bannerbanner



H@ritu 35

2010.12.29 (10:25 am)

Jada eskurgarri da H@ritu-ren, Lokarriren aldizkariaren, azken zenbakia. 35. zenbakian, besteak beste,  honako edukiak irakur ditzakezu: Bake-prozesuaren Behatoki Sozialaren 2010eko udazkeneko Txostenaren aurrerapena eta adierazpen askatasunaren Portell saria irabazi duen Terry Gould kazetari iparramerikarrari elkarrizketa. Guatemalako eta Mendebaldeko Saharako gatazka ere protagonista dira, bai eta Euskal Herriko Eskubide Zibil eta Politikoen aldeko Mugimendua eta bakerako hezkuntzaren Foro Mundiala ere. Ezker Abertzalea legeztatzea den erronkari buruzko editoriala eta Garazi Landak idatziako Eguberri ipuina dira beste edukietako batzuk.

Urte berri on! Feliz año nuevo!

2010.12.27 (10:35 am)

Alderdien mahaian negoziatuko ez den bakea

2010.12.17 (9:55 am)

Imanol Epelde, blogaria
Imanol Epelde, blogaria

Jendarte gero eta makinizatuagoan bizi gara. Makinak ohoratzen ditugu giza balioen gainetik. “Hi haiz hi makina!” esaka ibiltzen gara elkarri, “makina” zerbait gaindiezina, hobe ezina bailitzan. Azkarretan azkarrenak dira edozein motatako aparailu horiek, baina gauza hotz eta tontoagoak ere nekez aurki daitezke. Kontua da makinak eta teknologiak bezala, zientzia eta zientifikotasuna ere jainkoesten ditugula. Hori, berez ez litzateke txarra izango, humanitatearen ikuspegitik begiratu eta ulertuko bagenu dena. Are gehiago aro digitala izenarekin bataiatu dugun garai berri baten aurrean.

Aldatu dira gure arteko harremanak, aldatu dira komunikazio ereduak, kanbiatu da ulertzeko eta jakintza ulertzeko modua (Google bihurtu dugunetik munduari begiratzeko behatxulo), ezberdina da irakurtzeko era ere, pantailetatik ari garenez gero… Beste garai baten aurrean gaude. Eta giza balioak inoiz baino beharrezkoagoak diren honetan, egoera diglosikoan eta azpiratuan daude humanitateak. Eta horien artean letrak. Kasik zientzia izaera ukatzeraino.

Eskoletan argi ikusten da hori. Eskoletan eta unibertsitatean noski, Bolognia planak ekarri dituen aldaketak adibide. Gero eta leku handiagoa eta eztabaidaezinagoa dute zenbakiek, matematikek, eta hutsalagoa hitzek, musika eta arteek, etikari buruzko gogoetek… Hizkuntzak ere irakasten dira. Nola aterako dira bada mundura ingelesa jakin gabe? Baina hizkuntza horiek erreminta hutsak bailiran ikasarazten dira. Literatura berriz, garaiko autoreak eta obrak buruz irakasteko darabiltzagu eta ez giza jokabideari buruzko hausnarketak planteatzeko eta eztabaidatzeko. Nobela batek bizitzaz edozein ikasgaik baino gehiago irakatsi dezakeenean.

Funtsean, enpresetara ondo egokituko diren piezak fabrikatzen ditugu ikastetxeetan eta horrela, astelehenetik ostiralera ordutegia zintzo betearazita, isiltasun zuria mantentzera behartzen ditugu. Esandakoa kunplitzen dakiten pertsona efizienteak sortuta, interpretatzeko eta kritikatzeko gaitasuna mugatuta, arazo sozial eta politikoak tabu bihurtu ditugu hezkuntzan.

Informazioaren jendartea ere deitzen zaio jendarte honi. Informazio ugari eskuratzeko modua dugu bai, baina horrek ez du esan nahi ezagutza eta jakintza handiagoa lortu ditugunik. Nola lortuko dugu bada hori, informazioa interpretatzeko gaitasuna gero eta antzutuagoa badugu? Egia da Euskadin Rock & Rollak ez duela dirurik ematen, ez eta giza jakintzek ere, zer esanik ez etikak. Baina humanismoari egiten dion ekarpena ezinbestekoa da. Mundua merkatuaren terminotan planteatzen dugun aldiro, gure erro bakarrari esaten diogu ezetz: gizatasunari. Geure existentzia ukatzeraino.

