bannerbanner



Hamar galdera bakeaz

2010.03.29 (9:13 pm)

Imanol Epelde, blogaria

Imanol Epelde, blogaria

Bale listo. Iritsi da. Eskatua bete da. ETAk armak utzi ditu. Entregatu ditu oraindik ezkutuan zituen zulo bakanak. Hitz eman du ez duela indarrik erabiliko gehiago. 50 urte luuuzeren historiari jarri dio azken puntu eta apartea. Eta iritsi da bakea herri honetara. Azkenean.

1. Orduan, euskara bezalako hizkuntza gutxituari arnas emango liokete Espainiako eta Frantziako estatuek genozidio etnoliginguistikoari aurre eginez?
2. Espainiako Konstituzioaren bigarren artikulua desagerraraziko litzateke autodeterminazio eskubidea onetsita? Eta mota guztietako herri erreferendumak baimenduko?
3. Hedabideek indarkeria eta sexu bortizkeria emititzeari utziko liokete?
4. Udalbiltza bezalako ekimenak antolatzeagatik ez al lituzkete kartzeleratuko politikariak?
5. Bankariek diruaren etikaz hitz egiteari utziko liokete akaso?
6. Jendea telebistako kaka esplikatzeko saioetaz libratuko lukete?
7. Eusko Jaurlaritzak euskal enpresak arma eta gerra negoziotan aberasteko bideari egingo lioke uko?
8. Europar Batasunak kultura irekia indartzeko politikak jarriko ote lituzke abian?
9. Auzitegiek onartuko al lukete herri politiko hau izendatzeko Euskal Herria terminoa?
10. Hedabideek utziko diote gezurraren bidez mina sortzeari?

Eta segi nezake. Luzaz. Biolentziak ere ostadarrak adina kolore baititu.
Bakearen inguruan hitz egiteko eskatu digute blog honetan. Eta indarkeriaz mintzo zarete, ETAren indarkeriaz gehienak. Asko eta asko arrazoiz. Baina, lagunok, 10 galdera horietakoren bati erantzungo zeniokete baietz?

Madrilerako bidai baten kronika

2010.03.26 (3:52 pm)

Maialen Lizarralde, Lokarri

Atzo, osteguna martxoak 25, Lokarriren ordezkari-talde batek Madrilera bidaiatu zuen Ezker Abertzaleko buruen askatasuna eskatzeko 2.896 sinadurekin, Auzitegi Nazionalean eta espainiar Gobernuan uzteko, eta baita Arnaldo Otegiri gutun bat emateko ere kanpainaren inguruan informatuz.

Lau orduko errepide bidaia egin ondoren Auzitegi Nazionalera iritsi ginen, eta han zeuden Madrilgo Lokarriren kideak, zain. Eskaerak aurkeztu genituen 5. Instrukzioko Epaitegian, zorionez azalpen gehiegi eman behar gabe, eta papera zigilatuta La Moncloa aldera abiatu ginen. Erregistrotik eskaera zigilatuta atera ginen hemen ere, eta bazkaltzeko geldialdia eginda, Arnaldo Otegi espetxeratuta dagoen Navalcarneroko presondegira joan ginen. Asmoa gutun bat helaraztea zen kanpainaren inguruan informatuz, baina autoritateek ez zuten hartzea onartu, gutunak Correos bidez soilik bidali daitezkela esanez.

Hiru etapak burututa, Ezker Abertzaleko buruentzako eskaera izenpetu zuten 2.896 pertsonekin hartutako konpromisoa betetzat eman genuen, non oinarrizko askatasun demokratikoen errespetua eta beren estrategia aukera beretan garatzeko oztopoak etetea eskatzen dugun. Orain bizi dugun momentuak hala izatea exijitzen du, bakea posible izango den egoera eraikitzaile bateruntz aurrera egin ahal izateko.

Beti hasten inora ez heltzeko

2010.03.25 (9:21 am)

Baleren Bakaikoa Azurmendi, EHUko irakaslea
Baleren Bakaikoa Azurmendi, EHUko irakaslea

Urteak daramatzagu bake prozesuaren inguruan mintzatzen eta bide horretatik urratsak eman nahian. Baina beti oztoporen batekin aurkitzen da ditxosozko prozesu hori eta dena hondamendian geratzen da. Eta jakina, euskal hiritarrok oraindik depresio batean ez bagara erori ere, desanimua hezurretaraino iritsita daukagu. Azkenean tratamendu psikiatriko kolektiboa beharko dugu, helmugara inoiz ez garela heldukoaren sentsazioa barneratzen ari baikara.

