bannerbanner



Sortaldeko izpiak

2011.02.21 (12:03 pm)

Joxerramon Bengoetxea, zuzenbide irakaslea UPV-EHUn
Joxerramon Bengoetxea, zuzenbide irakaslea UPV-EHUn

Sortaldetik datoz izpi berriak Askatasun eguzkiya. Tunez, Egipto, akaso Algeria hurrengoa? Itxaropenak, demokraziarako grinak, fundamentalismoetatik iheska, pertsonaren duintasunaren gainean eraiki behar den gizartea, eskubideak, zibilidadea. Baina sartaldetik, batik bat Europar Batasunetik zer? Mesfidantzak, inertziak, susmoak, test zorrotzak, erantzun ofizial geldo eta berantiarrak. Gure artean ere bai, sortaldetik dator irudi edo ikur berria; erabat sortu ez den eki baten itxura du. “Sortu” alderdia gure euskal espektro politikoan kokatzeko lehenengo urratsak egiten ari da, panorama politikoa eguzki betean nola argituko den oraindik ez dakigula. Asmo horretan oztopo batzuk gainditu eta beste oztopo batzuk saihestu beharko ditu. Ez da eginkizun erraza izango; jaio berri den haur honen hats eta sintoma guztiak oso gertutik aztertuko direlako; zer pentsatzen duen, zer esaten duen, zer ez duen esaten, nola erantzuten dien egindako galderei, nola lortzen duen barruko indarrak batzen eta barruko arriskuak menperatzen oreka bila. Ezkorren direnek berrogeialdia edo neurri bortitzagoak proposatzen dituzte, gorroto eta mendekua mesfidantza ulergarri batekin nahasiz.

Sortu alderdia legezko izan ala ez izan gakoak bi adar ditu: (1) ETAk etorkizunean egin ditzakeen balizko ekintza terroristekiko Sortuk jadanik hartua eta plazaratua duen jarrera, alegia errefusa, arbuia nahikoa den, eta (2) ETAren existentzia berarekiko Sorturen erantzuna, ia gainontzeko alderdi “demokratiko”ekin batera erakunde armatuaren amaiera edo akabera lortzeko isfortzuak egingo dituen. Lehenengo eztabaida antzua da. Hitzen edo terminoen perlokuzioa (jasotzaile batzuengan eragiten dutena) berauen esanahien eta ilokuzioen gainetik jartzea dakar eta gainera erderari ematen zaion nagusitasuna kezkagarria da. Eztabaidak “condena” berbaren ingurukoak dira, eta joko horretan ez ginateke jauzi behar. Batetik, alderdien legeak berak ez duelako hitz hura eskatzen. Baina batez ere itzulpen hutsa egin beharrean Euskararen semantika eta pragmatika lehenetsi behar delako; begiratu besterik ez dago condena sarrerak erdal hiztegietan jasotzen dituen definizio eta erabilpen ezberdin eta polisemikoak: epailearen zigorra, jainkoak jarritako kalte edo salbazioaren ukatzea, deitoratzea bera. Gaitzespen, kritika, errefusatze, deitoratze, ukatze, etab hauen atzetik nahiko ilokuzio indarra dago: adierazten diren kasu guztietan ETAri ez esaten ari zaio.

Baina bigarren eztabaida korapilatsuagoa da. ETAri EZ esateak zer dakarren aztertu behar da. Batek ekintza edo portaera bortitz bat deitoratzen duenean, demagun generoko biolentziaz ari garela, ohikoa da deitoratze horretatik ondorio bat ateratzea. Silogismo praktiko batean ekintza bat gaitzestea baldin badago ekintza horiek saihesteko edo ekintza horiek burutzen dituztenekiko urruntzea ondorio bezala jarraitzen dira. Eskas iruditzen zaigu esatea: oso gaizki dago, ez zait ondo iruditzen edo errefusatu egiten dut eta kito, planto egiten dut, ez dut ezer egingo horren kontra. Ondorio praktikoa ateratzea falta da. Moralki baliteke pauso hori beharrezkoa izatea baina obligazio moralak edo politikoak ez dakar derrigorrez obligazio juridikorik. Bestela gutako gehienok, biolentzia matxistaren aurka gaudenok baina hura desager araztearren ezer egiten ez dugunok obligazio juridikoari huts egingo genioke etengabe. Juridikoki ETArekiko lotura edo harremanik ez izatea, laguntzarik ez ematea, “konibentzia”rik edo ulerkeririk ez izatea nahikoa litzateke alderdien legearen ikuspegitik legezko izateko. Gehiago eskatzea, haratago joatea, neurri batean alderdi berria ETAren aurkako borrokaren arduradun bilakatzea litzateke, baina eginkizun hori polizia ahalmena duen gobernuari dagokio.

