bannerbanner



Brian Currin: “Mesedez, ez ezazue galdu itxaropena”

2010.05.31 (10:48 am)
Maialen Lizarralde
Maialen Lizarralde, Lokarri

Joan zen maiatzaren 19an Brian Currin abokatu hegoafrikarrak Lokarrik eta Fundació per la Pau-k antolatutako hitzaldia eskaini zuen Bartzelonan. Bertan, 90 bat lagunen arretapean, Euskal Herrian bakea lortzeko aukeren inguruan aritu zen hainbat gatazketan eskarmentu handiko abokatu hau.

Ezker Abertzalearen barne-eztabaidan egin duen lana gogorarazi ondoren, ilegalizazioak ekarri zituen oztopoak nabarmendu zituen: “ezin da bake prozesu arrakastatsurik egon ilegalizazioak dakartzan ondorioekin”. Ezker Abertzaleak egindako pausoen garrantzia berretsi zuen. ‘Zutik Euskal Herria, Iruñeko Adierazpena edo Bruselako Adierazpenak irekitako bideak 3 gauza lortzera eraman du Ezker Abertzalea: 1) babes soziala lortzea, 2) beste alderdiekin konfiantza garatzea eta 3) indarkeria-ezarekin aldebakarreko konpromiso atzeraezina.

ETA su-eten inplizitu batean egon daitekeela esan zuen Currinek: “asko harrituko ninduke orain atentatu bat egingo balute”. Ezker Abertzalea ETA konbentzitzen ari dela esan zuen indarkeria uzteko.

Currinen ustez, unea iritsi da Madrilek pausoak eman ditzan: Ezker Abertzaleko buruak askatu bide berri honetan lan egin dezaten, presoak hurbildu, Batasuna legeztatu… Zapateroren “ibilbide interesgarriaz” aritu zen eta “bakearen presidente” bezala ikustea gustatuko litzaiokeela azaldu zuen: “berak ez badu egiten, hurrengo presidenteak egingo du”.

Galdera eta hausnarketen unean hainbat ideia atera ziren zinez plurala zen publikotik, non ETAren biktimak, Ezker Abertzaleko edo PSOEko kideak bildu ziren: sinesgarritasun gabezia, epeen malgutasun beharra, presoen garrantzia prozesuan parte har dezaten, prozesuaren izaera irekiaren garrantzia, biktimen mina eta haserrea…

Hala borobildu zuen Brian Currinek hitzaldia: “Mesedez, ez ezazue itxaropena galdu. Eskerrik asko eta zorte on.”

Egoerak hoberantz egin dezan aurrera egin behar dugu

2010.05.20 (11:51 am)

Alex Roteta, Lokarriko kidea
Alex Roteta, Lokarriko kidea

Pasa den maiatzaren 18-an Zarautz-ko Euskadiko Kutxaren Aretoan “Nola sendotu bakerako aukera?” galderaren inguruan antolatu zen mahai ingurura agertu ziren 11 herritarrek arreta handiz jarraitu zituzten EHU-ko nazioarteko zuzenbidetza pribatuan katedraduna den Juan Jose Alvarez-en eta Lokarriko Koordinazio Batzordeko Iñaki Arzak kidearen hausnarketak.

Iñaki Arzak-ek egungo egoeraren azterketa eginez hasi zuen bere txanda. Ondoren, Bruselako Adierazpenaren ekarpenak azpirratzeaz gainera, etorkizunean aurreikusi daitezkeen oztopo nagusiak ere aipatu zituen, halanola ETA eta Gobernuaren jarrerak eta alderdien artean zabalduegia dagoen mesfidantza. Amaitzeko, Ezker Abertzaleak azken hilabeteotan eman dituen pausoak direla eta, gure betebeharra eskua luzatzea dela argudiatu zuen.

Juan Jose Alvarez-ek egoeraren eremu etikoa, politikoa nahiz juridikoa aztertzeaz gain hainbat adibide zehatz ere aipatu zituen, moeta askotako injustiziek beraiekin dakartzaten kalteak adierazteko. Bakerako aukerak aprobetxatze aldera, optimismo eta pesimismo itsuak kaltegarriak direla esan eta neutralitatea ez bilatzeko gomendioa egiteaz gain, gizarte moduan etikoki blindatuak beharko genukela baieztatu zuen. Etorkizun hobe baten bila aurrera jarraitu beharko genukela proposatuz bukatu zuen bere hausnarketa.

Oso interesgarria gertatu zen amaierako galdera-erantzunen tartea ere. Parte hartzea oso zabala izan zen eta eritziak era askotakoak: biktimak, Ezker Abertzalearen estrategia, tortura, etab.

Brian Currinen hitzaldia blog honetan ikusgai. Asteazkena, maiatzak 19, 19.30. Zuzenean, streaming bidez.