Porrot batetik bestera. Frakasotik berrastera leku berera heltzeko. Badirudi Sisiforen ikasle aurreratuak direla: harria mendi tontorrera igo eta heltzear dagoenean, erori, berriro igotzen hasteko. Sisifok, gutxienez, berarentzat egiten zuen, baina gure salbatzaileak guztion ongizatea nahi omen dute, nahiz eskaintzen diguten ongizate hori arbuiatzen dugun. Hala ere, tamalez hor diraute.

Bestalde, harrigarria da belaunaldi berria ETAren zuzendaritzara iristen denean, aurreko zuzendaritzak burutu zuen guztia hankaz gora jartzen dutelako, esanez bezala,” zuek gaizki egin duzuena guk konponduko dugu”. Baina hankak lurrean jarri ahala eta errealitateak beste itxura bat hartu ahala, aurreko jarrera oldarkorra aldatu egiten dute eta porrot berri baterako ateak irekita geratzen dira. Badirudi “ad infinitum” jarraitu behar dugula. Amaierarik gabe. Beraz, belaunaldien arazo larria dago eta agintaritza sendo eta iraunkorra izatera heltzen ez den bitartean, horrela jarraituko du. Eta hau guztia estatuak badaki, jakin ere,eta nahi duen adina profitatzen da.

Guztiau ez da berria. Izan ere, ETAko militarrek horrelako joera izan dute bere historian zehar eta politikoei burua makurrarazi die, ahulezian egon diren garaietan salbu. Eta gaur egun, badirudi, ahul daudela eta hortik ezker abertzaleko politikariak askatasun aroan baleuden bezala jokatzen ari diren. Baina erakunde militarrak indarrak biltzea erdiesten badu, berriro, sugeak burua altxatuko du. Tamalez.

Frankismoaren garai ilunetik etakide askok heroien irudiarekin herriratu ziren eta hainbat militanteen izenekin bataiatu ziren herri eta hirietako plaza eta kale ugari. Francoren aurka eta Euskal Herriaren alde borrokatu zutenaren ikur ziren hainbat eta hainbat herritarrentzat. Baina guztiau haizeak eraman du eta garai haietan heroiak zirenak gaur, gehienentzat, bilau bilakatu dira, atzerabiderik gabe gainera. Sinbolokoa bada ere, hau da jasotzen ari diren ordaina. Nahiz konparaketak ez diren oso osasuntsuak izaten, hala ere, esan dezakegu antzeko zerbait gertatu zitzaiela karlistei eta jakin, badakigu, azkenean estatu autoritario eta zentralistari jokoa egiten amaitu zutela.

Hau guztia ETAren estrategia okerraren ondorioa besterik ez da. Izan ere, estatuari aurre egiteko beronen arma berak inoiz ezin daitezke erabil. Estatuen ahulezia ez da militargintzatik azalduko, demokrazia-defizitaren aldetik baizik. Defizit hau bere gordintasunean ikusi behar dugu hiritarrok, bai euskaldunok, baita espainiarrek ere. Gero joango gara Europako beste herrialdetara, baina lehenbizi etxeko lanak ondo egin behar ditugu. Hala ere, orain arte bezala, Europako erakundeetatik gutxi itxaron dezakegu, beste helburu batzuetarako sortu zelako.

Beraz, egoera anker honetatik irteteko ETAk bere estrategia aldatu beharra dauka. Baina boxeolari bat erdi jota dagoenean aholkuak ematea ez da oso erraza eta ETA, zalantzarik gabe, egoera horretan dago. Are gehiago Frantziako estatuak bere aurka gauzatuko dituen neurri berrien ondorioz. Erakunde militarra ez dute erabat garaituko, baina bai ordea ia osoki kontrolatu eta egoera horretaz jabearaztea izan behar luke ezker abertzalearen lehen eginkizuna, bestela jai baitauka.

Bakearen trena noiz hartuko zain

2010.03.15 (10:37 am)

Erramun Osa, idazlea
Erramun Osa, idazlea

Indarkeria helburu politikoak lortzeko asmoz darabilen mugimendu politikoak ez du, itxuraz, aukera galduetan sinesten. Izan ere, haiengana irtenbide baten bila hurreratzen den ororen posizio politikoa ahuleziatzat jotzen du, eta haiena, aldiz, indartsutzat, esentzien eta oinarrizko printzipioen ustezko gotorleku. Haatik, akordio bat lortzeko peskizan, hasiera batean izan ditzakeen langak etengabe goratzen ditu, harik eta, mahaiaren bestaldean dagoenak akordioa ez dela posible ikusi eta amore ematen duen arte.

Hurrengo trena etorri etorriko da! Diote. Haren zain egotea besterik ez da behar! Gaineratuz.

Eta trenak badatoz… eta badoaz. Euskal gizarteak aterabidea geroz eta urrunago, ezinezkoa antzeman duen arte, horrenbeste non euskal gizartea sektore horiekiko geroz eta urrunago ez ezik haren joan-etorriaz, etorkizunaz sentiberago azaltzen den.

