bannerbanner



Gernikako agiraz

2010.09.27 (11:00 am)

Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea
Txema Ramírez de la Piscina, EHU-UPVko irakaslea

Gernikako agiria “historikoa” omen. Geroak esan beza. Edozein kasutan, joan den larunbatean hamarnaka gizarte eragile eta indar politikok “Bake bidean” izenburupean sinatutako dokumentuak badu mamirik. Aurrera begira ere, izan lezakeen potentzialtasuna benetan handia dela uste dut. “Ez dago ezer berririk” dioena gezurretan ari da.

Arrazoiak
Zergatik da horren garrantzitsua? Lengoaia kriptikoa alde batera utzita, gauzak argi eta garbi eskatzen zaizkiolako bai ETAri (bere amaiera), baita Madrilgo Gobernuari ere (alderdien legearen deuseztapena). Ez hori bakarrik, biktimen eta presoen inguruan ere oso gogoeta zentzuzkoak egiten dira. Amnistiaren eskakizuna ere garbi agertzen da. ETAri eskatzen zaiona azkar beteko balitz, ezker abertzaleko sektore desberdinen artean abiatu den berradiskidetze prozesua izugarri azkartuko litzateke. Kosta egingo da, baina ez dute beste erremediorik. Gizarteak exijitu egiten die. Adiskidantza horrek ahalbidetuko luke aspalditik batzuk aldarrikatzen ari garen ezker abertzale berriaren sorrera: gorria bezain berdea, zibila bezain zabala.

Indar berri horrek hankaz gora jarriko luke egungo jokalekua. Mapa politikoaren beste hiru hankak –PSOE-PP-EAJ horren jakitun dira. Ez dute, jakina, adiskidetze hori erraztuko. Ez da beraien lana. Gainera, ongi asko dakite horrelako mugimenduak euren pribilegioak eta aginte-gunetxoak arriskuan jar litzakeela. Patxi Lopezek birtualtasunean eraikitako fikzioa hondoratzear egon liteke, baita segurtasunaren izenean muntatu diren hainbat negozio ilun ere.

Bereziki esanguratsua da EAJren paradoxa. EAEn bozka gehien lortu dituen alderdia da, baina gatza falta zaio. Noraezean dabil: karismadun buruzagirik gabe, ekimen argirik gabe eta proiektu politiko ezagunik gabe. Arzalluz, Ibarretxe eta Egibar historia dira edo neutralizatuta daude. Gernikan tokirik ez. Forondako zelaietan ere, juxtu topatzen du bere burua. Hurrengo hauteskundeak ere irabaz litzake, baina ez du ilusiorik sortzen. Iñigo Urkullu ez da erreferentea, ezta bere alderdikide askorentzat ere. Zer gelditu da Ibarretxek 2005ean, Eusko Legebiltzarraren aginduz, Madrilgo Kongresuan duintasunez aurkeztu zuen plan soberanista hartatik? Zer

Osagaiak
Jarrai dezadan galderak egiten: Zer behar da ezker abertzale berria sortzeko?, zer gehiengo sozial berriak artikulatzeko? Nire uste apalean, lau osagai funtsezkoak dira: konfiantza, malgutasuna, komunikazio emozionala eta sare sozialak.

Konfiantzaz. Etsipena gainditu eta ilusioa berpiztu behar da. Erraz esaten da. Horrek oinarri sendoak behar ditu. Eragile desberdinen arteko konfiantza sustatzeko ETAren inkognita lehenbailehen argitu behar da. Ezker abertzale berriaren sorrera ezin da eraiki indar armatu baten oniritziaren zain. Ezinezkoa da. Nork bere argudioak azaldu behar ditu, parekoenak baino sendoagoak direla demostratzen ahalegindu, beste inoren laguntzarik, inposiziorik edo beto eskubiderik gabe. Horretarako guztien arteko konplizitatea, konfiantza eta errespetua behar dira; baita eskuzabal jokatu ere argazkiaren dirdirarekin obsesionatu gabe.

Malgutasunaz. Printzipioetan sendo oinarrituta baina berorien aplikazioan malgutasunez joka lezakeen indar politiko berria behar da, gehiengo sozial zabalak eraikitzeko. Horrek eskatzen du, prozesu honetan estatuaren aldetik egongo diren eraso antidemokratikoen aurrean, erreakzionatzeko beste estilo bat, iraganezko tik zaharrak gaindituko duen beste jardunbide askoz ere sortzaileagoa.