Balio etikoak hobetu eta indartzeko mekanismo bihurtu behar ditugu zientzia eta teknologia, bakearen alde egiteko, balio etikoak indartzea ezinbestekoa delako. Eta horretarako gizatasunean inbertitu behar da, giza baloreen burtsan. Nola jakitea da zaila. Baina bake osoa nahi bada, alderdien arteko mahaietan arazoaren ertz bati heltzea ez da aski, sakonagoak dira hemen arazoak, oinarrizkoagoak. Eta oinarriari heltzen ez zaion artean, ibiliko gara norabide argirik gabeko politikagintzan eta herrigintzan.

Zure argazkia bake prozesurako egoeraz

2010.12.10 (9:34 am)

Bake-prozesuaren Behatoki Soziala
Bake-prozesuaren Behatoki Soziala

Pertsona behatzailea al zara? Zer iritzi duzu nazioarteko erraztaileek Euskal Herrian bake-prozesu batean egin dezaketen lanaz? ETAk indarkeriari amaiera jarriz gero, komenigarria litzatzeke abian jartzea elkarrizketa foro bat? Zer egin beharko lukete Gobernuak eta alderdiek bake prozesu bat laguntzeko?

Bake Prozesuaren Behatoki Sozialaren galdetegi berria abian da, zazpigarrena dagoeneko. Zazpigarrenez, herritarrek bakeari eta elkarbizitzari buruz zer iritzi duzuen jakin nahi du Lokarrik, hala, herritarrek ateratako egoeraren inguruko argazki bat izan dezagun eta argazki hori ahalik eta gehien zabal dezagun.

Lokarrirentzat herritarren partaidetza ezinbesteko baldintza da bake prozesu itzulezina eraikitzeko. Aurreko bake prozesuko akatsak ez errepikatzeko Bake Prozesuaren Behatoki Soziala bezalako ekimenak jarri ditugu abian eta bertan parte hartzera animatzen zaituztegu herritar guztioi.

Minutu gutxi batzuk badituzu, erantzun galdetegia!

Bake prozesua FORO2010-Compostelan

2010.12.04 (9:12 am)

Abendu honetan Santiago de Compostelak Bakearen Kulturaren inguruko nazioarteko ekitaldi, topaketa eta ekintza mamitsuen marea bizia jasoko du: Foro2010, hain zuzen.

Kongresu, bilera eta hainbat ekintza artistikoren tartean, Hezkuntzaren inguruko Foro Mundiala egingo da “Hezkuntza, Ikerketa eta Bakearen Kultura” izanda ardatz, abenduaren 10etik 13ra.

Lokarrik ez zuen nahi galdu ekimen, ikuspegi eta iritzi ezberdinak konpartitzeko aukera hau, beraz, euritakoa besapean, Lokarriko ordezkaritza bat Galiziara abiatuko da. Denetik ikasteko helburuarekin joateaz gain, ekintza bat ere prestatu dugu. Zehazki, abenduaren 12an (10:00etatik 13:00etara Santiagoko Unibertsitateko Komunikazio Zientzien Fakultatean) mintegi-tailer bat egingo dugu “Euskal Herrian bakearen kultura eraikiz, esperientzia praktikoak” izenburupean. Bertan, gure egoeraren analisia konpartituko dugu, Lokarriren lana azalduko dugu eta elkarrizketa eraikitzailearen esperientzia bat praktikan jarriko dugu dinamika baten bidez.

Hala ere, Lokarri ez da izango euskal auzia Galiziara eramango duen erakunde bakarra. Adierazi EH-k mahai-ingurua egingo du Pedro Ibarra eta Kepa Landaren partaidetzarekin Euskal Herrian giza eskubide eta askatasun demokratikoen defentsaren inguruan hitz egiteko. Era berean, Bakeolak, bakerako hezkuntza formal eta ez-formaleko bere esperientzia konpartituko du dozena erdi bat ekintzekin. Gernika Gogoratuzek artea eta bakea edo subjektibitatearen eraikuntzaren inguruko ekintzak proposatzen ditu eta giza eskubide eta bake hezkuntzaren Elkarteen Foroak mahai-ingurua eskainiko du “Bakerako hezi Euskal Herrian” izenburupean Paul Rios, Txema Urkijo, Maite Pagazaortundua eta Gesto por la Paz-en partaidetzarekin

Bakearen kulturaz blai eginda geratzeko eskaintza aberats honetan zaila izango da aukeraketa egitea. Parte hartuko dugun topaketen inguruan jakinaren gainean mantenduko zaituztegu blog honen bidez.

Kontsulta ezazu egitarau osoa / Partaidetza ez-presentziala / Foro2010 facebook-en / Foro2010 Bloga