Sorturi egiten zaion eskakizuna alegia ETAri desegin edo desagertzeko exijitu diezaion politikoki eta moralki zilegi da. Baina juridikoki nekez gauza daiteke. Estrasburgoko Giza Eskubideen Europar Auzitegiak emandako irizpideak –pluraltasun politikoaren balorea- kontutan hartuz eta bereziki ikusita oinarrizko askatasunak murrizten dituzten neurriak modu hertsian interpretatu behar direla, aztertu beharko da ia alderdi berriak ETArekiko (ezkutuko) harremanik duen eta bere estatutuak legearen araberakoak diren, besterik ez.

Sortuk garbi utzi du, bere estatuetan, ez duela zerikusirik ETArekin eta biolentziari uko egiten diola eta ez duela inolaz ere babesten, onartzen, bidezkotzat jotzen edo barkatzen. Ez al da hori legezkotasunaren auzian epaitu beharrekoa? Auzitegi Goreneko areto berezia (gizonezkoek soilik osatua, bide batez), babes helegiteaz ezagut dezakeen Konstituzio Auzitegia eta geroxeago, hola balitz, Europar Giza Eskubideen Auzitegia izango dira auzia argituko dutenak. Estatutuetako konpromisoak ekintzetan eta praktika politikoan frogatzea zaila da benetan. Prentsan agertu diren adierazpen frangoetan froga diabolikoak eskatu zaizkio Sorturi. Ez badu existitzen zer froga dezake? Inork ez du nahi –hala sinetsi nahi dugu behintzat– ETAren atentaturik Sorturen asmoak zintzoak diren ala ez frogatzeko. Orduan nola froga dezake ezer estatutuen edo bere bultzatzaile eta kideek esandakoaren gaindi? Egia da, askoz errazago eta argiago izango da jujeentzat Sortuk bigarren pausoa ematen badu, aldentze-urruntze nabari bat ETAren desagertzea eskatuz.

Alderdiok eta gizarte mugimenduok Sorturi lagundu behar diogu hori esaten, bereziki Lokarri edo eurekin sinesgarritasuna lortu duen EA alderdia. Horrexegatik Lokarrik O-19rako deitu manifestazioa funtsezkoa da. Garbi erakusten du euskal gizarteak aspalditik nahi duena: Sorturen legeztatzea eta ETAren desagerpena. Sorturen estatutuak irakurrita zalantza hauek uxatu egiten dira eta horregatik legezko bilakatu dadin legea aplikatu besterik ez dago, eta behin legalki existitzen duenean aukera eman zintzotasunez ari direla frogatzeko bai praktika politikoaren eta bai bere kideen portaeraren bitartez. Sortuk manifestazio horren mezuarekin bat egiteak gera litezkeen zalantza guztiak argitzen ditu, ETAren desagertzea ezinbestekotzat jotzen duelako. Sortaldetik agertzen den eguzkia guztiz betea izan dadin eta terrorismoa eta horrek eragindako sufrikarioa iraganeko kontua izan dadin, memoriaren, berradiskidetzearen eremua landu beharko dugu. “Seme etxekaltearen parabola” datorkigu gogora, ezta?