Komunikazio emozionalaz. Ezker abertzalea –zer esanik ez ETA bera maisua da kriptografiaren artean. Lerro artean irakurri behar da. Oso barrura begira egindako txosten eta adierazpenak egiten dira. Zilegi da, baina zailegi. Horrek muga garbiak ditu: etxekoak. Gaur egungo buruzagiek ez dituzte soilik ideia politikoak transmititzen. Horiekin batera, emozioak eta sentimenduak ere helarazten dituzte. Hitza bihotzaren giltza da.

Sare sozialez. Gaur egun estatuko 18-32 urte bitarteko gazteen %91,5 sare sozialen batera konektatuta dago. Horietako askok prentsa elektronikoa baino ez dute irakurtzen. Ez doaz kioskora kazetara erostera. Errealitate hori kontuan hartu behar da. Identitatearen indarra eta altermundializazioa uztartu behar dira teknologia berrienak erabiliz.

Lau osagaiok ideia bakar batean bildu daitezke: ezker abertzale berriaren trantsizioa obratzeko beste kultura politiko bat garatu behar da.

Nire zorionik beroenak Gernikako dokumentua sinatu duten guztiei. Bazen garaia.

Tsunamia

2010.09.22 (4:24 pm)
Daniel Maeztu, Aralar-ko legebiltzarkidea
Daniel Maeztu, Aralar-ko legebiltzarkidea

Politikagintzan ohikoa izaten da topikoak entzutea, eta topikoen erredundantzia horrekin aspertu egiten dugu herritarra. ETAri buruz ari garenean ere mezuak eta hausnarketak errepikatu egiten ditugu, eta gaia Euskal Herriko zein Espainiako politikagintzaren borroka dialektikoaren eredugarri izan daiteke. Zerbait berria eta eraikitzailea esatea zaila da.

ETAren bigarren komunikatuaren inguruko iritziaz galdetu zioten kazetariek Mikel Basabe legebiltzarkideari. “Hobe da ETAren komunikatuen inguruan aritzea, atentatuen inguruan aritzea baino”, erantzun zuen. Basabek agerikoa dirudien zerbait esan zuen, baina esaldiaren edukia askoz ere sakonagoa izan daiteke.

ETAk komunikatuak argitara ematen dituen bitartean pozik izango gara herritar gehienak, horrek zera esan nahi duelako, atea ireki dela eta talde armatuak aurrerapauso bat eman duela, beste ate bat izteko. Emandako urratsarekin herri honek eta alboko herriek bizi izan duten sufrimenduarekin bukatzeko bidean beste mugarri bat jarri da. Batek baino gehiagok esango du ETAren urratsa izan aurretik alderdi politikoek eta euskal gizarteak egina zeukala dagoeneko bide horren hasiera. Eta egia da, Euskal Aberri berria eraikitzeko olatua aspaldi sortu zen.

Olatu hori gerturatzen doa txiri -txiri kostalderantz. Olatu txikia zena apurka- apurka hasi da hazten eta aparra sortzen. Hartu du abiada. Gura dugu, ordea, gure olatuak kostaldearekin topo egiten duenean, txipli–txapla, segundo batetik bestera ez desagertzea. Gura dugu olatuaren indarra sakabanatu beharrean, olatua tsunami bilakatzea eta kostaldetik harago joatea. Olatuak tsunami izateko eragile ezkertiarren, mugimendu sozialen, eta orokorrean ezkerreko gizarte abertzalearen beharra du; horien guztien grina eta lan egiteko kemena, tsunamiak lurrean uzten duen aparra hedatzeko eta Euskal Aberri berria ezkertiarra, justuagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko.

Bake prozesu baterako baldintzak: itzulezintasuna eta legalizazioa

2010.09.17 (12:10 pm)

Lokarrik emandako prentsaurrekoaren zati bat, zeinetan bake-prozesu bat bideragarri izateko baldintzak azaltzen dituen Paul Riosek: itzulezintasuna eta legalizazioa. Irakurri testu osoa

Beste aro baten hasieran

2010.09.06 (2:41 pm)