2010.05.17 (11:28 am)

Lokarrik eta eta Fundació per la Pau erakundeak antolatuta, etzi, maiatzak 19, Brian Currinek Bartzelonan 19.030ean emango duen hitzaldia blog honetan izango da ikusgai zuzenean streaming bidez.

“Bakerako aukerak” izenburupean, Euskal Herrian bakeranzko bidean zabaltzen ari diren aukerak azertuko ditu abokatu hegoafrikarrak Bartzelonako Pompeu Fabrako Unibertsitatean.

Brian Currin nazioarteko bitartekari aktiboenetako bat da bake-prozesutan. Hegoafrikako eta Irlandako bake prozesuetan parte hartu du. Bere jatorrizko herrialdean Hegoafrikako Egiaren eta Berradiskidetzearen Batzordean aritu zen eta ondoren Ipar Irlandako Epaiak Berraztertzeko Batzordea koordinatu zuen. Harrezkero, Sri Lankako, Ruandako eta Ekialde Hurbileko bake prozesuetan jardun da.

Euskal errealitatea ere oso ongi ezagutzen duela erakutsi du azken hilabeteetan Currinek. Lokarrik bitan izan du Currinekin elkarlanean hitzaldia emateko plazerra, lehendabizikoa iragan urrian Donostian eta bigarrena otsailean Madrilen. Hitzaldi horietan adierazi zuenez, Ezker Abertzalearekin lankidetzan jardun da azken gertakarietan agerian geratzen ari den estretegia berria diseinatzeko, zeinari esker bide bat ari den zabaltzen bakerako aukerak dituen eszenatoki berri baterako.  Bruselako Adierazpena izenekoa bultzatu du, halaber, Currinek. Nazioarteko 20 eragilek sinaturiko adierazpen horretan su-eten iraunkorra eskatzen zaio ETAri batetik, eta bestetik, Gobernuari su-etenari eratzun egokia ematea.

Horregatik, aukera oso garrantzitsua da une giltzarri honetan Brian Currinen azterketa eta hausnarketak entzuteko parada izatea.

Aurrera bolie bakea lortu arte!

2010.05.07 (2:10 pm)

Maialen Lizarralde, Lokarri

Arrasateko esamolde honekin bukatu zuen Xabier Letona kazetariak bere hausnarketa joan zen asteazkena maiatzak 5 Donostiako Ernest Lluch aretoan Lokarrik antolatutako mahai-inguruan. Bertan, Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak, Xabier Letona Argiako zuzendariak eta Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak bakerako aukerak sendotzeko hausnarketak konparitu zizkieten hitzaldira bertaratu ziren 40 bat pertsonei.

Paul Riosek, azken hilabeteotako gertakariak gogoratu ondoren, Ezker Abertzalea ematen ari den pausoen garrantzia nabarmendu zuen. “Arduragabekeria da Ezker Abertzalearen pausoetan ezer berririk ez dagoela esatea”, baieztatu zuen. Aukerak bai, beraz, baina baita zailtasunak ere: ETAren asmoak, zehaztasun gabezia, konfiantza falta… Horregatik gizartearen babesa ezinbestekotzat jo zuen aukerek indarra hartu dezaten oztopoen gainetik.

Xabier Letonarentzat, bakerako aukerak sendotzeko modu asko daude, baina funtsezkoa, bakarra: Ezker Abertzalearen prozesua bultzatzea eta gizarteratzea daukan ahalmen ikaragarriarengatik borroka armatua behingoz atzean uzteko. Bakea eraikitzeko “laukotea” jada badugula esan zuen: Anoeta, Mitchell printzipioak, unilateralitatea eta subiranotasuna. Bestalde, Gobernua eta PSE-ren estrategia “egurra eta azenario” bezala definitu zuen, hau da, zigorra eta ordainsaria. Izenburutzat jarritako esaera itxaropentsuaren bukatu zuen.

Paul Rios, Xabier Letona, Maialen Lizarralde eta Martxelo Otamendi
Paul Rios, Xabier Letona, Maialen Lizarralde eta Martxelo Otamendi

Martxelo Otamendik, bukatzeko, gizartearen bultzadaren garrantzia berretsi zuen: “aspaldi ez bezala, jendea ilusionatuta dago”. Ezker Abertzalearen pausoen garrantziarekin bat etorri zen, baina beste eragileen mugimenduetan ere jarri zuen arreta, “ez dago debaldeko erreakziorik” esanez. Era berean, su-eten posible baten aurrean, hainbat galdera bota zituen: Ze su-eten klase izango da? Ze metodologiarekin? Nori zuzenduta, Gobernuari ala abertzaleei?

Solasaldia borobiltzeko, hainbat galdera eta hausnarketa azaldu ziren entzuleen artean: Egiaren Komisio posible bat, Bateraguneren atxiloketen zergatia edo borroka-ereduak nola aldatu, adibidez.

Bakerako aukerak nola sendotu, beraz? Horrats hainbat gogoeta.