Bakegintza: politika egiteko beste kultura bat

2011.02.17 (2:50 am)

Rebeka Ubera, Aralarreko Antolaketa Idazkaria

Zalantzarik gabe bakegintzan aritzeak, politika egiteko beste kultura bat eskatzen du, zoritxarrez gaur egun ere oraindik politikan jarduten dugunok barneratua ez daukagun politika egiteko kultura. Nahiz eta, ez den ukatu behar saiakerak egiten ditugula bestelako kultura hori barneratzen, eta praktikara eramaten, gure historiak ondo erakusten duen bezala.

Oraindik ez dugu ikasi bakegintza ez dela lehia politikoarekin nahasi behar. Lehia politikoa gauza bat dela eta bakegintza beste bat oso desberdina, eta tentu handiz aritu behar dela, bereziki bakegintzan urratsak egiten dihardugunean, atzera bueltan jarriko gaituen hanka sartzerik ez egiteko. Adibide praktikoak jartzeagatik: gauza bat da Gernikako Akordioa eta beste bat oso desberdina Euskal Herria Ezkerretik edo eta Lortu arte. Garbi dago, lehia politiko horretatik at, alderdi guztiok elkarrekin aritu behar dugula, baldin eta adostasunetara iritsi nahi badugu, bakegintzan aurrera pausuak emateko. Bide horretan protagonismoak albo batera utziz, eta baita protagonismoak konpartituz.

Halaber, politika egiteko beste kulturak ez du esan nahi ere adostasunaren izenean gure ideiak, printzipioak albo batera utzi behar ditugunik. Erantzukizunez jokatu behar da, baina benetako erantzukizunez eta ez maiz saltzen diguten, saldukeriaren adostasunaren erantzukizunez, printzipioak albo batera utziz eta herritarrak salduaz. Bide horretan ongi bereizi behar dira, norbanakoak eta kolektiboek ere egin beharreko bidea. Ondokoak norberaren bidean sartzea bortxatu gabe. Eskuzabaltasunez, baina tinko. Eztabaidari beldurrik izan gabe. Printzipioak eta edukiak behar bezala blindatuz.

Bide horretan, nik garbi daukat ibilbide orria eta erreferentea Gernikako Akordioa dela. Bertan jatorri eta ideologia desberdinetako kolektiboak gaude. Denok prest eztabaidatzeko, batzuetan gainera sutsuki. Baina denok gurea emateko prest bakegintzan eta normalkuntza politikoan aurrera pausuak emateko, eta Gernikako Akordioa defendatzeko, sozializatzeko eta gizartean txertatzeko. Azken finean, bidea herriarekin egin behar delako, herritarren eskutik. Beraiekin, baina erantzukizuna eragile politikook hartuz, hots “marroia” herritarrei pasa gabe, urteetan nahiko “marroi” pasa diegulako eta pasarazi diegulako, alderdiek izan duten jokabide eta interesak direla medio.

Adiskidetzeari buruzko 25 gogoeta

2011.02.14 (9:33 am)

Sabino Ormazabal, kazetaria
Sabino Ormazabal, kazetaria

Adiskidetzea?

1. Adiskidetzeak ez du esan nahi biktimek eta erasotzaileek adiskide bihurtu behar dutenik. Helburu nagusia gizartean harremanak berreskuratzea eta sendatzea da.

2. Zauriak itxi, eta suntsitutako zubiak berreskuratu behar dira. Eta “bestea” ere gizakia dela onartu. Bai, bestea ulertzean dago gakoa. Ez dugu derrigor adiskide izan behar. Eta ezin da adiskidetze prozesua behartu.

3. Baina bai barkamenaren kultura indartu. Eta barkatzea edo barkamena eskatzea norberaren kontua da. Ezin zaio inori exijitu. Oso itxaropentsuak iruditu zaizkit Montse Lezaunen hitzak (ETAk 2009an Mallorkan eraildako Diego Salvá guardia zibilaren ama da Montse): “Hasiera-hasieratik barkatzeko erabakiak on handia egin dit. Ez dut arrangurarik, gorrotorik. Baina goizero berritu behar izaten dut erabaki hori” (El Correo, 31/07/2010). Jarrera positiboak azpimarratu behar ditugu.