Nago indarkeria gainditzeko askatu beharreko egiazko korapiloa ez dela, batzuek uste dutenaren kontra, ditxosozko eta, inor bazterrean utzi gabe, gainditu beharreko gatazka politikoa. Hori noizbait zatekeen, beharbada. Alabaina, gatazkarena estalpe bat besterik ez dela iruditzen zait. Murrizten ari zaizkion babesak nola hala mantentzeko estakurua besterik ez dela begitantzen zait. Izan ere, askozaz oinarrizkoagoa da arazoa, eta horregatik konpontzen zailagoa da, nire ustez. Borondate ororen gainetik gutxiengo batek gainerako guzti-guztiei haienak diren printzipioak-eta ezartzeko fosildu den kultura politikoa, hain zuzen. Izan ere, ez ditugu gizarte ireki askotariko batean ezinbestekoak zaizkigun bizikidetzarako oinarrizko arauak partekatzen. Ez dugu lagun hurkoa den bezalakoa onartu nahi; ez dugu, finean, denona edota denontzat dena, gure herria, elkarrekin eraiki nahi!

Horrexegatik, ezker abertzaleak azkenaldiotan egin dituen urratsetan zein adierazpenetan ez dut sinesten. Are gehiago, horiek guztiak galdutako oihartzuna berreskuratzen ahalegintzeko marketin operazioa, ez besterik, direla iruditzen zaizkit, eskubideen murriztailea ez ezik bidegabea ere baden Alderdien Legeak azken bozgorailuetatik botako dituen talaiei nola hala eusteko egindako alferreko ahalegina, akaso. Horregatik, arazoaren muinera jo beharko genuke, nire ustez, bizikidetzarako oinarrizko zorua eta habeak partekatzetik, horien baitan indarkeriak ez baitu ez arrazoibiderik, ez zentzurik eta are gutxiago etorkizunik.

Ez iezaiozu ihes egiten utzi aukera honi

2010.03.10 (4:39 pm)

Ezker Abertzalearen azken adierazpenek garbi erakusten diote gaitzespena indarkeriari? Uste duzu Michell Printzipioen onarpena nahikoa izango dela Ezker Abertzalea legeztatzeko? Zer egin beharko lukete Gobernuak eta alderdiek bake prozesu bati laguntzeko?

Lokarrik bultzaturiko Bake Prozesuaren Behatoki Sozialak kaleratutako galdetegi berriak aurkezten dituen galderetako batzuk dira goiko horiek. Galdetegia erantzutera animatzen zaitugu.

Minutu gutxi batzuk baino ez dituzu beharko bake prozesu bat garatzen lagun dezaketen zure erantzunak edota ekarpenak uzteko.

Euskarak ez duela gatazkarekin zerikusirik

2010.03.09 (10:04 am)
Mattin Amundarain, eredugilea
Mattin Amundarain, eredugilea

Euskarak ez duela arazorik. Nor berari erosoen zaion hizkuntzan hitz egin behar dela. Nire ingurunean jaso ditudan jarrera hauek eraman naute honako gogoeta hauek egitera. Banan-banan honako esaldiei erantzutea nahiko nuke.

- Euskarak ez duela gatazkarekin zerikusirik?

Sanzek eta bere lagunek, PP, PSOE eta beste batzuek zergatik dutela uste duzue horrelako interesa euskarari oztopoak jartzeko? Ez al gara kontratu azken aldi hnonetan zein gai bereganatu nahi izan dituen PPk? Hizkuntza hezkuntza, hedabideak… Hizkuntzarekin zerikusia duten guztiak. Euskara indartzeagatik edo suntsitzeagatik? Hauek guk euskaldunok baino balio handiagoa ematen diote euskarari; bait baitakite Euskal Herriari nortasuna, naziotasuna ematen dion bereizgarri nagusia euskara dela. Pentsa honek gatazkarekin zerikusirik duen ala ez; euskara suntsituz gero ez dago Euskal Herririk; orduan kitto euskal arazoa.

Guk, aldiz, euskaldunok, ez diogu duen baliorik ematen euskarari; halako “edukazioa” jaso dugulako edo nonbait. Erdaldunen aurrean euskaraz egitea ez da “edukaziozkoa”; makurtzen irakatsi zaigu, eta guk, inolako zalantzarik gabe, bete-betean onartu dugu makurketa hau. Hau da gure miseria, geu konbentzituta menpeko izan behar dugula!

- Euskarak ez duela arazorik?

Euskal Herriko zein tokitan bizi daiteke euskaraz? Ba al da tokiren bat erdaraz bizi ez daitekeenik? Gutxienez bi hizkuntza horiek, Euskal Herri osoan, maila berara iritsi arte euskara gatazkan dago nire ustez.