Rebeka Ubera, Aralarreko Antolaketa Idazkaria

Irailaren 5ean, berri garrantzitsu bat izan dugu gure artean, nire uste apalean, behintzat, oso garrantzitsua, eta pozez hartu beharrekoa. Nahiz eta egia izan ez dela izan espero genuena, eta herritarrengan ez duela ilusio gehiegirik sortu. Hau da, agente garrantzitsuenek, hots, herritarrek, itxaropen handia zutelako. Eta aitortu behar dugu alderdi politikook zer esan handia izan dugula, beste eragile batzuekin batera, desilusio hori eraikitzen. Hala ere, pentsatzen dut alderdi politiko eta politikariengan dagoen desprestigioa gehiegizkoa dela, eta politikan ere orotariko pertsonak aurkitzen ditugula: langileak, alferrak, interes orokorren alde dihardutenak edo eta interes partikularren menpe dihardutenak. Baina, tira, atzoko berriak garai berrien atarian jartzen gaitu, eta helmuga izan beharrean abiapuntua izan behar du. Akuilua suposatu behar du guztiontzat, itxaropena oinarri izanik, orain arte egindako bakegintzaren eta normalkuntzaren alde gauzatutako lanari jarraipena emateko, oraindik eta gogo gehiagorekin. Eta ez bakarrik alderdi politikook, baita eragile desberdinak ere: elkarte, sindikatu, mugimendu, herritar xumeak. Denon artean, denontzako. Lagundu egin behar dugu bakegintza bidean urratsak ematen, azken helburua lortu arte. Eskuzabaltasunez jokatu behar dugu.
Orain bada garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko, hizkuntza dialektikak alde batera uzteko eta ekintzen bidez erakusteko zeintzuk diren gure benetako helburuak. Zer egin handia daukagu aurretik. Erronka polita bezain gogorra. Baina garbi izan behar dugu gatazka politikoa ez zela hasi ETArekin eta ez dela ETAren amaierarekin bukatuko. Desberdindu behar ditugu gatazka armatua, nolabait esatearren, eta gatazka politikoa. Garbi dago gatazka politikoak jarraituko duela. Nahiz eta, oraindik ere, gatazka armatuaren bukaeraren hasieran besterik ez gauden. Beraz, urratsez urrats, poliki, zuhurtziaz, gauzak ondo eginez, baina tinkotasunez.

Eta bide horretan ezin gara ahaztu pertsonez, alde bateko zein besteko pertsonez, praktikara eramaten ditugun urratsek pertsonak izan behar dituztelako ardatz. Giza eskubideak.

Herri honetan, dagoeneko sufrimendu gehiegi egon delako eta oraindik ere dagoelako, alde guztietan. Hor ditugu presoak, biktimak, kaltetuak…

Ondorioz, eman daitezkeen urratsak edota emango diren urratsak kromo trukaketatik kanpo geratu behar dira, alderdi interesetatik, gobernu interesetatik kanpo geratu behar dira, bestela ezartzen joango garen lur-zorua ez delako sendoa izango. Ezin ditugu lehengo akatsak errepikatu, honek guztiak itzulezina izan behar duelako. Herritarrak inplikatzea lortzeko, herritarrekin bidea egiteko, ilusioa pizteko.

Errealitatera bueltatuz, eta hankak lurrean jarriaz… Hau guzti hau oso ondo dago, baina ekintza konkretuetara pasaz, eta orain zer? Hasteko, urrats hauek aipatuko nituzke, bederen:

1.-Legalizazioa ez litzateke izan behar trukerako txanpona. Ez dagoelako pertsona ilegalik, ez dagoelako kolektibo ilegalik. Giza eskubideetan eta printzipioetan oinarritutakoa delako. Oinarri demokratikoetako minimoa delako legalizazioa. Beraz, ildo horretan, Batasuna legala izan beharko litzateke.

2.-Eman beharreko beste pausu bat ETAren aldebakarreko eta behin betiko su-etena da, ordainik gabekoa.

3.-Euskal preso politikoak, lehen fase batean, euskal kartzeletara ekarri, helburua amnistia izanik.

Beraz, izan gaitezen ausartak, begira dezagun atzera lehengo akatsetatik ikasteko eta, begirada etorkizunean jarrita, har dezagun denok ilusioz beteriko motxila eta has gaitezen ibiltzen pausoz pauso ondoan ditugunei eta hain hurbil ez ditugunei ere eskua luzatuz.