4. Barruko bakea ez da mendekuaren bidez etorriko. Ezin ditugu honelakoak onartu: “ustel daitezela espetxean”, “sufritu dezatela nik sufritu dudana”, “lege gogorragoak behar dira”… Barruko min hori eraldatu nahi badugu, kanpoan ere bakerako, justiziarako eta elkarbizitzarako bideak eraiki behar ditugu.

5. Hori bai, egindako mina eta sufrimenduaren errekonozimendua exijitu beharko litzateke.

6. ETAk barkamena eskatu beharko luke egindako min guztiarengatik: hildakoak, zaurituak, estortsioa, 1.500 umezurtz, betirako ezintasunez geratutako pertsonak… Nire kalkuluen arabera, ETAko adarrek, Iraultzak eta Komando Autonomoek eragindako 343 biktima zibiletatik, 151 hildako “kolateralak” ez ziren zuzenean atentatuen helburu izan. Hildako emakume horietatik hiru haurdun zeuden, eta 16 oso gazteak ziren (15 urtetik beherakoak)… IRAk, adibidez, 2002ko uztailaren 16an barkamena eskatu zuen berak egindako atentatuetako biktimengatik.

7. Baina ETA ez da entitate abstraktua. Historian jende asko igaro da bertatik. Baita gaur egun bestelako erakunde edo siglapean dabiltzan pertsona asko ere. Eta erakunde horren erantzukizun osoa ez dago soilik nazionalismoaren munduaren baitan, behin eta berriro modu interesatuan errepikatzen den bezala.

8. Estatu espainiarrak, bestetik, giza eskubideen urraketa ugariren erantzukizuna hartu beharko luke bere gain. Iturri batzuen arabera 6.000 eta beste batzuen arabera 9.500 pertsonak salatu dituzte torturak. Estatuak berak eragindako kaltearen dimentsio soziala onartu beharko luke, bai zuzenean eragindakoa (motibazio politikoa duten biktimak, inpunitatea, ez ikertzea, kondekorazioak…), baita zeharkakoak ere (talde parapolizialak, emandako estaldura…). Irakurri sarrera osoa

Legeztapena

2011.02.01 (9:53 pm)

Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea
Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea

Hurrengo aste eta hilabeteak erabakigarriak izango dira. Legez kanpo dagoen ezker abertzaleak bere estatutu berriak aurkeztuko ditu. Alderdien legea zintzo asko beteko dute. Legeztatuko al dute? That’s the question. Horren arabera Euskal Herriko panorama politikoa dezente alda daiteke. Estatutu horien edukia jakin baino lehen, Perez Rubalcaba, Ramon Jauregi eta Conde Pumpido, besteak beste, garbi mintzatu dira: “Edo ETA behin betiko desagertzen da edo ETArekin duten harreman oro hautsi behar dute. Bestela, jai daukate”. Jomuga garbia dute hitzok: epaileen lana baldintzatzea, agenda euren terminoaren arabera mugatzea. Estatu-arrazoiak arrazoiaren indarraren gainetik. Estatuaren arrazoia menderatzeko ez da aski arrazoia izatea, ordea. Arrazoi izatea bezain garrantzitsua da arrazoi horiek behar bezala defenditzen jakitea, modu koherentean, logika erabiliz, jendaurrean eta konplexurik gabe, han eta hemen.

Alderdi berria legeztatzeko egongo diren eragozpenak handiak izango dira, baina lege horren kontra dauden guztiak gai izango balira oinarrizko estrategia bat adosteko eta aurrera eramateko, helburu hori gauzagarria dela iruditzen zait.

Hamarnaka arrazoi egon litezke Batasunak ordezkatzen duen sektore politikoaren legeztapena defenditzeko. Nire ustez, edozein demokratak onartzeko modukoak dira ondorengo hiru. Bat: demokrazian aukera-berdintasuna bermatzea guztiz oinarrizko printzipioa da. Bi: egoera berri honetan mintzakide ofizialak behar dira (nola sina litezke akordioak legez kanporatutako ordezkariekin?) eta hiru: gaur egun dagoen argazki instituzionala ez dator bat gizartearekin.

