Kale oinean
2010.06.03 (11:33 am)
Bakeranzko prozesuan herritarren partaidetza eragiteko eta bultzatzeko asmoz duela urte bat baino gehiago Lokarrik interneteko sare sozialetan lan egiteko erronkari aurre egin zionean, teknologia berrien erabilera ohiko eredu presentzialean oinarrituriko ekintzekin bateragarri egiteko helburuz erabaki zuen. Denbora hori iragan delarik, esan dezakegu bi bideak paraleloki ari direla igarotzen, molde biek elkarri eragiteko gune ugarirekin eta arrakastaz. Lokarriren presentzia sendoak Facebook-en, Twitter-en edo Youtube-n eta 2.0ko erraminta ugariren erabilerak (wikiak, Delicious, Google Groups…) agerian uzten dute Lokarri aktiboki ari dela mugitzen sarean. Gainera, denbora honetan zehar Lokarrik antolatu dituen hitzaldiek, Herrialde Batzarrek, Foroen topaketek eta kalean gauzaturiko esperientzia ezberdinek nabarmentzen dute herritarren partaidetza presentzialak ere indarrean darraiela eta irmoki errotua sentsibilizaziorako eta inplikaziorako molde bezala.
Horren fede eman zuten iragan larunbatean, maiatzaren 29an, Donostia, Bilbo eta Hernaniko karriketan Bruselako Adierazpena ezagutzera emanez parte hartu zuten 46 lagunek. Atzerabueltarik izango ez duen bake prozesu bati ekiteko aukera dakar gatazka armatuen konponketan aditu diren nazioarteko 20 eragilek izenpeturiko xede oneko agiri horrek eta gogotik helarazi zuten 46 pertsona horiek inoiz ezagutu gabeko aukeraren garrantzia. Itxaropena berri ere zabalik da Bruselako Adierazpenari esker. Tentu eta zuhurtzia handiz bada ere, herritar guztion bizkarretan zamatuak ditugun etsipen pisutsuengatik, ilusioak hartu gaitu berriz ere. Joan den larunbatean nabarmendu egin zen konfidantza hori, bere lehen pausoak ematen ari denari eskutik tinko eusteko gogo hori bere ahalegina finkatu dezan. Aurrena Elkarrin eta ondoren Lokarrin bakeranzko bide zaila ibiliz urte ugari daramatzatenetik, hazten ari den aukerak erakarrita bertaratu ziren belaunaldi berrietara bildu ziren kalean “ezin dugu galtzen utzi bakea lortzeko zabaldu den aukera” esateko.
Baina bidegabe jokatuko genuke iragan larunbatean bildatuko laguntzaileek Adierazpenaren edukiak azaltzeko eta atxikimenduak eskatzeko orduan erakutsitako gogoari soilik eskainiko bagenioke gure arreta, izan ere, bakera gida gaitzakeen bide bat, errail bat dagoela ezagutzera emateko borondatea apirilaren 24tik bitago presente. Egun horretan hainbat pertsona karrikaratu ziren Galdakao, Getxo, Gasteiz eta Donostian egun gutxi lehenago Lokarrik abian jarritako “Bake prozesuari bai” kanpaina bultzatzera. Ondoren, bultzada hori herriz herri igaroz joan da, toki batzuetan behin baino gehiagotan karrikaratuz: Barakaldo, Bilbo (Abando, Indautxu eta Alde Zaharra) Portugalete, Lazkao, Beasain, Deba, Tolosa, Errenteria, Iruñea, Barañain eta Burlatan, besteak beste, izan dira Lokarriko laguntzaileak Bruselako Adierazpena lau haizetara zabaltzen. Eta badirudi indarrak ez direla makaldu, oraindik antzematen baita mahaiak hedatu, kartelak itsatsi, informaziorako eskuorriak txukun ipini, banatu eta azalpenak emateko gogoa. Datorren igande honetan, adibidez, Gipuzkoako Antzuola herria izango da hautatuko eszenatokia.
Itxaropena kutsatzen hasia da bakearekin konprometituta gauden pertsonen artean, baina ez zimendu ahulen gainean eraikitako itxaropena, baizik eta elkarrizketatik eta pertsona guztien eskubideekiko errespetutik abiatuta konponbideen bilaketan aktiboki laguntzeko borondatean oinarrituta. Eskerrik asko zuen giza adeitasunaren bidez kalean mezu hori helarazten jakin duzuen guztiei. Baina eskerrik asko ere bai internet bidez, bai Lokarri garatzen ari den mahai-inguru zikloan parte-hartuz, bai beste baliabide batzuen bitartez, errail berri honetan bultzaka ari zareten guztiei.