- Nor berari erosoen zaion hizkuntzan hitz egin behar dela?

Jarrera honekin lehenean gaude; ia euskaldun guztioi erosoago zaigu erdaldunen aurrean erderaz egitea. Nire ustez, euskaldunok alegindu behar dugu beti euskaraz egiten; komeni da erdaldunak konturatzea haiengatik egiten dugula erdaraz.

Ona izango litzateke, alde edo aurka, gaiaz kezka dutenen artean iritzi trukaketa batzuk egitea.

Brian Currinen hitzaldia Madrilen

2010.03.08 (1:08 pm)

María Lizardi, Lokarri

Otsailaren 23an Madrilen egindako hitzaldiaren laburpena.

Lokarrik antolatutako hitzaldiak arreta handia sortu zuen eta 150 pertsona baino gehiago bertaratu ziren hurrengo bideoan laburtzen ditugun Brian Currinen hitzak entzutera.

Errenterian antolatutako hitzaldiaren bideoa.

Bisita aprobetxatuz, Brian Currinekin kontaktua erraztu zuen Lokarrik Errenterian hitzaldi bat eman zezan, herriko hainbat alderdi politikok antolatuta. Hitzaldi osoa zinez interesgarria da.

Eliza, bakegile

2010.03.02 (10:34 am)

Alvaro Marcos, Ezker Gogoa
Alvaro Marcos, Ezker Gogoa

Aldaketa garaiak dira gure herrian. Ekonomia, gizartea, politika bera… dena dugu aldagai. Krisialdi latzaren adierazle, hondoa jotzen ari garen seinale. Erresistentziak, proposamenak, ildo berriak, betiko errezetak… denetarik agertzen zaigu, nor baino nor lehia bizian. Une interesgarria, ezbairik gabe, behingoz norabide zuzenean abiatzeko.

Eliza ere aztoratuta dabil. Barne eta kanpoko eragileek bultzatuta, hainbat gai, oinarri eta lehentasunak ezbaian daude, jarrera ezberdinen arteko borroka isil edo zaratatsuan. Ez dira ez makalak kristau komunitateak aurrean dituen arazo eta erronkak. Bere zutabe eta oinarri batzuk kolokan jartzen dituztenak.

Testuinguru honetan, Euskal Herrian Elizak landu eta zaindu beharreko gai nagusietariko bat, bakearena alegia, jarrera eta interes ezberdinen jomugan kokatuta dago, aspaldian. Mugimenduak eta adierazpenak jasotzen dira, nolabaiteko “garaipena” lortzeko, norberaren jarrerak orokortzearen aldeko borrokan. Egia esan, nire ustez, urteetan zehar hazitako ondarea eta ikuspegia arriskuan egon daiteke, interes garbiak dituzten presio-talde batzuen eraginagatik.

Horregatik, eskergarria da oso Joan Maria Uriarte gotzain-ohiaren gogoetak noizbehinka entzutea eta barneratzea. Adibidez, duela hilabete batzuk, Forum Europa-Tribuna Euskadin “Gure Eliza bakearen zerbitzura” izenburuko hitzaldia eman zuen, Bilbon. Bertan, berriro ere, elkarrizketaren beharra, etikaren premia eta guztien giza eskubideen defentsa aldarrikatu zituen.

Funtsean, sentsibilitate politiko guztien arteko eta gatazkan diren aldeen arteko elkarrizketa azpimarratu zuen. Horixe da gatazka guztiak gainditzeko benetako bidea. Horregatik, bere ustez, Elizak aldarrikatu eta bultzatu behar du bide hori, etengabe. Horrez gain, baieztapen bat bota zuen: etikarik gabeko politikak ezin du inongo herririk ez eraiki ez baketu. Etikarik gabe, politikak gizatasuna galtzen du, ustelkerian eroriz.

Bizi dugun bake eza horrek eragiten duen sufrimenduaren mapari errepasoa ere eman zion; han dago guztiz arbuiagarria den ETAren indarkeria, begirunea, laguntasuna eta kalte ordaina merezi dituzten biktimak, edo hurbiltasuna jaso behar duten presoekiko familiarrak, besteak beste. Finean, giza eskubideak guztientzako ukaezinak direla esaten du, baita deliturik handienak egin dituztenentzat ere.

Lehen adierazitako aldaketa garai honetan, hitz eta planteamendu hauetan dagoen gizatasuna eta benetakotasuna azpimarratzea egokia dela pentsatzen dut. Pertsonak eta karismak pasatuko direlako, baina funtsean dauden ideiak eta konpromisuak mantentzea denon lana delako. Behintzat, Eliza bakearen zerbitzura nahi dugun guztiontzat. Eliza bakegilea gura dugunontzat.