Legez kanporatutako ezker abertzaleak soilik baliabide demokratikoen alde egin duen apustua eta bortxakeria forma ororen errefusapenaz sinatu duen adierazpena “ez dira aski” alderdien legea defenditzen dutenentzat. PSOE eta PPk ETAren gaitzespen esplizitua nahi dute. Nik ez dakit zer esango duten alderdi politiko berriaren estatutuek horren inguruan. Ideiarik ere ez daukat. Agian sorpresak egongo dira. Baina, hiru galdera xume dauzkat: noiz gaitzetsi du PPk frankismoa esplizituki? Noiz azaldu du alderdi berak gutxieneko begirunea matxinada faxista hark erail edo errepresaliatu zituen ehun milaka biktimaren senideekiko? Noiz arte zuritu behar du PSOEk Gonzalez jaunak GALen auzian izan zuen erantzukizuna?

30 urteko ibilbidea
Bitxia da gero gauzak nola aldatu diren azken 30 urteotan. 80ko hamarkadan HBk ordezkari dezente zituen instituzioetan, baina ez ziren ohikotasunez joaten erakunde horiek “nazionalak ez zirelako”. Orduan, gainerako alderdiek hauxe zieten: “zatozte hona eta defenditu zuen printzipioak”. 90ko hamarkadan parte-hartzea areagotu egin zen guztiz normaldu ez bazen ere. Bizkitartean, gatazka politikoa usteltzen eta euskal gizartea aspertzen ari zen. 2003an “zatozte hona” zioten berberek “zoazte hemendik” esaten hasi ziren. Alderdien legea etorri zen eta horrekin batera 2004az geroztik ezagutzen dugun egoera anormala hau. ETAk lehenago utzi behar zuela bere jarduera? Guztiz konforme. Oraingo su-etena hau berandu datorrela. Ados. Baina gauza jakina da: baleuko eta balitz elkarren ondoen dabiz.

2011n gaude. Egoera objektiboki desberdina da. Printzipio demokratikoetan sinesten duten eragileek oinarrizko prozedura batzuk adostu, euren interes partikular eta legitimoak alde batera utzi eta ondorengoa aldarrikatzeko gai izan beharko lukete: “Honaino iritsi gara; gehiagorik, ez”. Ozen, sinetsita, erabakimenez. Era horretan agenda politikoa ez lukete bakarrik Rubalcaba, Raxoi, Patxi Lopez, Basagoiti, Jauregi eta enparauek mugatuko.

Duela gutxi Manuel Azañaren heriotzaren 70. urtemuga izan da. Bera izan zen Espainiak demokratikoki hautatu zuen Errepublikako azken presidentea. Mingarria eta esanguratsua oso da ikustea nolatan Espainiako ezkerrak baztertu duen haren irudi eta ekarpen intelektuala. Izquierda Republicana alderditik Espainiako presidente izan baino lehen, Manuel Azaña kartzelan egon zen. Orduko eskuindarren jazarpen ideologikoa jasan zuen. Alcala de Henareskoa zen bera, baina Bizkaitik hautatu zuten diputatu 1933an. Hizlari trebea oso zen. Eskuinak ez zion inoiz barkatu jendea mugiarazteko zuen ahalmen berezia. Gogoeta interesgarri franko utzi zituen. Politikaria baino lehen pentsalaria eta idazlea izan zen. 1930ean, Madrilgo Ateneoko presidente zelarik, estatu laikoaren aldeko defentsa sutsua egin zuen. Hitzaldia harribitxi honekin biribildu zuen: “lagunok: askatasunak ez gaitu gizakiok zoriontsuago egiten; ez, soil-soilik gizaki egiten gaitu, gizaki”.

Legeztapena orain lortzea betebehar demokratikoa da, printzipio kontua. Eskubide guztiak guztientzat. Askatasunaz ari gara, gizaki egiten gaituen horretaz, hain zuzen.