bannerbanner



Emakumezkoen bakea

2010.11.26 (12:04 pm)

Maialen Lizarralde
Maialen Lizarralde, Lokarri

Orain dela pare bat aste Bidea Helburuen Indarkeria-eza aktiboa Jardunaldietan eztabaida interesgarri eta beharrezko bat entzun ahal izan nuen galdera hauen inguruan: indarkeria-ezak ba al du generorik? Ba al dago sexismorik mugimendu sozialetan? Erantzuna, noski, baiezkoa zen. Beharrezkoa da, Mauge Cañadak esaten zuen bezala, generoaren betaurrekoak jartzea.

‘Bakezale’ tituluak ez gaitu barruraino sartuta daukagun eredu patriarkalaren erreprodukziotik aske egiten. Mugimendu sozialetan erreprodukzio hori hurrengo eratan islatuko litzateke: presentzia publikoan gehiengoak gizonezkoak izatea, gizon edo emakume baten hitzari ematen zaion sinesgarritasun ezberdina (zenbatek galdetu diegu geure buruari nolako harrera egingo liguketen bizarra izanez gero?), azken erabakiak gizonen esku egotea, espazio fisikoaren edo ahotsaren erabilpena, bileren ordutegia lana/familia-kontziliazioari lotuta… Hau guztia, noski, zama bihurtzen da inposatutako maskulinitate edo feminitatearekin guztiz gustura ez daudenentzat.

Ni neu, arduratu egiten nau gai honek. Eta, zehazki, bake prozesu itzulezina eta elkarbizitza barneratzailea eraikitzeko lanean kezkatzen nau.

Asko idatzi da bake prozesuetan emakumeen partaidetzaren inguruan. NBEk berau gomendatzen duen ebazpena eta guzti egin zuen. Euskal testuinguruan, egon izan dira ekimenak edo gerturatze teorikoak, baina egun eta orain, erabaki politikoek soilik gizonen esku egoten jarraitzen dute. Eta gizona esaten dudanean ez nabil sexuari buruz hizketan, baizik eta ugalketa-aparatu bat ala bestea izateari ezartzen zaizkion rolei buruz. Pentsaera edo ‘egiteko era’ maskulino edo femenino mendebaldarrari buruz ari naiz alegia, hemen espazio kontuengatik jorratu ezin daitezkeenak. Antza, emakumeoi politika gutxiago interesatzen zaigu. Zentzu honetan Barbara Sichtermann-ek egiten duen hausnarketa interesgarria da:

Lo que causa repulsión a las mujeres dentro de la política es la distancia existente entre el impulso y el hecho, entre el hecho y el resultado, entre el resultado y el plan, que son típicos de la política; es el alejamiento del político de sus propias intenciones, lo formal y abstracto de los anhelos y proyectos; es el difícil conjunto de obligaciones impuestas, de la lentitud de las instituciones y de la competencia subjetiva en todos los casos, lo que en su conjunto actúa para la mente ingenua como la maldición del negocio político. A los hombres les atrae aprender, entender y romper las reglas de este juego, mientras que las mujeres se sienten intimidadas y aburridas y, además, sospechan, y con razón, que por su inclinación a hablar en forma directa no serán comprendidas en este sistema de referencias altamente formalizado que es la política“.

Parekotasun legeak egin arren, Legebiltzarrean emakumeak sartzera behartu arren edo alderdi edo mugimenduen lehen ilaretan emakumeak jartzera bultzatu arren, ‘egiteko erak’, egiturak, maskulinoak izaten jarraitzen dute, eta beraz, bi aukera daude erabakiak hartzen diren tokian egoteko: maskulinizatu, edo mobilizatu, hainbat emakumek egin duten bezala mundu osoan zehar.

Honengatik guztiarengatik, ezinbestekoa iruditzen zait politika ‘egiteko era’ pluraletara ireki dadila exijitzea, non xake-jokaldiak aztertzen dituzten pentsaera arrazionalek eta gorbatadun gizon zuriek parte hartu dezaketen, baina baita ere pentsaera sortzaile, enpatiko, praktiko, xamur, hiperaktibo, sentibera, bat-batekoek… Ez al zaizue iruditzen bake prozesu batek berme gehiago izango lituzkeela itzulezina eta iraunkorra izateko negoziazio mahaietan hau dena egongo balitz? Are gehiago, aspalditik egongo ginela bake prozesu iraunkor bat dastatzen?