Itxaropenari leiho

2010.09.06 (2:40 pm)

Xabier Isasi, EHUko irakasle
Xabier Isasi Balanzategi, EHUko irakasle

Mariak gonbidatu nau blog honetan parte hartzeko. Zalantzan nago zerbaitetarako balio duen baina ez diot ezetzik esan eta hemen nago. Mariak erakutsi dizkidan kemenak eta engaiamenduak lotu nau gonbidapena onartzen. Idazten hasi aurretik orain artean idatzitakoak irakurtzen ibili naiz. Denetarik ikusi dut: etsipena, adorea, zalantza, aldarrikapena, kezka, tristura eta itxaropena.

Halaber, diferentziak antzeman ditut euskaraz eta gaztelaniazko iritzien artean. Ez bakarrik tamainan, gaztelaniazkoak gehiago eta zabalagoak baitira, baita ere itxura eta edukietan. Horrelako zerbait itxaron nuen, egia esanda. Kuxkuxero lan horietan niharduela, ETAren agiria eta agerraldia etorri da. Hau kasualitatea! Bakeaz eta gatazken konponbideaz zerbait idazten hasi behar nuela etorri da berri hori.

ETAren agiria irakurri ondoren, bi ideia geratu zaizkit, bat, ETAk bere jarduera armatua eten egin duela eta, bi, eragile politiko eta sozialen esku uzten duela hurrengo urratsa. ETAren agerraldiaren aurrean izandako erantzunak, beste aldetik, ñabarduraz ñabardura, bi ideia horiek azpimarratzen dituzte.

Askok, gehienek akaso, uzkur epaitu dute ETAren adierazpena eta ez dela nahikoa iritzi diote. ETA paretik kentzen ez bada ez dagoela ezer egiterik adierazi dute. Beste batzuk, gutxiengoa agian, uste dute egoera berriari ateak ireki zaizkiola. Politikagintzaren etxean egon badago itxaropenaren leihoa, alabaina, egon arren, ez da erraz irekitzen. Oraindik orain, ez dakit ondo prozesu politikoaz, bakeaz, adiskidetzeaz edo gatazkaren iraupenaz ari garen. Seguru asko, aipatu guztiak, eta gehiago, kate bereko katebegiak baino ez dira eta gutako bakoitzak katebegi jakinari loturik goazkio. Arazoa, ordea, aurrerabidean mugitzekotan, guztiok norabide berean tira egin behar dugula. Ezinezkorik ez bada, zaila da, adiskideak. Halere, katetik tira dezagun.

Brian Currinen balorazioa ETAren komunikatuaz

2010.09.06 (12:31 pm)

Bere interesagatik, ekintza armatuak ez gauzatzeko ETAren erabakia aztertuz Brian Currinek egindako balorazioaren komunikatua erreproduzitzen dugu:

ETA euskal talde separatistaren adierazpena, “ekintza armatuak ez gauzatzeko” duela hilabete batzuk hartu zuen erabakia publiko eginez, gertakari positiboa da Euskal Herrian itzultzerik izango ez duen borroka armatuaren eta indarkeriaren amaiera iraunkor baterako prozesuan.

Borroka armatuaren eten iraunkorra iragarri ez badu ere, euskal herritarren gehiengoaren nahiak errespetatuz Euskal Herriarentzat marko demokratiko bat eraikitzeko unea iritsi dela esan du. Urte honen hasieran Ezker Abertzaleko baseek hartutako erabakiaren testuinguruan irakurri behar da hau. Erabaki horrek zera biltzen zuen: indarkeria-ezaren eta soilik baliabide baketsuen aldeko beren buruzagien jarrera sostengatzea, indarkeria-ezaren itzuliezintasuna exigitzen duten Mitchell Printzipioak izenpetzeko konpromisoarekin batera.

Beren erantzunean, EAko buruzagi politikoek “Zutik Euskal Herria” testuinguruan interpretatzen dute ETAren komunikatua eta Bruselako Adierzpenaren testuinguruan, Euskal Herrian soilik indarkeriarik ez darabilten eta demokratikoak diren baliabideen aldi berri honen itzuliezintasunaren pauso bat gehiago bezala.

2010eko irailaren 5eko adierazpenaren handitasuna eta garrantzi historikoa ez datza su-etenaren iragarpenean, baizik eta ekintza armatuak ez gauzatzeko bere erabakia baldintzagabea eta aldebakarrekoa izatean, eta bestetik, ETAren erabakia Ezker Abertzalearen buruzagitza politikoaren eta euskal herritarrek adierazitako borondatearen erantzuna edo ondorio izatea da garrantzitsua. Hau, bere horretan, jada garaipen bat da politikarako eta demokraziarako.