agertuko gara denok, ispiluaren aurrean, nork bere ederrak edo miseriak agerian, aitzakiarik gabe. Suzko armak lurperatuta, bestelako armak erabili beharko dira eta orduan, hitzak, bai jaun-andereok, hitzak bere balio osoa hartuko du. Bataila hori gordina izango da, gordina bezain zoragarria ere; nork bere argudioak azaldu, parekoa limurtzen hasi eta adostasun batera iristen saiatu. Adostasun osoa ezinezkoa izango da. Orduan, gehiengoak erabaki beharko du. Gogorra bataila, oso gogorra izango da; batik bat, Espainiako eskuin muturrak hedabideetan duen indarra ikusita. Sarritan esan dut: bataila dialektiko horretan ongi trebatutako bozeramaileak beharko dira, bihotzetik bihotzera hitz egiten duten pertsonak, gauzak argi eta garbi esaten dutenak, konplexurik gabe, ausardiaz, konbentzimenduz, sinesmenez, itzulinguruka ibili gabe. Tabua desagertu da. ETAk ezker abertzaleko buruzagien ahotan ezarria zuen “galga” ikusezina desagertuko da: ehh, ummm susmagarri horiek, zalantza horiek, isilune horiek joango dira. Euren agerpen publikoetan zenbait gai tabu ziren. Horietako bat borroka armatua zen. Orain kito; desagertu da fantasma.

Baina, bataila dialektikoa hasita zegoen. Hasita dago. Zergatik izan da erabakia? Nolatan ailegatu gara hona? Borroka horretan den denak sutsu eta gogotsu ari dira. Normala. Nire ustez, ez dago arrazoi bakarra. Denek dute arrazoi puntu bat. Estatuaren presioak eragin handia izan du, jakina. Euskal gizarteak berak garrantzia itzela izan du, garbi utzi baitio ETAri bere garaia igaroa zela. Dena den, ETAren transatlantikoak egin duen ziaboga ulertzeko gako nagusia, nire ustez, beste bat da: Loiolako prozesuaren porrotak Arnaldo Otegi, Rufi Etxebarria, Rafa Diez eta beste hainbaten pazientzia agortu zuen. Orduan, adar politikoak adar militarrari aurrea hartzea erabaki zuen. Hor dago gakoa. Mahai gainean ukabilkada eman eta ozen esan zuten: hau amaitu behar da. Apustu handia egin zuten, zintzoa eta ausarta. Arriskatu egin ziren. Eta Euskal Herriak ahalegin hori eskertu die maiatzeko hauteskundeetan eta azaroaren 20koetan ere eskertuko die. Honatx nire apustua: baietz Amaiur lehen indar politikoa izan.

Beste fase batean kokatuko gara: odolaren arrastoaren gainetik, hitzak hartuko du protagonismoa. Ez ahaztu: hitza bihotzaren giltza da.