Gizarte Zibilaren ordua

2010.11.21 (6:18 pm)

Alvaro Marcos, Ezker Gogoa

Ikuspegi ezberdinetatik begiratuta, Euskal Herrian dagoen sare soziala oso esanguratsua eta hainbat arlotan erreferentea da. Izan ere, milaka eta milaka herritarrek euren denbora eta gaitasunak eskaintzen dituzte musutruk, sinesten duten esparruetan edo ekimenetan. Egia da azken garai hauetan gauzak aldatzen ari direla –txarrerako, norberekeriaren ideologiak bultzatuta- eta gabezien artean, elkarrekin aritzeko zailtasunak betidanik egon direla, baina orokorrean gizarte zibilaren egoera nahiko ona dela baiezta dezakegu.

Euskal gatazkaren konponbiderako inplikazioan taldeen eta mugimenduen parte hartzea gorabeheratsua izan da. Egia da Lizarra-Garaziko garaian alor ezberdinetako eragileen ekarpena eta apustua nabarmena izan zela, esparru abertzale soiletatik haratago joan zena. Prozesuak itxaropen eta ilusio franko piztu zituen eta horrek islada garbia izan zuen jendearen eta gizarte antolatuaren erantzunean. Hala ere, eskema horrek porrot egin zuenean ilusioaren ordez frustrazioa nagusitu zen eta handik aurrera ahaleginak egin arren, gizartearen aktibazioa orokorrean eta gizarte taldeen inplikazioa zehazki bigarren edo hirugarren maila batean geratu dira. Horixe oso argi geratu zen konponbiderako eta bakerako izandako azken saiakeran, non ekimena osoa alderdi eta eragile politikoen esku utzi baitzen. Eta denborak erakutsi duenez, hori ez zen izan irtenbideak bilatzeko eta planteatzeko batere mesedegarri.

Egungo testuinguru itxaropentsu berrian funtsezkoa da gizarte zibilaren parte hartzea eta inplikazioa, era antolatu eta ordenatu batean. Zenbait arrazoi aipatzearren, hona hemen bururatzen zaizkidan batzuk:

Une estrategikoa; hainbat arrazoi tarteko, jada garatzen ari den prozesua bidezko konponbide baterako behin-betiko ahalegina dela sinesten ari gara. Ezker Abertzale historikoak hartutako aldebakarreko bidea oso irmoa da eta horren ondorioz bai ezkerrean bere osotasunean, bai mugimendu abertzalean eta baita oinarrizko indar korrelazioetan aldaketa nabarmenak agertu daitezke.

Politika egitea, denon ardura; eginkizun erabakitzaileak dituzten arren, alderdi politikoek interes, presio eta eragin asko jasotzen dituzte. Beraz, prozesua norabide egokian jartzeko, gizartean dauden benetako interesak lehenengo planora eramateko eta gertatuko diren geldialdi eta arazoen aurrean denon onura bilatzeko nolabaiteko presioa egiteko talde eta mugimendu anitzen estrategi komuna oso garrantzitsua izan daiteke.

Aldarrikapen komunak, demokrazia; gizarte zibila hedatua, heldua eta antolatua izatea eta lantzea demokrazia indartsu baterako oinarrizko osagaia dela askotan adierazten da. Ikuspegi honetatik, aldaketa eta birmoldatze garai batean euren balore, praktika eta aldarrikapenekin talde ezberdin horiek egin dezaketen ekarpena onuragarria izan daiteke denontzat, demokrazian eta parte hartzean sakontzen duten heinean.

Giza eskubideen ikuspegi zabala, eredua; aurreko puntuarekin lotuta, eraldaketaren ikuspegitik eta gizarte zuzenago eta sendoago eraikitzeko lanetan gizarte eskubideen alde eta oro har giza eskubideen alde egin ditzaketen ekarpen eta presioa estrategikoa da, egungo ereduaren hainbat okertze zuzendu eta eredu beraren aldaketa burutu nahi duten giza talde ezberdinen ikuspegitik, behintzat.

Aurreko puntu horiek norabide egokian jartzeko behar-beharrezkoa da eragileen artean konfidantza giroan poliki-poliki estrategi komunak sortzea eta eginbide eta ekimen zehatzak martxan jartzea, indarrak bildu eta trinkotzeko asmoz. Ematen du batzuen artean apustu hau gauzatzearen garrantziaz hausnartu direla eta ondorioz, ekimen iraunkor batzuk martxan jartzen saiatzen ari direla. Emaitza onak izatea eta horien kudeaketa egokia egitea oso mesedegarria gerta daiteke irekitzen ari den aukera berrirako.

Brian Currin, hedabideetan

2010.11.15 (5:10 pm)

Munduko hainbat bake-prozesutan erreztaile lanetan jardundako Brian Currin abokatuak Harremanetarako Nazioarteko Taldearen eginkizun eta funtzioa zeintzuk diren aurkezteko berriki Bilbon egin duen bisitaldian, zenbait elkarrizketa eman zituen hainbat hedabideren eskaerari erantzunez. Jarraian,  elkarrizketa horietako batzuk eskaintzen ditugu: